Berriak Osasuna
Eu

Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburuak Medikuen Elkargoetako Kontseilu Nagusiaren Lehen Mailako Arretari buruzko II. Jardunaldian parte hartu du

2019.eko martxoak 28

Nekane Murga Faustino Blanco Osasuneko idazkari nagusiarekin ere batu da, lehen mailako arreta sendotzeari buruzko proposamenak elkarrekin trukatzeko

 

Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, gaur goizean, Madrilen, Medikuen Elkargo Ofizialetako Kontseilu Nagusiak antolatutako AP 25 lantaldearen Lehen Mailako Arretari buruzko II. Jardunaldian parte hartu du.

Osasun sailburua hizlari izan da, beste autonomia-erkidego batzuetako kontseilariekin batera, agenda politikoko familia-medikuntzari buruzko mahai-inguru batean. Nekane Murgak hilabeteetan zehar Euskadiko Osasun Sailak eta Osakidetzak zenbait agenterekin Euskadiko Lehen Mailako Arretarako Estrategia diseinatzeko egin duten lana aurkeztu du.

Osasun sailburuak Madrilen euskal estrategiaren xehetasunak azaldu ditu; estrategiak 7 ildo estrategiko eta 35 ekintza zehatz ezartzen ditu eta, horien artean, baliabide pertsonalak eta materialak areagotzea. Nekane Murgaren hitzetan: “Hori lortzeko, langile-kopurua handituko dugu; 80 plaza baino gehiago familia-medikuntzan eta erizaintzan, asistentzia-karga gehien duten zentroetan. Horrek 4,6 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa ekarriko du. Esfortzu ekonomiko horrek gai horrek Eusko Jaurlaritzaren agenda politikoan duen pisua erakusten du”.

Osasun sailburuak Estrategiaren beste gako batzuk ere nabarmendu ditu, esaterako, pazienteei denbora gehiago eskaini ahal izateko medikuen lana desburokratizatzea eta erizaintzaren eginkizuna sustatzea, Osakidetzan belaunaldien erreleboari erantzutea edo lehen mailako arretari oro har dagokion prestigioa ematea.

Jardunaldi hori María Luisa Carcedo Osasun ministroak Euskadiri eta gainerako autonomia-erkidegoei Lehen Mailako Arreta Sustatzeko Ministerioaren Plana aurkeztu ondoren egin da. Plan hori, Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuaren hitzen arabera: “bat dator Euskadiko Lehen Mailako Arretarako Estrategiak ezarritako helburuekin, eta, zehazki, zenbait gai garrantzitsutan: esaterako, kupo medikoetan eta atzerapenak murrizteko beste neurri batzuetan”.

Murgak esan du, demografia- eta gizarte-errealitate berria dela-eta, Europa osoan gora egin duela lehen mailako arretak, eta Euskadiko Osasun Sailak urteak daramatzala lanean, asistentzia-behar berrietara egokitzeko. Lan horren bidez, esan duen bezala, “lehen mailako arreta sendotu nahi da, bertako profesionalen antolaketa erraztu nahi da eta, azken batean, pazienteei ahalik eta prestazio sanitario onena bermatu nahi zaie”.

Medikuen Elkargo Ofizialetako Kontseilu Nagusiak antolatutako mahai-inguruaren ondoren, Nekane Murga Osasun sailburua Faustino Blanco Osasuneko idazkari nagusiarekin batu da, lehen mailako arreta sustatzeko bideak aztertzeko. Era berean, Euskadik lehen mailako arreta sendotzeko lanaren inguruan Ministerioan eta Estatuan, oro har, garatzen diren lantalde guztietan parte hartzeko eta elkarlanean jarduteko duen borondatea erakutsi du sailburuak.

 

Madril, 2019ko martxoaren 28a

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak