Eu

Marcos Muro, Eibarko eskualdearen prestakuntza-eskaintza zabaltzeko Abian azokaren inaugurazioan

2019.eko martxoak 27

Eibar, 19-03-27

Marcos Muro Enplegu eta Gazteriako sailburuordeak eta Amaia Arteaga Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarteratzeko zuzendariak Debabarreneko LHko #Abian IV. Azoka irekitzeko ekitaldian parte hartu dute, Eibarren; azoka Debegesak antolatu du, Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Sozietateak.

 

Ekitaldian, bestalde, Miguel de los Toyos Eibarko alkateak, Mikel Larrañaga SD Eibar Fundazioko presidenteordeak eta Ainhoa Aizpuru Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Landa Ingurumeneko eta Lurralde Orekako diputatuak ere parte hartu dute, besteak beste.

 

Azoka ostiralera arte izango da, eta Debabarrena eskualdeko prestakuntza-eskaintza zabalduko du, kalitateko eta lan-merkatuaren beharretara egokitzen den trebakuntzarako aukera gisa. Bertan, zonako zenbait LHko zentrok parte hartuko dute, besteak beste: Armeria Eskola; Makina Erremintaren Institutua-IMH; Kardala Akuakultura Eskola; Meka Lanbide Eskola; Mutriku´ko Institutua; Eibarko Oinarrizko Lanbide Heziketa; Ermua-Mallabia Oinarrizko Lanbide Heziketa; eta UniEibar-Ermua.

 

Azoka Eibarko Armeria Eskolako patioan izango da, eta bertara doan sartu ahalko da nahi duen oro, 10:00etatik 14:30era, eta ostegunean baita arratsaldez ere, 16:00etatik 18:30era. Standek egingo duten erakusketaz gainera, doako hitzaldi eta tailerren programa ere egongo da.

 

Ekitaldian, bestalde, oraintsu Debegesa eskualdeko Garapen Agentziak Elhuyarrekin batera egin duen “STEM arloko bokazioen inguruko Debabarreneko ikasleen pertzepzioaren” gaineko azterlanaren emaitzak eta ondorioak ere aurkeztu dira.

 

Debabarreneko 14 eta 15 urte bitarteko 550 ikasle inguruk parte hartu dute azterlanean; genero-ikuspegia sartu da analisian. Bertan, zenbait galderari erantzun diete: berentzat interesgarrienak diren gaien inguruko interes eta jakin-minak, beren inguruneko industriak zer iradokitzen dien edo zer lanbidetan egin nahiko luketen lan etorkizunean.

 

Galdetegia erantzun duten ikasle gehienek esan dute ez dutela eskualdeko industria ezagutzen. Hala ere, bai neskek bai mutilek industria-garapena eskualderako aurrerapen positibotzat jotzen dute. STEM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika) eremuan lan egiteari dagokionez, bai neskek bai mutilek uste dute antzeko gaitasunak dituztela lanbide horiek gauzatzeko, baina mutil gehiagok ikusten dute beren burua eremu horretan lanean emakumek baino.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Miguel de los Toyos, Mikel Larrañaga, Ainhoa Aizpurua