Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Qatarko Al Sulaiman Travel operadorea gure artean da bisitan, Euskadi bere turismo-eskaintzen katalogoan sartzeko

2011.eko martxoak 16

Turismo-agentzia arabiar baten bigarren bisitaldia da, Patxi López lehendakariak joan den urtarrilean egindako bidaiaren ondoren 

Joan den urtarrilean Patxi López lehendakaria buru zela Arabiar Emirerrietara eta Qatarrera egindako enpresa-eginkizunak fruituak ematen jarraitzen du. Otsailean Dubaiko touroperadorerik garrantzitsuena izan genuen Euskadin (hots, Al Rais Holidays taldea), Euskadiko turismo-baliabideak ongi ezagutzeko eta etorkizunean bere bezeroei eskaintzeko. Atzotik, berriz, Qatarko touroperadore bat iritsi da Euskal Autonomia Erkidegora. 

Al Sulaiman operadoreak berehala erantzun dio Eusko Jaurlaritzak egindako gonbidapenari, eta dagoeneko pentsatzen ari da Euskadi sartzea bere turismo-eskaintzen katalogoan. 

Euskal Autonomia Erkidegoan egon diren bitartean, agentzia arabiarreko ordezkariek bertako hotelik onenetako batzuk ezagutu dituzte, baita osperik handiena duten jatetxeak ere, Michelin izarrak dituzten batzuk barne. 

Atzo hiri barneko ibilbide bat egin zuten Bilbon, Guggenheim Museoa eta Alondegia bisitatuz. Gaur, berriz, Gasteizen izango dira, eta arreta berezia eskainiko zaie Erdi Aroko Hiriguneko ibilbideari eta Santa Maria Katedralari. Halaber, Urdaibaiko Biosferaren Erreserba ikusi ahal izango dute. Bihar Donostiara joango dira, Kontxan barrena paseatzeko eta hainbat leku bisitatzeko (Aquariuma, adibidez), eta Zarautzera eta Getariara ere iritsiko dira. Ostiralean, ibilbidea amaitzeko, euskal kostaldeko beste herri batzuetan ibiliko dira, hala nola Hondarribian. 

Touroperadore arabiarraren ordezkaritzako buru enpresako manager nagusi Joseph Anton Venisius izan da, eta erreserben arduradun Mohamed Samir Ahmed izan da harekin. 

Talde arabiarra gehien txunditzen ari diren turismo-baliabideen artean, hirigune historikoak eta bertako merkataritza, museoak eta Qatarretik datozen familientzat opor-egonaldiak programatzeko Euskadik eskaintzen dituen aukerak aipatu behar ditugu. 

Aurkezpena, mila bezeroren aurrean 

"Ahalegin handia egiten ari gara Euskadi eliteko turismorako lekua izan dadin. Izan ere, turismo mota hori ezin hobea da bost izarreko hoteletarako eta goi-mailako gastronomiarako, eta interes handia du gure hiriburuetako merkataritzan", ziurtatu du Eusko Jaurlaritzako Turismoko zuzendari Isabel Muelak. 

Turismoko zuzendaria, gainera, datorren apirilaren 16an Dubaira joatera gonbidatu dute, hain zuzen ere Al Rais Holidays taldeak Dubain dituen mila bezerorik onenei Euskadi turismo-jomuga gisa aurkezteko egingo den ekitaldira. Touroperadore horrek dagoeneko sartua du Euskadi Dubaiko bezeroentzat egiten duen turismo-eskaintzan. 

Datozen asteetan, lehendakariak urtarrilean egindako bidaiaren ondorioz, inguru hartako hirugarren touroperadore bat iristea espero da. 

Elkarrizketaren bat hitzartzeko edo informazioa zabaltzeko interesa duten komunikabideek Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailera jo dezakete: 945 019994 / eortizdearri@ej-gv.es 

Vitoria-Gasteiz, 2011ko martxoaren 16a

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan