Berriak Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak
qrcode

Hegoaldeko Trenbide Saihesbidearen informazio azterlana tramitazio publikora irten da

2019-03-28
  • 2017an Estatuko Administrazioarekin hitzarmena sinatu ondoren, Eusko Jaurlaritzak ETSren bitartez gauzatzen ditu HTS-VSFko azterlanak, proiektuak eta obrak, eta Sustapen Ministerioak behin behineko onespena eman eta BOEn argitaratzen du
  • Aginte-kupo sistemari esker, Informazio Azterlana 12 hilabetetan idatzi ahal izan da, epeak arinduz, Udalekin zuzenean lan eginez eta Estatuko Administrazioak zuzenean kudeatu dituen beste proiektu batzuetan izandako atzerapenak saihestuz
  • HTS-VSFren azterlanak bi alternatiba jasotzen ditu Castaños ibaiaren inguruan: bide-zubian eta lur azpian

Bihartik, martxoaren 29tik, aurrera, herritar guztien esku egongo da Hegoaldeko Trenbide Saihesbidearen informazio azterlana, 1. faseari dagokiona. Bilboko Portua abiadura handiko sarearekin lotuko duen 12 kilometroko trazatuak bi alternatiba jasotzen ditu: Regato haranetik igarotzean lur azpiko igarobidea edo bide-zubia.

2017ko uztailean Euskadiko eta estatuko administrazioek lankidetzarako hitzarmena sinatu zutenetik, Euskal Trenbide Sarea kudeatzaileak informazio azterlanaren idazketan erakutsi duen azkartasunari esker proiektuaren tramitazioan epeak laburtu ahal izan dira, Estatuko Administrazioak zuzenean kudeatu dituen beste proiektu batzuetan izandako atzerapenak saihestuz. Eusko Jaurlaritzak funtsezko azpiegituraren garapenean erakutsi dituen zorroztasunari eta konpromisoari esker, informazio azterlana denbora (12 hilabete) eta forma egokian egin ahal izan da. Proiektu horrek hobetu egingo ditu Bilboko Portuaren lehiakortasuna eta Ezkerraldeko eta Meatzaldeko udalerri guztietako bizitza kalitatea.

Trenbide Plangintza Zuzendariordetza Nagusiak Estatuko Aldizkari Ofizialean gaur argitaratu duen iragarkia, Azpiegitura Idazkaritza Nagusiak Bilboko Hegoaldeko Trenbide Saihesbidearen informazio azterlana (1. fasea) behin behinekoz onetsi eta zazpi egunera etorri da.

Bihar hasiko da kontatzen hogeita hamar egun balioduneko epea, nahi duten pertsona guztiek, trazatuaren kontzepzio orokorrarekin erlazionatutako alegazioak aurkeztu ahal izan ditzaten, interes orokorreko eta ingurumeneako eraginari dagokienez.

Dokumentazioa Sustapen Ministerioko Trenbide Plangintzako Zuzendariordetza Orokorrean (Plaza de los Sagrados Corazones, 7, Madrid) jarri da guztien esku, egun eta ordu baliodunetan, eta baita Gobernuak Bizkaian duen Ordezkariordetzan ere (Federico Moyúa plaza, 5 – Bilbo). Internet bitartez ere eskuragarri egongo da: https://www.fomento.es/ferrocarriles/estudios-en-tramite/estudios-y-proyectos-en-tramite

Duela hilabete baino gutxiago, Legebiltzarrean, Arantxa Tapia Sailburuak Hegoaldeko Trenbide Saihesbidearen garrantzia gogorarazi zuen “Bilboko Portuaren etorkizuna eta lehiakortasuna bermatuko dituelako, UIC zabalerako abiadura handiko sare berriarekin lotuz, merkantzien eguneroko joan-etorria hiriguneetatik urrunduko duelako, gehien bat lur azpitik joango den trenbide bikoitzeko 12 kilometroko trazatu berritik joango delako eta, gainera, abiadura handiko etorkizuneko lotura bermatuko duelako”.

Eusko Jaurlaritzak sentsibilitatea erakutsi du Barakaldoko udalerriak jasan beharreko eragina murriztea eskatzen zuten gizartearen eta erakundeen eskarien aurrean. Hori dela eta, HTS-VSFren informazio azterlanak bi alternatiba jasotzen ditu Castaños ibaiaren eremurako: bide-zubian eta lur azpian.

ETS da HTS-VSFren lehen faseko obren proiektuen idazketaren eta egikaritzearen eta bigarren faseko (Bilbo-Basauri) informazio azterlanaren idazketaren arduraduna. Lehen fasea Trapagan dagoen Seranteseko tunelaren irteeratik Bilbora doa, San Mameserako sarbide berrien ingurura, ia erabat lur azpitik, Kadaguako igarobidean izan ezik. Jende aurreko informazio izapidearen ondoren, HTS-VSFk Barakaldon dagoen Regatoko harana gaindituko duen modua definitzea falta da.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)