Berriak Osasuna
Eu

Osakidetzako kolon eta ondesteko minbiziaren baheketa programaren bidez, 30.000 lesio gaizto eta premaligno baino gehiago detektatu dira duela hamarkada bat abian jarri zenetik

2019.eko martxoak 30

Martxoaren 31, Koloneko Minbiziaren aurkako Mundu Eguna

OSAKIDETZAKO KOLON ETA ONDESTEKO MINBIZIAREN BAHEKETA PROGRAMAREN BIDEZ, 30.000 LESIO GAIZTO ETA PREMALIGNO BAINO GEHIAGO DETEKTATU DIRA DUELA HAMARKADA BAT ABIAN JARRI ZENETIK

Kolon eta ondesteko minbizien % 70 hasierako estadioan diagnostikatzen da, eta, programa hasi aurretik, % 40 baino ez 

Osakidetzaren programaren bidez kolon eta ondesteko minbizia hauteman zitzaien pertsonen 5 urteko biziraupena % 90ekoa da; parte hartu ez zutenena, berriz, % 60koa

Nekane Murga Osasun sailburuak profesionalen lana eta parte-hartze indize altua, % 72,3, nabarmendu ditu; horrela, programa nazioarteko abangoardian dago

 

Osakidetzak lortu du guztira 30.634 lesio premaligno (adenoma aurreratuak) eta lesio gaizto (minbizi inbaditzaileak) detektatzea eta tratatzea, duela hamarkada bat Kolon eta Ondesteko Minbiziaren Detekzio Goiztiarreko Programa ezarri zenetik. Horietatik % 70 hasierako estadioetan (I-II) diagnostikatu zen, eta, programa hasi aurretik, % 40 baino ez zen diagnostikatzen hasierako estadioetan; programaren bidez kolon eta ondesteko minbizia hauteman zitzaien pertsonen 5 urteko biziraupena % 90ekoa da, parte hartu ez zutenena % 60koa den bitartean.

Programaren beraren datuak dira, eta gaur eman ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ezagutzera, martxoaren 31n, Koloneko Minbiziaren aurkako Mundu Egunean.

Azken urteotan, programak bultzada garrantzitsua izan du, eta, lehen eta bigarren deialdian, eta, hil honetan bertan, hirugarrenean, 50 eta 69 urte bitarteko % 100i heldu zaio, aintzat hartuta beraiei zuzentzen zaiela programa. Horrek esan nahi du estaldura-mailak oso aurreratuak direla. Euskadik, gainera, kolon eta ondesteko minbizia prebenitzeko programa onenetakoa du, eta erreferentea da Estatu eta nazioarte mailan, estaldura, parte-hartze, eraginkortasun eta kalitate handia baitu. Hala erakutsi du, aurten ere, EuropaColon txostenak, oraintsu; bertan, Euskadiko, Holandako eta Esloveniako programak jardunbide egokien adibide gisa jartzen dira. 

Nekane Murga Osasun sailburuak lorpen hori baliabideetan eta inbertsioan etengabe egiten den ahaleginaren eta Osakidetzako profesionalen antolaketaren eta konpromisoaren ondorio dela esan du, bai eta herritarren inplikazio handiarena ere. Sailburuaren hitzen arabera, pertsonen etxeetara kita bidali izana, Lehen Mailako Arretako langileen inplikazioa, baheketarako kolonoskopioen kalitatea eta monitorizazio zentralizatua programaren oinarrizko euskarriak dira, eta horiek prozesuen kalitateari, emaitzei eta osasunean duten eraginari dagokienez ekarri dituzten ondorioak azaltzeko gakoak.

Hala ere, Nekane Murga sailburuak programetako parte-hartzea handitzen jarraitzeak duen garrantzia nabarmendu du, eta dei berezia egin die gizonei; izan ere, gizonen partaidetza-tasa emakumeena baino baxuagoa da (% 70ekoa eta % 72,3koa), nahiz eta gizonek lesio premalignoak eta gaiztoak izateko probabilitate gehiago izan.

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak berriz ere aipatu du Osasun Sailak Kolon eta Ondesteko Minbiziaren Detekzio Goiztiarreko Programa eta egun Osakidetzak dituen guztiak mantendu eta hobetzeko apustu irmoa egiten duela eta, horrela, horietara berdintasun-baldintzetan, arreta integratuz eta kalitatez joko dela bermatzen dela.

Populazioen baheketa-programen helburua da goizetik detektatzea minbiziaren aurretiko lesioak eta hasierako estadioetan dauden minbiziak, biztanleen biziraupena eta bizi-itxaropena areagotzeko.

Zehazki, Kolon eta Ondesteko Minbiziaren Baheketa Programa 50 eta 69 urte bitarteko biztanleei zuzentzen zaie, guztira 591.744 pertsonari; horietatik, % 51,4 emakumea da.  Horrek esan nahi du Euskadiko biztanleen % 27,2ri zuzentzen zaiola, EUSTATen biztanleria-datuen arabera.

Kolon eta Ondesteko Minbiziaren Detekzio Goiztiarreko Programak eginkarietako ezkutuko odolaren testa erabiltzen du, bi urterik behin; proba oso erraza da, eta horretarako kita etxera bidaltzen da. Proba egin ondoren, proba egiten duenak bere osasun-zentroan uzten du, tramite burokratikorik gabe, eta, egun gutxian, gutun bat jasotzen du, emaitzekin. Emaitzak positiboak badira, lehen mailako arretako medikuak pertsonari ospitalera joateko eskatuko dio, kolonoskopia bat egitera, eta erizaintzako langileek probarako prestatzeko ohar eta aholku guztiak emango dizkiote, kolonoskopia kalitate altukoa izateko. Osakidetzako kolonoskopia guztiak sedazioarekin egiten dira ospitaleetan.

 

Vitoria-Gasteiz, 2019ko martxoaren 30a

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau