Berriak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza
Eu

Hasi dira Euskal Autonomia Erkidegoko Lurraldearen Antolamendurako Artezpideak aldatzeko izapideak

2011.eko martxoak 16

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak, indarrean dauden Lurraldearen Antolamendurako Artezpideak (LAA) berraztertzeko prozesua amaitu ondoren, LAA aldatzeko proposamen-agiri bat prestatu du, eta aldaketa egiteko izapideak hasi ditu.

Lurraldearen Antolamendurako Artezpideetako (LAA; 28/1997 Dekretuaren bidez 1997an onartuak) lurralde-eredua aztertu ondoren, artezpide horiek lurralde-aldaketako prozesuak kudeatzeko erreferentzia baliagarria izaten jarraitzen dute, eta, gainera, adostasun zabala dago horien erabilgarritasunari eta eraginkortasunari dagokienez.

Orain, lurralde-eredu horretan, zenbait elementu garatu eta eraldatzeko garaia da, protagonismo handiagoa hartu dutenak edo eguneratu egin behar direnak, esate baterako, mugikortasun iraunkorra, paisaia, eraikinek okupatuta dituzten eta erabilera berriak edo intentsiboagoak onartzen dituzten espazioen berrerabilera eta ezagutzan intentsiboagoak diren ekonomia-jardueretarako guneen garapena.

Lurralde Plangintzaren eta Uren sailburuorde Iñaki Atxukarrok adierazi duenez, "garrantzitsuena da, batez ere, ereduaren alderdi batzuk indartzea, hain zuzen ere, lurraldearen kalitateari buruzkoak, iraunkortasunerako funtsezko faktore gisa egiten duen ekarpen aktiboari buruzkoak eta oreka eta lehiakortasunerako oinarrizko elementu gisa berrikuntza bultzatzeko eskaintzen dituen aukeren aprobetxamenduari buruzkoak.

Proposamen-agiri horretan, Euskal Hiria NET-Berrikuntza Ekosistema izeneko proposamen estrategikoa egiten da, berrikuntza eta iraunkortasuna hartuz abiaburutzat, txanponaren bi aldeak balira bezala. Lurraldea aldi berri baterako prestatzeko beharra agertzen da, lehiakortasuna, gizarte-kohesioa eta garapen iraunkorra izango direlarik ezin bereiztuzko hiru osagai, halako moldez non ezingo den ezeinetan aurrerapenik egin hirurak batera kontuan hartu ezean.

Eusko Jaurlaritzan lurraldean eragiten duten eskumenak dituzten sail guztiei igorri zaie agiria, bai eta gainerako herri-administrazioei ere (Estatuari, foru-diputazioei, Eudeli, gurearekin muga egiten duten autonomia-erkidegoei), ekarpenak egiteko aukera izan dezaten.

Halaber, edozein pertsona edo elkartek ere aukera izango du ekarpenak egiteko Irekia atariaren bitartez (www.irekia.net). Agiria atari horretan nahiz Ingurumen Sailaren web-orrian (www.ingurumena.net) kontsultatzeko aukera dago.

Atxukarrok uste du herritarren parte-hartzearekin eta herri-administrazio guztien ekarpenekin aberatsagoa bihurtuko dela aurkezten den proposamen estrategikoa, eta, hala, parte-hartzerik handienarekin eta ahalik eta adostasun handienarekin, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-eredua definituko dela, alegia, lurraldean eragiten duten herri-administrazio guztien plan, programa eta ekintzen esparru orokorra.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko