Eu

Eusko Jaurlaritzak, 2019an, Euskal Ekonomiaren hazkundea %2,2ra eta enplegua %1,5era eguneratu ditu

2019.eko martxoak 29

EUSKO JAURLARITZAK, 2019AN, EUSKAL EKONOMIAREN HAZKUNDEA %2,2RA ETA ENPLEGUA %1,5ERA EGUNERATU DITU

Ogasun eta Ekonomia Sailak ekonomiaren hazkundearen aurreikuspena %2,3tik %2,2ra aldatu du
• Enpleguaren sorkuntzari dagokionez, aurreikuspenak %1,4tik %1,5era igo dira, hau da, 14.800 enplegu 2019an
• Jaurlaritzak 2020rako eman dituen datuek ekonomiaren %2ko eta enpleguaren %1,3ko hazkundea erakusten dute
• Eusko Jaurlaritzaren iritziz, euskal ekonomia balio potentzialetan ari da hazten

Ogasun eta Ekonomia Sailak, Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzaren bitartez, 2018ko laugarren hiruhilekoari dagokion Hiruhileko Txostena argitaratu du. Bertan, 2019rako euskal ekonomiaren hazkundea eguneratu eta BPGaren %2,2an jartzen da. Hori, Eusko Jaurlaritzak aurreikusitakoa baino hamarren bat gutxiago da. Inguruneari buruzko informazioak eta laugarren hiruhileko kontu ekonomikoen argitalpenak datuak eguneratzeko aukera eman dute.

Horrela, 2019ko desazelerazioa lehenengo seihilekoan emango da batez ere, eta 2020an, orokorrean, aurrerapena %2,0koa izango da. Euskadin, barne eskariak tonu dinamikoa izango du 2019an, eta industria sektoreak azken hilabeteetan erakutsi dituen datu ezkorrenak iragankorrak izango direla uste da.

Beraz, Eusko Jaurlaritzaren iritziz, euskal ekonomia balio potentzialetan ari da hazten, aurreko urteetan izan genituen %3aren inguruko hazkundeen ondoren.

Beste alde batetik, enpleguari dagokionez, Ogasun eta Ekonomia Sailak egin zituen aurreikuspenek gora egin dute, jardunaldi osoko lanpostu baliokide kopuruak %1,5 egingo baitu gora 2019an (%1,4 zegoen aurreikusita), eta %1,3 2020an. Horri esker, 2019an ekonomiaren osotasunak 14.800 enplegu gehiago izango ditu, eta beste 12.500 hurrengo urtean. Txostena Sailaren webgunean dago.

Gure gertuko ingurunean gertatzen dena aztertzeko, Alemaniak 2019rako egin duen ekonomiaren hazkundearen berrikuspenari begiratu ahal zaio. 1,5etik 1,0ra igaro da (merkataritza arloko tentsioak eta merkataritzako bazkide nagusien ahulezia); Frantzia 1,6tik 1,3ra (txaleko horien krisiak eragindako gizarte arloko tentsioa); Italia 0,7tik 0,1era (tentsio politikoak eta barne eskari apatikoa); Erresuma Batua 1,5etik 1,3ra (Brexit-a eta inbertsioaren ahultzea); edo Eurogunea 1,6tik 1,2ra.

Euskal ekonomia %2,8 hazi zen 2018an


Euskal Ekonomia %2,4 hazi zen laugarren hiruhilekoan, eta 2018. urtea %2,8ko hazkundearekin amaitu zuen, 2017an izandako emaitza baino hamarren bat azpitik bakarrik. Batez besteko urteko tasen arteko egonkortasun hori, hiruhilekoen araberako oso bilakaera desberdinarekin lortu da.

2018ko lehen hiruhilekoan, BPGaren urte arteko aurrerapena %3,1ekoa izan zen, eta urtearen amaieran aipatutako %2,4koa, hau da, intentsitateak zazpi hamarren egin zuen behera. Desazelerazio hori Europar Batasunean, orokorrean, izandakoa baino pixka bat txikiagoa da, urtearen hasieran %2,4ko hazkundea izatetik azken hiruhilekoan %1,4koa izatera igaro baitzen. Datuak are nabarmenagoak dira Alemanian (%2,1etik %0,6ra) eta Frantzian (%2,2tik %0,9ra). Espainia da salbuespena, hazkundea lau hamarren baino ez baita murriztu, eta urtearen amaieran egonkortasun nabarmena erakutsi duelako (%2,4). Espaina ez da salbuespena, eta bere hazkundea %2,9-tik %2,3-ra jaitsi da.

Kanpoko sektoreak oso leku garrantzitsua bete du 2018ko desazelerazioan. Urtea hamarren bateko ekarpen positiboarekin hasi zuen arren BPGari hiru hamarren murriztuz amaitu zuen. Lau hamarreneko alde horrek, ekonomiak erregistratu duen moteltzearen erdia baino zerbait gehiago justifikatzen du.

Barne eskariak (%2,6) hamarren batean hobetu zuen hirugarren hiruhileko datua, hiruhileko horretako desazelerazioa motelduz. Azken kontsumoak %2,2 egin zuen gora, eta kapitalaren eraketa gordina %4,1 hobetu zen urte artekoan.

Azken kontsumoaren hobekuntza kontsumo pribatuaren bultzada handiagoan oinarritu zen (%2,6), hiru hamarren hobetu baitzuen aurreko datua. Enpleguaren sorkuntzak erakusten duen indarrari esker, familien kontsumoak zabaltzeko tonuarekin jarraitzen du.

Eskaintzaren aldetik, industriak intentsitate handiarekin hasi zuen urtea (%3,9), baina dinamismoa galduz joan zen, laugarren hiruhilekoan balio erantsia galdu arte (-%0,2). Bilakaera hori ez da soilik euskal industrian eman, Europako gainerako ekonomietan ere hautematen da,

automobilgintzak pisu handia duen ekonomietan, batez ere.

Eraikuntzak nabarmen azkartu zuen bere erritmoa, urtea %5,6ko hazkundearekin amaitu arte. Zerbitzuen tasei dagokienez, egonkorrak izan ziren, eta %2,9ko hazkundea lortu zuten, bai laugarren hiruhilekoan eta baita 2018ko batez bestekoan ere. Egonkortasun hori nabarmenagoa da merkataritza, ostalaritza eta garraio blokean (%3,0), eta bestelako zerbitzuak izenekoan (%3,1).

18.500 enplegu 2018an

Enpleguak %2,0 egin zuen gora laugarren hiruhilekoan, eta urte osoan %2,1, 2017an izan zuen hazkunde bera. Hain zuzen ere. Horri esker, 2018ko laugarren hiruhilekoan, 2017ko epealdi berean baino 18.500 lanpostu gehiago zeuden. Industria sektoreak 3.000 enplegu gehitu zizkion ekonomiari, eraikuntzak lortutakoa (2.400) baino zerbait gehiago. Dena den, zerbitzuak dira enplegu berri gehien biltzen dutenak (12.700).

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @laboralempresas
    2019.eko martxoak 29

    Comentario de Twitter:
    El Gobierno Vasco actualiza el crecimiento de la Economía Vasca al 2,2% y el empleo al 1,5%, en 2019 https://t.co/1gTxTc1aK7

Ekitaldiko kargudunak