Eu

betiON telelaguntza-zerbitzuak gogorarazten du, zerbitzua aktibatzeko, oinarriko gizarte-zerbitzuetako bulegoetara, ZUZENEAN zerbitzuko egoitzetara edo Lakuara joan besterik ez dagoela

2019.eko martxoak 28
  • Emilio Sola Gizarte Zerbitzuetako zuzendariak honako hau esan du: “erabiltzaileek iruzur-egoerarik ez izateko jarraibideak jaso dituzte”

 

VG 28 03 19

Eusko Jaurlaritzaren betiON telelaguntza-zerbitzu publikoak gogorarazten du, zerbitzua bera aktibatzeko, interesdunek bertara jotzeko hiru bideetako bat erabili beharko dutela: beren udalerriko edo auzoko oinarriko gizarte-zerbitzuetara jo, Eusko Jaurlaritzaren ZUZENEANen bulegoetara edo Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak Lakuan (Vitoria-Gasteiz) duen egoitzara. Kasu guztietan, alta-prozesurako paperezko dokumentu bat aurkeztu behar da; beraz, ezin da alta hori telefonoz bakarrik gauzatu.

 

Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saila da zerbitzuaren titularra, eta gaur Vitoria-Gasteizen adinekoei egindako ustezko iruzurrezko deien berri izan du. Dei horien bidez, ulertarazten diete dei horiek betiONen izenean egiten direla eta, ondoren, zerbitzuagatik hilean 40 eta 50 euro bitartean kobratzen dizkiete. Emilio Sola Gizarte Zerbitzuetako zuzendariak honako hau esan du: “Euskadin ez da egon horrelako ekintza-motaren berririk, orain arte. Estatuan badaude aurrekariak, eta horregatik gaude erne”.

 

Vitoria-Gasteizko Udalak detektatu du enpresa batek adinekoei telefonoz deitu eta telelaguntzako zerbitzu pribatua eskaintzen diela, eta Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu publikoa dela ulertarazten dietela. Baina gero, hilean 40 eta 50 euroko fakturak igortzen dizkienean, orduan konturatzen dira erabiltzaileak iruzurra dela. Ustezko “iruzurrezko salmenta” hori detektatu dela aintzat hartuta, Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak honako hau gogorarazten du: “betiON telelaguntza-zerbitzu publikora jotzeko edo hura kudeatzeko bide ofizial bakarra Zuzenean bulegoen bidez da, Arabako hiriburuko Ramiro de Maeztu kalean, edo beste euskal hiriburuetan daudenen bidez. Halaber, zuzenean idatz daiteke gizarte-zerbitzuen helbidera eta, horretarako, webgunetik eskabidea deskargatu:

http://www.euskadi.eus/teleasistencia-servicio-dependientes/web01-a2gizar/es/ o a través del servicio social de base municipal”.

 

Emilio Sola Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuetako zuzendariak honako gomendio hau egin du: “ez onartu horrelako eskaintzarik telefonoz eta, hala egin baduzue, 14 eguneko epea duzue atzera egiteko; kontratuan agertzen da. Dokumentuak eperik jaso ezean, orduan urtebeteko epea dago, kontratazioa atzera botatzeko”.

 

Ustezko iruzurren baten susmorik izanez gero, Solak kaltetuei edo familiartekoei iradoki die kasua Ertzaintzari edo Udaltzaingoari jakinarazteko, ahalik eta lasterren. “Ez da ulertzen inork beste pertsona bati iruzur egin ahal izatea, bere egoera edo adina aprobetxatuz”, esan du Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuetako zuzendariak.

 

Hori horrela, sailburuak nabarmendu du betiONek 50.000 erabiltzaile baino gehiago dituela gaur egun, eta erabiltzaileek, telelaguntza-zerbitzu publikoan arreta ematen duten profesionalen aldetik aldian behin jasotzen dituzten deietan, behar beste informazio erabilgarri jasotzen dezaketela.

 

Besteak beste, ustezko iruzurrezko egoeren gaineko oharrak ere egiten dira. “Erabiltzaileei gogorarazten zaie, betiONekin harremanetan jarriz gero, ez dutela banku-daturik eman behar izango telefonoz, ez eta dirurik eman ere beren etxeetara zerbitzuaren izenean doazela dioten pertsonei. Gainera, botoia sakatzera eta zerbitzuko langileekin une oro harremanetan jartzera animatzen ditugu, zalantzak argitzeko”, esan du.

 

“Jarraibidearen bidez, mota guztietako iruzurrezko egoerak prebenitu nahi dira; izan ere, adinekoak, sarritan, horrelako delitugileentzako publiko izaten dira”, esan du Solak.

 

Zerbitzu publikoa

Telelaguntza gizartean laguntzeko eta esku hartzeko zerbitzu teknikoa da, Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak eskaintzen duena, eta erabiltzaileei aukera ematen die, telefonoaren bidez eta komunikaziorako ekipamendu informatiko bereziarekin, etengabeko arreta-zerbitzua izateko, eguneko 24 orduetan eta urteko egun guztietan, gizarte-larrialdietako edo -beharrizaneko egoeretara egokitutako erantzuna emateko prestakuntza berezia duten pertsonen eskutik, dela beren kabuz, dela beste baliabide komunitario batzuk mobilizatuz.

 

betiON zerbitzua bakarrik bizi diren 75 urtetik gorakoei zuzentzen zaie; gizarte-zerbitzuek aitortutako mendekotasun-egoeran edo ahultasun-egoeran bizi diren 65 urtetik gorakoei; adimen-desgaitasuna, fisikoa edo sentsoriala eta mendekotasun aitortua duten pertsonei, maila edozein dela ere; eta buruko gaixotasuna diagnostikatuta duten eta mendekotasun-egoera aitortua edo gizarte-bazterketako arriskua bizi dutenei.

 

Telelaguntza zerbitzuaren bidez laguntzekoak diren egoeren artean honako hauek daude: etxean erortzea; adinekoei beren ekintzak kontrolatzeko zailtasuna eragiten dieten nahasmendua; osasun-arazoak; edo bakardadea. Kasu horietan guztietan, telelaguntza erabiltzaileen eta beren familiartekoen lasaitasunerako eta segurtasunerako elementu garrantzitsua da.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak