Eu

Cabildo de Lanzaroteko Gizarte Ongizateko kontseilariak euskal telelaguntza-zerbitzua ezagutu du, Bilbon

2019.eko apirilak 02
  • Kanaria uharteetako ordezkaritzak betiON Telelaguntza Zerbitzu Publikoaren instalazio nagusiak bisitatu ditu

Bilbo, 19 03 02

Maite Corujo, Cabildo de Lanzaroteko Gizarte Ekintzako kontseilariak eta Emilio Sola Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuetako zuzendariak bilera egin dute, gaur, betiON Telelaguntza Zerbitzu Publikoaren egoitzan, Bilbon. Topaketan, bi erakundeek eskaintzen dituzten arreta sozialeko eta soziosanitarioko zerbitzuei buruzko esperientziak partekatu dituzte.

Corujo Cabildo de Lanzaroteko ordezkaritzaren buru izan da, eta interesa erakutsi du, Telelaguntzako euskal zerbitzu publikoa zuzenean ezagutzeko; horregatik egin da bilera zerbitzuaren instalazio nagusietan, Bilbon.

Euskadin, betiON zerbitzua bakarrik bizi diren 75 urtetik gorakoei zuzentzen zaie; gizarte-zerbitzuek aitortutako mendekotasun-egoeran edo ahultasun-egoeran bizi diren 65 urtetik gorakoei; adimen-desgaitasuna, fisikoa edo sentsoriala eta mendekotasun aitortua duten pertsonei, maila edozein dela ere; eta buruko gaixotasuna diagnostikatuta duten eta mendekotasun-egoera aitortua edo gizarte-bazterketako arriskua bizi dutenei.

Eusko Jaurlaritzaren iritziz, “desgaitasuna duten pertsonei eta gaixotasun mentala dutenei estaldura zabaltzean normalizatu egiten da horien arreta eta zerbitzuari eskaintzen duen estalduran aurrera egiteko aukera ematen zaio”.

Emilio Sola Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuetako zuzendariak Cabildo de Lanzaroteko Gizarte Ekintzako kontseilariari honako hau azaldu dio: “betiON Euskadiko koordinazio soziosanitarioaren erakusle bikaina da; izan ere, lankidetza soziosanitarioa betiON zerbitzuaren lan-ildo nagusietako bat da”.

Nahiz eta horren kudeaketa gizarte-zerbitzuetatik datorren, zenbait lankidetza antolatzen dira hainbat erakunde eta zerbitzu publikoren artean, erabiltzaileek gizarte- eta osasun-eremutik arreta integratua jaso ahal izateko. Osakidetza - Euskal Osasun Zerbitzuarekin koordinazioa, Osakidetzaren aurretiko hitzorduen kudeaketa eta arreta-zentroa gripearen txertaketa-kanpainaren informazio-plataforma gisa horren adibide argiak dira.

Telelaguntza gizartean laguntzeko eta esku hartzeko zerbitzu teknikoa da, lehen mailako arretako gizarte-zerbitzuen testuinguruan, eta erabiltzaileei aukera ematen die, telefonoaren bidez eta komunikaziorako ekipamendu informatiko bereziarekin, etengabeko arreta-zerbitzua izateko, eguneko 24 orduetan eta urteko egun guztietan, gizarte-larrialdietako edo -beharrizaneko egoeretara egokitutako erantzuna emateko prestakuntza berezia duten pertsonen eskutik, dela beren kabuz, dela beste baliabide komunitario batzuk mobilizatuz.

Zerbitzu pertsonalizatua

Euskadik, 2017tik, pertsonen beharretara gero eta egokituagoa den zerbitzuaren alde egiten du, “bakardadean, erortzeetan, segurtasunean eta gizarte- eta familia-ingurunearentzako laguntzan prebentzioz jarduteko arreta pertsonalizatuko-ereduaren bidez”, esan du Solak.

Horrela, lau arreta-maila ezartzen dira: moderatua, altua, sendoa eta arrisku altukoa. Gaur egun, erabiltzaileen % 67 lehen mailan dago, moderatuan. Eta % 0,8 baino ez azkenean. betiON zerbitzuaren pertsonalizazio horren ondoriz, sei hilean behin erabiltzaileen egoera eta beren beharrizanak berriro ebaluatzen dira. “Beren bizitzako ereduen etengabeko balorazioa da, eta horrek aukera ematen digu une bakoitzean behar duten laguntza-maila zehazteko”.

Hori horrela, euskal telelaguntza publikoan, oinarrizko zerbitzuaz gainera, zentralari arrisku-egoera detektatzean, esaterako kea/sua edo gasa erabiltzailearen etxean, alarma-seinaleak bidaliko dizkioten gailuak jartzen dira. Etxeko segurtasunerako izeneko gailuak dira, eta erabiltzaileei proposatzen zaizkie, daukaten arriskuaren balorazioa egin ondoren.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Maite Corujo, Cabildo de Lanzaroteko Gizarte Ekintzako kontseilaria