Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

ETS-k 408 milioi inbertitu zituen 2010ean trenbide azpiegitura berrien eraikuntzan, historiako markarik handiena

2011.eko martxoak 17

 Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak 408 milioi euro inbertitu zituen 2010ean, une honetan dagoen trenbide sarearen hobekuntzan eta baita azpiegitura berrien eraikuntzan ere, Euskadi Europa mailako eredu aurreratuenetakoa eta garatuenetakoa bilakatzeko, pertsonen eta merkantzien tren garraioari dagokionez.

 Inoizko markarik handiena da ETS-ren historian, izan ere, 2009an inbertituriko kopurua (220 milioi) %86 handitu baita. Gainera, Eusko Jaurlaritzak egin duen inbertsio esfortzu handi horri esker, epe laburrean eta ertainean hobetu egingo da trenbide garraioa eta, horrez gain, jarduera ekonomikoari eusteko lagungarri izango da.                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                              

 2010ean ETS-k buruturiko inbertsioei esker, 1.576 lanpostu zuzen eta zeharkako 850 sortu ziren, gure teknikariek egin dituzten kalkuluen arabera. Hau da, 2.400 familiak dute trenbideko azpiegituren eraikuntzaren ondoriozko diru iturria.

 Horrela, azpimarratzekoa da Patxi López Lehendakaria buru duen Jaurlaritzak Euskal Y-a Trenbide Sare Berriaren Gipuzkoako adarra eraikitzeko lanei eman dien bultzada. 2010ean 167 milioi euro inbertitu ziren lan horiek burutzeko, hau da, 2009an baino %234 gehiago (2009an 50 milioi euro inbertitu ziren).

 Horrela, 2010ean behin betiko bultzada eman zitzaion aurreko Gobernutik obratan jasotako zati bakarrari, Ordizia-Itsasondo zatiari, hain zuzen ere. Horrez gain, lanak hasi ziren Beasain ekialdea, Beasain mendebaldea, Tolosa, Legorreta, Bergara-Antzuola eta Ezkio-Beasain zatietan; Urnieta-Hernani, Andoain-Urnieta eta Tolosa-Hernialde zatiak esleitu ziren eta Bergara-Bergara eta Antzuola-Ezkio zatien lizitazioari hasiera eman zitzaion.                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                              

 EuskoTrenek ustiatzen duen ETS-ren sarean egindako inbertsioei dagokienez, 2010ean, 2009an baino %61 gehiago inbertitu da, hau da, 183 milioi euro, 2009ko 114 milioi euroren aurrean. Atal horretan azpimarragarriak dira Artxandako tunel berria eraikitzeko lanak, Durango operazioa, Ermua-Eibar-Elgoibar igarobidean egindako trenbide bikoizketak eta sarea hobetzeko lanak, Orioko tren saihesbidea eta Donostialdeko Metroa egituratzeko lanak (Lasarte-Errekalde-Añorga zatiaren bikoizketa, Arasoko kotxetegiak, Loiola-Herrera, etab.).

 Tranbia sistemaren eta Bilboko Metroaren garapenari dagokionez, 2009an baino %5 gehiago inbertitu da. Atal horretan azpimarratzekoak dira 3. linearen eraikuntza lanen hasiera, 2. lineako Ariz-Basauri eta Santurtzi-Kabiezes zatiak edo Bilboko eta Gasteizko tranbiako Etxetxoraino eta Abetxukoraino luzatzea.

 Esanguratsuak dira, baita ere, proiektuen eta azterlanen idazketari dagozkien zenbatekoak. Alor horretako hazkundea %20koa izan da. 2010ean 77 proiektu baloratu dira guztira. Ekitaldi honetan esfortzu berezia egin da Donostialdeko Metroaren proiektua, Bilboko Metroaren 4. eta 5. lineak edo Loiuko aireporturako tren bidezko sarbideak definitzeko, Bilboko eta Gasteizko tranbiek etorkizunean izango dituzten handitze lanak ahaztu gabe.  

 Beraz, eta azaldutako datuak kontuan izanik, argi dago Eusko Jaurlaritzak, ETS-ren bitartez, burutzen duen lizitazioa oso garrantzitsua ari dela izaten lan publikoaren sektorean enpleguei eta jarduerari eusteko. Izan ere, 2010ean, Euskadin 1.882 milioi euroko lan publikoa lizitatu zen. Lan publiko horren guztiaren %45 ETS-k lizitatu zuen eta, gainerakoa, beste erakunde batzuek, Foru Aldundiek, udalek, administrazio zentralak, partzuergoek eta Eusko Jaurlaritzako gainerako erakundeek

Segurtasuna

 Atal horri dagokionez, Euskal Trenbide Sareak joan den urtean erregistratu zituen istripu mailari buruzko datuek sendotu egiten dute trenak, bidaiarien garraiorako sistema fidagarrien eta seguruen gisa betetzen duen tokia.  ETS-k kudeatzen dituen lineetan 2010ean erregistraturiko istripu kopuruek azken urteetako beherako joera baieztatzen dute. Horrela, esan behar da Euskadiko trenbide sareko ezein bidaiarik ez duela inolako kalterik izan garraio horretan. 

 Euskal Trenbide Sareak 30 gertakari erregistratu zituen 2010eko ekitaldian bere trenbide sarean, 2009an baino %14 gutxiago. Gertakari horietako 14 operazioan gertaturiko arazoek sortu zituzten, 8 kudeatzailearekin eta operadorearekin zer ikusirik ez duten akatsek eta 3 azpiegituretan izandako akatsek. Bilboko eta Gasteizko tranbiei dagokienez, nabarmen egin dute behera istripuek (zaurituren bat uzten dutenek) zein gertakariek (kalte materialak baino eragiten ez dutenek).

 Horrez gain, ETS-ko sareko 9 trenbide pasagune behin betiko kendu ziren 2010ean: bi Zornotza/Amorebieta-Bermeo adarrean, lau Zazpi Kaleak-Lezama linean eta hiru Bilbo-Donostia linean. Guztira, 2001etik, ETS-k 56 trenbide pasagune kendu ditu bere saretik. Halaber, nasen arteko trenbide pasaguneak kentzeko edo, hala bada, hobetzeko jarduketak ari dira burutzen. Jarduketa horiek honako hau biltzen dute: 

  • Seinale zaharkituak edo kontserbazio egoera txarrean daudenak desmuntatzea eta kentzea.
  • Obra zibila (seinaleen eta balizen zimendatzeen oinarriak). 
  • Seinale finko eta baliza berrien hornidura eta muntaketa. 
  • Euroloop sisteman jardutea, tren unitateen igarotzea 40 Km/orduko abiadurara mugatuz nasen arteko pasaguneetatik. 

 ETS hedatzen

 2010ean ETS-k nazioarteko aholkularitza faseari eman dio hasiera, metro edo tranbia sistema ezartzeko politiken garapenari dagokionez, urte luzez, Bilboko Metroaren, Bilboko eta Gasteizko tranbien eraikuntzaren edo gure sarearen hobekuntzaren bitartez lortu izandako ezagupen maila tekniko handiaz baliatuz.

 Horrela, 2010ean, Euskadiko zenbait ingeniaritza enpresarekin elkarlanean aritu zen, laguntza emanez, besteak beste, Medellingo tranbiaren (Kolonbia) ustiapen planean edo azterlanak burutzeko eskaintzak planteatuz, Kuwait edo Aljeria bezalako herrialdeetan.

 Beste alde batetik, azken ekitaldian ETS-k hitzarmena sinatu zuen Eusko Trenbideak-ekin eta CAF taldeko ingeniaritza saileko BZK Ferroviaria sozietatearekin, unitate mugikorrek edo tren unitateek sortutako energia zinetikoa berreskuratzeko proiektu baten garapenean elkarlanean aritzeko.

 Iñaki Arriola buru duen sailak sustaturiko ekimen horren helburu nagusia, EuskoTrenen unitateek sortutako balaztatze energia, linea bereko beste unitate batzuek aprobetxatzeko edo sarera itzultzeko aukera bultzatzea da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan