Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak nabarmendu egin du energia eolikoaren sektorea ondasun komun bat dela ekonomiaren garapenerako eta ingurumenerako

2019.eko apirilak 02
  • 2020. urtean industria euskal ekonomiaren balio erantsi gordinaren % 25 izatea du helburu Eusko Jaurlaritzak

Felipe VII.a erregeak inauguratutako WindEurope Konferentzia eta Erakusketa 2019 ekitaldian parte hartu du gaur goizean Iñigo Urkullu Lehendakariak.

Barakaldoko BECen egin da ekitaldia, eta bertan izan dira baita ere Ekologiaren Trantsizioko ministro Teresa Ribera, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapia, Gobernuko ordezkari Jesús Loza, Bizkaiko Diputatu Nagusi Unai Rementeria, eta Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente Ana Otadui.

Bere jardunean, Eusko Jaurlaritzak energia eolikoaren alde egindako apustua nabarmendu du Lehendakariak. Iñigo Urkulluk esan duenez, sektore honen garapena ondasun komun bat da ekonomiaren garapenerako eta ingurumenerako. Zentzu horretan, Lehendakariak apustua ezartzen den hiru oinarri aipatu ditu: Euskadiko espezializazio adimendunaren RIS 3 programa; industriaren berrikuntza eta digitalizazioa; eta Euskadi munduko erreferente gisa energia eolikoaren sektorean. “Energia eolikoan duen ahalmen industrialagatik Europan ezagun den Erkidegoa da Euskadi”, gaineratu du.

Gainera, Lehendakariak azpimarratu duenez, Herrialde industrial bat da Euskadi. Zentzu horretan adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak helburutzat du industria euskal ekonomiaren balio erantsi gordinaren % 25 izatea 2020. urtean. “Herrialde txiki bat gara, baina mundura eta lankidetzara irekia”, gaineratu du.

Lehendakariak gogora ekarri duenez, EnergiBasque da Euskadiko Estrategia Teknologikoa eta Garapen Industrialekoa. “Konektatuta gaude Europako ikerketa-sare nagusiekin”, zehaztu du. Gainera, adierazi duenez, Estrategia erreferentziazko azpiegiturekin osatzen da ekipo eta osagai eolikoen fabrikazio aurreraturako eta balidaziorako ‒WINDBOX besteak beste‒.

Bere jardunaren ondoren, agintariek bisita bat egin dute standetara. Besteren artean, hauek bisitatu dituzte: AEE, Siemens Gamesa, Iberdrola, TPI Composites, Nordex Acciona, Vestas eta WindEurope. Baita Eusko Jaurlaritzaren standa ere, Euskal Pabiloia izenekoan kokatua, non energia-sektorearen Clusterreko 37 euskal enpresa biltzen diren.

WindEurope 2019 Konferentzia eta Erakusketa

Energia Eolikoaren Europako Elkarteak, WindEurope-k, Bilbao Exhibition Centre-n egingo du 2019ko apirilaren 2tik 4ra bere “WindEurope Conference & Exhibition” ekitaldia. Azoka hau Europako elkarraldi garrantzitsuena da bere espezialitatean, baita elkartearen erreferentziazko ekitaldietako bat ere; batez beste mundu osoko 8.000 profesional bertaratzen dira, eta 400 enpresa erakusketari ere, 50 herrialdetakoak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak