Berriak Hezkuntza
Eu

Galesko Parlamentuko ordezkaritza batek Zorrotzako Zazpilanda ikastetxe publikoa bisitatu du, Bilbon

2019.eko martxoak 28
  • Bilboko Zorrotzako hiru ikastetxe publikoak 2017-2022 Zorrotza Gizarte-hezkuntzarako Proiektuan ari dira parte hartzen
  • Galesko ordezkaritzak euskararekin azken hamarkadetan izan den biziberritze esperientzia ezagutu nahi du Euskadin

Galesko Batzar Nazionaleko ordezkaritza bat –Kultura, Hizkuntza eta Komunikazioen Batzordeko sei diputatuk osaturiko ordezkaritza- Euskadin da bisitan egun hauetan, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak gonbidaturik. Bi egun hauetarako (gaur osteguna, martxoak 28, eta bihar ostirala, 29) daukaten lan agenda betearen barnean, Galesko diputatuak Bilboko Zorrotza auzoan kokaturik dagoen Zazpilanda ikastetxe publikoan izan dira bisitan, Hezkuntza Saileko Ikastetxeen eta Plangintzako zuzendari Eugenio Jimenezek gidaturik.  

Galestarrak Euskadira egiten ari diren bisitaren helburua da zuzenean ezagutzea azken hamarkadetan euskara biziberritzeko egiten ari den lana, hezkuntzaren arlotik zein helduen euskalduntze-eremutik. Aldi berean, euskal erakundeetatik bultzatzen diren hizkuntza sustatzeko politikak ere badira bisitarien interesgune. Helburu horiekin hurbildu dira Bilboko Zazpilanda Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxera ere.

Zorrotza Gizarte-hezkuntzako proiektua

2018-2019 ikasturte honetan Haur eta Lehen Hezkuntzako 240 ume inguru dituelarik, ikastetxe honek oso modu aktiboan hartzen du parte –Zorrotzan dauden beste bi ikastetxe publikoek bezalaxe- 2017-2022 Zorrotza Gizarte-hezkuntzako Proiektuan. Hezkuntza Saila Bilboko Udalarekin eta auzoko hainbat elkarterekin lankidetzan ari da proiektu hau bultzatzen. Zazpilanda HLHI-ko zuzendaritza taldeak, Hezkuntza Saileko ordezkariekin batera, proiektu honen alderdirik nagusienak azaldu dizkie bisitariei. Aurkezpenean leku nabarmena hartu du proiektu horren baitan lantzen ari den gaietako batek, ikastetxean nahiz auzoan euskararen erabilera eta sustapenarekin loturikoak hain zuzen ere, horixe baita (hizkuntza) galestarren bisitaren arrazoi nagusietakoa.

 

Esku-hartze komunitarioaren ereduari jarraitzen dion gizarte-hezkuntzako proiektu bat da Zorrotzakoa, bertan bizi diren hainbat sektoretako eragileen parte hartzearekin garatzen ari dena. Aurrez aipaturiko erakundeez gain, proiektuan ari dira familiak, Zorrotzako hiru ikastetxe publikoak, osasun zentroa, haur eskola, euskaltegia, auzo elkarteak eta gainerako gizarte zein kultura eragileak. Guztien artean eta guztien inplikazioa tarteko, honako hau da helburua: Zorrotzako haur, nerabe eta gazteak hezkuntza-curriculumaren arlo guztietan trebatutako herritar gisa heztea, baina aldi berean euren auzoarekin zein gizartearekin konprometitutako gazte solidarioak izatea. Era berean, auzoan ikastetxe publikoak egiten ari diren lana ikustaraztea ere bada proiektuaren helburua.

Egun hauetarako agendari jarraituz, Galesko diputatuek bilera izango dute bihar goizean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza nahiz Kultura eta Hizkuntza Politika sailetako arduradunekin: Maite Alonso Hezkuntza sailburuordearekin, Eugenio Jimenez Ikastetxe eta Plangintza zuzendariarekin, Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordearekin eta Almudena Otaola, Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kabinete zuzendariarekin. Bilera honetan aukera izango dute euskarak azken hamarkadetan izan duen biziberritze prozesua zuzenean ezagutzeko, bai Hezkuntza eremutik, eta baita helduen euskalduntzearen arlotik ere. Era berean, Eusko Jaurlaritzatik euskararen sustapenerako bultzatzen diren lan-ildo eta politiken berri ere izango dute. Bileran, izango da tarterik herrialde batek nahiz besteko hizkuntza egoeraren inguruko inpresioak trukatzeko ere.

Gales hizkuntza (cymraeg) ofiziala da Galesen, ingelesarekin batera. Egun, bertako biztanleen %22-k (611.000 lagun inguru) bere hizkuntza nagusia du hau, bereziko herrialdearen iparraldean. Eskoletan, galesa hizkuntza derrigor ikasi beharrekoa da 16 urte arte 1999tik, ikasgai kurrikular gisa gutxienik bai bederen. Urteek aurrera egin ahala, dena den, gero eta handiagoa da  oinarrizko ikasketak gales hizkuntzan egiten dituzten ikasleen portzentajea, eta gora doa ikasgai denak edo gehienak hizkuntza honetan ematen dituzten ikastetxeen kopurua ere. Azken urteotan bere hizkuntza biziberritu eta erabilera areagotzeko prozesuan sartuta dago buru-belarri Gales herrialdea. Zeregin horretan, Euskadi eta euskararen prozesua beti hartu izan dituzte erreferente nagusi.

Lankidetza-akordioa

Azken urteotan, Euskadik harremanak sendotu ditu Galesekin, zeina eskualde estrategikotzat jo baita Euskadi Basque Country Nazioartekotzeko Esparru Estrategian. Harreman horien emaitza Iñigo Urkullu Lehendakariak Carwyn Jones ministro nagusi izan zenarekin sinatutako lankidetza-memoranduma izan da; memoranduma Lehendakariak iazko uztailean eginiko bidaia ofizialean sinatu zen. Besteak beste, sinatutako hitzarmenaren bidez kulturaren, hezkuntzaren eta hizkuntza-politikaren arloko trukerako eta lankidetzarako bideak irekitzen ziren.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak