Eu

Osalanek stand bat izango du Laboralia 2019 azokan

2019.eko martxoak 27

Valentzia, 2019ko martxoaren 27a.- Jon Azkue, Lan sailburua eta Osalaneko Kontseilu Nagusiaren presidentea, eta Osalaneko zuzendaria, Alberto Alonso, Laboraliaren inaugurazioan dira, gaur, Valentzian.  Erreferentziazko azoka dugu Laboralia laneko prebentzio eta ongizatean; bertan, alor horretako azken aurrerapenak erakusten dira. INVASSATek (Valentziako Laneko Segurtasun eta osasun Erakundea) antolatzen du lehiaketa eta Osalanek bere standa izango du.

Hitzordua aukera paregabea izan daiteke ezagutzak trukatu eta hartu-emanak lantzeko; hori horrela, Osalanek abagune hori aprobetxatu nahi du parte-hartzaileen esku jartzeko lan Osasuna eta lan arriskuak prebenitzeari buruzko argitalpenak, ikerlanak eta ikerketak, bai eta sentsibilizazio kanpainak ere. Horretarako, hainbat arlori buruzko dibulgaziozko materiala eta prebentziorako gomendioak jarri ditu standean: lan istripuetako biktimei arreta, laneko jazarpenari buruzko protokoloak, enpresan diren adikzioen prebentzioa, segurtasun sareak, behaketa epidemiologikoa lanean,  arrisku psikosozialak edo arriskuen prebentzioa zubiak eraikitzean, beste askoren artean.

Bestalde, lehen eskutik ezagutu ahal izango ditugu azken berrikuntzak, haietako asko aurrerapen teknologikoak eta adimen artifizialak sustatuta. Berrikuntza horiei esker, etorkizunean robotika eta gizakiaren jarduera uztartuta lan egingo duten lantokiak izango ditugu.  Horren erakusgai azokan diren azken belaunaldiko exoeskeletoak ditugu, besoak, gerrialdea edo hanken mugimenduetan laguntzen dutenak, eta beraz, langileek lokomozio-aparatuan izaten dituzten arazoak gutxitu.

Halaber, kaskoak eta maskara babesgarriak daude, begiak zein belarriak babestekoak, erresistentzia handiko materialak erabilita eginikoak, bai eta tapoi moldatuak, zarata handia dagoen lekuetan babesten dutenak.  BEI (babes ekipamendu indibiduala) arloan ere babesteko eredu berriak ditugu, altueretatik erortzean babestekoak edo mahai erregulagarriak, langileen gerrialdeko eta jarrera arazoak saihestekoak.

Arrisku kimikoari eta prebentzio-kulturari buruzko jardunaldiak

Erakusketarekin batera, Laboralia 2019 azokak kongresu eta prestakuntza eskaintza nabarmena du. Berebiziko interesa du administrazio publikoan zein enpresa pribatuan diharduten Laneko arriskuen prebentzioko teknikarientzat.  Kongresurik jendetsuenetariko bat –milaka profesional aurrekusten da- prebentzio-kultura deritzonaren gainekoa izango da.  Bertan, prebentzio-kulturaren hainbat alderdi landuko dira, baita enpresetan duten erabilera ere.  Horixe izango dugu asteazkeneko gai-arloa; ostegunekoa, berriz, arrisku kimikoen ingurukoa izango da bere osotasunean: arrisku kimikoak lanean eta haien prebentzioa, bereziki formaldehido, silize, petrolio edo amianto moduko sustantzien aurrean.

Horiek jarduera guztiez gain, Ergonomiari eta Enpresa Osasungarriei buruzko jardunaldiak izango dira, enpresen zahartzea nola kudeatu azaltzea helburu izango dutenak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak