Emilio Sola: “Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema sistema unibertsal eta erantzukizun publikoko sistema gisa finkatu dugu”
- Bilbon PRODOME, PROfessionalising DOMestic housekeepers in Europe proiektua aurkeztu da
- Bi jardunalditan, Solaz gainera, Juan Ibarretxek eta Irune Muguruzak ere parte hartuko dute, eta Eusko Jaurlaritzaren zenbait proiektu aurkeztuko dira
Bilbo, 19 03 26
Emilio Sola Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuetako zuzendariak, gaur, honako hau esan du: “euskal erakundeek Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema sistema unibertsal eta erantzukizun publikoko sistema gisa finkatu dute; horrela, sistemaren zerbitzuetara eta prestazio ekonomikoetara jotzea eskubide subjektibo gisa bermatzen da. Eta legean aurreikusten den arreta-ikuspegiaren edo -eredu komunitarioaren arabera zabaltzea”.
Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuetako zuzendariak gaur eta bihar Bilbon izango diren bi jardunaldien aurkezpenean hitz egin du; bertan, PRODOME, PROfessionalising DOMestic housekeepers in Europe proiektua zabalduko da (Europan etxeko enplegatuen profesionalizazioa), SSI taldeak antolatuta.
Proiektuaren helburua berdinen arteko ikaskuntza, jardunbide egokien trukea, ikuspegi eta helburuen trukea sustatzea da, bai eta etxeko lanen profesionalizazioa bultzatzea ere, profil horretarako Europako curriculumaren bidez.
Emilio Solak Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema aurkeztu du. Jardunaldian bertan, Irune Muguruza Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saileko aholkulariak Ikuspegi - Immigrazioaren Euskal Behatokia aurkeztu du. Bihar, asteazkenean, Juan Ibarretxe Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuaren Enplegurako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Prestakuntzako zuzendariak lanbide-heziketako eta -trebakuntzako euskal sistema azalduko du. Gainera, arduradun teknikoek betiON teleasistentziako zerbitzu publikoa aurkeztuko dute.
PRODOME proiektua
PRODOME proiektua Erasmus+ Gaitasun Sektorialetarako Aliantzak antolatu du, eta helburua da zerbitzuen sektorearen profesionalizaziorako laguntza ematea. Zehazki, proiektuak prestakuntza erdipresentzialeko programa garatuko du, bi estatu pilotutako etxeko enplegatuentzat (Espainia eta Italia). Programa zeharkako gaitasunen (besteak beste gaitasun digitalak edo ekologikoak, etxeari aplikatuak) eta zehatzen garapenean zentratuko da.
Gainera, profesional-mota horietarako Europako ziurtagirirako ibilbide-orria sortu ahal izateko azterlana egingo da. Proiektuari buruzko argibide gehiago: https://www.prodome.eu/es/