Eu

Arriola sailburuak Euskadiko etxebizitza-politikaren izaera berritzailea eta progresista aldarrikatu ditu Txileko Unibertsitateko Arkitektura Fakultatean

2019.eko martxoak 28
  • 2015eko Etxebizitza Legea onartu ondoren, baliabide gutxien dituzten herritarrek etxebizitza duin bat eskuratzea bermatzeko Euskadin hartutako neurrien errepasoa egin du Iñaki Arriolak 
  • Eskubide subjektiboak, alokatzeko etxebizitza publikoen eraikuntzak, etxebizitza hutsak mobilizatzeko programak eta Gaztelagun planak eragin dute interes handiena hitzaldira bertaratutakoen artean

 2015eko legea onartu ondoren, Euskadin lantzen ari den etxebizitza-politikaren izaera berritzailea eta aurrerakoia aldarrikatu du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolak. Politika horri esker herritarrei etxebizitza duin bat eskuratzeko aukera bermatzen zaie. Hala adierazi zuen Txileko Unibertsitateko Arkitektura eta Urbanismo Fakultateko ikasleen aurrean atzo arratsaldean eman zuen hitzaldi batean.

Bere hitzaldian, Arriola sailburuak Etxebizitza Sailaren kudeaketa publikoa osatzen duten ildo estrategikoak aipatu ditu. Kudeaketa hori eskubide subjektiboan eta “merkatuaren eskaintzaren eta eskariaren mende dagoen merkantzia soileko izaerara murriztu ezin den hain elementu garrantzitsu baten” funtzio sozialean oinarritua dago. Eta indarrean dagoen Etxebizitzaren Gida Plana aurkeztu du. Bertan, legealdiaren amaierara arte etxebizitza-politikaren filosofia, programak eta konpromisoak biltzen dira eta, besteak beste, batez ere alokairuko etxebizitzen parke publikoa handitzea, birgaikuntza bultzatzea, hiri-berroneratzea edo etxebizitza hutsen mobilizazioa sustatzen dira.

Halaber, Planak gizarte-kohesioa, eta etxebizitza-politiken eta gainerako gizarte-politiken arteko lotura handiagoa sustatzeko neurriak planteatzen dituela azaldu du. Halaber, Planak, bereziki, gazteek euren emantzipazio-prozesuan duten beharrei eta adinekoen bizi-kalitatea hobetzeari arreta berezia eskaintzen die, eraikinen energia-eraginkortasunaren eta irisgarritasunaren bitartez.

Hain zuzen ere, hitzaldira bertaratutakoen artean interes handiena eragin duten gaiak hauek izan dira: etxebizitza hutsak erakartzeko programak eta etxebizitza publikoa eraikitzeko programak, eskubide subjektiboa gauzatzea eta gazteei emantzipatzen laguntzeko Gaztelagun bezalako programak.

Jardunaldia Manuel Amaya Arkitektura eta Urbanismo Fakultateko dekanoaren ongi etorri batekin hasi da. Ondoren, etxebizitza sozialean arkitekto espezialista eta Etxebizitzaren Institutuko (INVI) zuzendari Ricardo Tapiari eman dio hitza. Tapiak Txilen etxebizitza sozialak izan duen bilakaerari eta gaur egun duen egoerari buruz hitz egin du.   Ondoren, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolak hartu du hitza. Ekitaldia amaitzeko mahai-inguru bat egin da. Bertan, Etxebizitza sailburuorde Pedro Jaureguik eta Lurralde Plangintzaren sailburuorde Arantza Leturiondok hartu dute parte, besteak beste.

Hitzaldi hau Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila eta Eraikunde eraikuntzaren euskal klusterra aste honetan Txilera egiten ari diren erakunde-mailako eta merkataritza-azterketako bidaiaren barruan kokatua dago.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak