Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Ekonomia eta Gizarte Kontseiluaren funtzionamendua arautzeko lege berria aurkeztu da

2011.eko martxoak 16

Ekonomia eta Gizarte Kontseiluaren funtzionamendua arautuko duen lege berriaren zirriborroa aurkeztu du Gemma Zabaletak EGK-n

EGKren jarduera arautuko duen lege-proiektuaren zirriborroan aurreikusten denez, bozketak banaka eta gehiengoz izango dira, eta horrela gaur arte zegoen beto-eskubidea amaitu egingo da. Zirriborroan, horrez gain, Hirugarren Sektoreari sarbidea ematen zaio Kontseiluan; lan-batzordeetan kanpoko adituak sartzeko aukera irekitzen da, eta EGKaren eskumenak eta Lan Harremanen Kontseiluarenak argitu egiten dira.

Gemma Zabaleta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak Ekonomia eta Gizarte Kontseiluaren osoko bilkuraren aurrean hitz egin du gaur goizean, kontsulta-organo hori aldatzeko lege-proiektuaren zirriborroa aurkezteko. EGK-k irizpenak ematen ditu Eusko Jaurlaritzaren eta Legebiltzarraren legegintza-ekimenei buruz. Agerraldian Zabaletaren ondoan izan dira Kontseiluko presidentea eta idazkaria, Juan María Otaegui eta Francisco José Huidobro, hurrenez hurren.

Legearen zirriborroan zenbait aldaketa aurreikusten dira eta, horiek, besteak beste, EGKaren lana eta Lan Harremanen Kontseiluarena ondo bereiztea dute helburu. Horrela, argi mugatu dira organo horietako bakoitzaren esparruak. "EGK-k txostenak emango ditu ekonomia eta gizartearen arloarekin zerikusia duten dekretu eta lege guztiei buruz; eta LHK, berriz, lan-arloko legeez eta arauez arduratuko da", zehaztu du Zabaletak.

Bozketa-sistemari dagokionez, bozketak banaka eta gehiengoz izatea aurreikusten du EGKri buruzko legeak. Aldaketa horren ondorioz, amaitu egingo da orain arte zegoen beto-eskubidea. "Betoa arazo historikoa izan da, eta konpondu egin nahi dugu. Sistema berriari esker adostasunak lortu ahal izango dira, modurik demokratikoenean", azaldu du sailburuak, Ekonomia eta Gizarte Kontseiluak egindako lana goraipatzeaz batera.

Hirugarren sektorea

Horrez gain, hirugarren sektorea -gizarte-erakundeak, gobernuz kanpoko erakundeak- EGKn sartzea aurreikusten du zirriborroak; izan ere, Zabaletak adierazi duenez, "partaidetza-jarduera izugarria garatzen dute Euskadin". Gaur Osoko Bilkurako kideei aurkeztutako testuan sartu diren berritasunetako bat aditu-taldearen izendapenaren ingurukoa da. Aditu horiek lehendakariak izendatuko ditu, ekonomia- eta gizarte-arloan entzute eta kualifikazio handia duten pertsonen artean, batez ere unibertsitatearen esparrukoak. Horrez gain, zenbait arlo zehatzetako lan-batzordeetan kanpoko adituak sartzeko aukera ere irekitzen da.

Datozen hilabeteetan EGK-k dokumentua aztertuko du, eta irizpena emango du. Horren ondoren, Jaurlaritzaren Kontseiluak lege-proiektua onartu beharko du, eta Legebiltzarrera bidali izapideak egiteko. Hortaz, Legebiltzarraren epeen arabera, baliteke araua 2011. urtearen amaiera aldean indarrean sartzea.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)