Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Eusko Jaurlaritzak Arabako gas propanoaren kasua itxi du, egindako kontrol guztien arabera irregulartasunik ez dagoelako

2011.eko martxoak 17

Industria Sailak lagin independenteak hartu ditu aldez aurretik abisatu gabe, eta, emaitzen arabera, Repsolek hornitutako gasaren kalitatea egokia da

Azken hilabeteetan Repsolek Arabako probintzian emandako gas propanoaren hornidura-zerbitzua egokia izan da, eta indarreko legeriak eskatutako betekizun guztiak bete ditu. Joan den otsailaren 24an, Industria Sailak Araban duen Ordezkaritzak enpresaren bezeroen lehen kexa jaso zuen, eta harrezkero egindako txosten teknikoen ondorioek ez dute zalantzarako aukerarik ematen.

Orduz geroztik, eta ildo horretatik beste zenbait kexa erantsi zirela ikusirik, Eusko Jaurlaritzak sakoneko lana egin du, gasaren fakturan eragiten duten parametro guztiak egiaztatzeko. Energia Zuzendaritzak Kontsumo Zuzendaritzak eta Arabako Industria Ordezkaritzak koordinatuta jardun dute erreklamazioei erantzuteko.

Eusko Jaurlaritzaren Energiako zuzendari Oskar Zabala jauna prentsaurrekoan azaldu da gaur, lanak amaitu ondoren lan horien guztien berri emateko. Adierazi duenez, "diskrezioz jardun dugu, et a eskura ditugun bitarteko guztiak erabili ditugu erabiltzaileen kexak argitzeko". Eta, Repsolek bezeroei ematen dien zerbitzuan inolako irregulartasunik atzeman ez dugunez, Jaurlaritzak gai hori itxitzat eman du, sortutako zalantza guztiak argitu direlako segurtasun osoarekin.

Repsolek bidalitako azken fakturazioaren igoera zela-eta kexatu ziren erabiltzaileak. Zehazki, martxoaren 15ean, bide ofizialetik 25 kexa aurkeztu ziren guztira, udalerriz udalerri honela banatuta: Antezana (4), Aramaio (3), Artziniega (1), Gopegi (3), Izarra (2), Bastida (1), Zanbrana (1), Zigoitia (1), Zuia (8) eta Zurbano (1). Horiezaz gain, zenbait faktura-kopia jaso dira, baita telefono bidezko erreklamazioren bat ere, Repsolen azken fakturarekiko desadostasuna baino adierazten ez zuena. Repsolek gas kanalizatua jasotzen duten 2.500 bezero ditu Araban.

Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzak egin beharreko guztia egin du gasaren fakturazioa egokia izan dela egiaztatzeko. Hala, Euskalmetek eskainitako batez besteko tenperaturak egiaztatu genituen, eta Repsol enpresako arduradunekin harremanetan jarri ginen, kexak sortu ziren udalerrietan enpresak bere bezeroei egindako fakturazioarekin eta hornidurarekin lotutako dokumentazio guztia eskatzeko. Gehienetan, informazioa, azterketa eta datuak eskatu genituen, aldez aurretik abisatu gabe.

Enpresak berehala eman dizkigu betiere eskatutako datu guztiak, fakturazioaren bilakaerarekin, gasaren kalitate-ziurtagiriekin, erabiltzaileen kontsumoekin eta abarrekin lotutakoak barne.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak beste zenbait gas-operadoreri kontsumoak eskatu zizkion, datuak gurutzatzeko eta antzeko egoeretan fakturatutako zenbatekoak eta kontsumoak alderatzeko. Bi asteko lana amaiturik, Repsolen fakturetan inolako irregulartasunik ez dagoela ondorioztatu da.

Fakturazioan administrazio-okerrik ote zegoen ere aztertu dugu, emaitza berberarekin. Hasiera batean zenbaitek adierazi zuten kontagailuak izan zitezkeela arazoaren jatorria, baina horietan ere ez dugu inolako irregulartasunik aurkitu.

Gasaren kalitatea neurtzeko laginak

Bestetik, joan den astean zenbait erabiltzaile kexu azaldu ziren litekeena zelako hornitutako gasa kalitate eskasekoa izatea. Hori egiaztatzeko, Industria Sailak astebete lehenago eskatuak zituen jatorrian bertan egindako kontrolak eta kalitate-ziurtagiriak.

Arabara iristen den gasa EAEko beste lurraldeetara eta gainerako erkidego mugakideetara bidaltzen den berbera da, eta hiru kontrol mota gainditu behar ditu etengabe: Bilboko portuan deskargatzen duten gasontzietan, Santurtziko deskarga-plantako biltegiratze-esferetan eta gasa lurraldez lurralde banatzen duten kamioietan.

Gainera, aste honetan, aldez aurretik abisatu gabe eta ustekabean, gasaren kalitatea neurtzeko hiru lagin hartu ditugu, Murgian, Izarran eta Muruan. Repsoletik aparteko laborategi batek hartu ditu laginak, eta aurreko laginketa guztietako ondorio berbera atera da: gasaren kalitateak gainditu egiten ditu eskatutako estandarrak.

Benetako arrazoiak

Ondorio gisa zera esan dezakegu, gas propanoaren fakturak igo direla, batetik, azken urtean tarifek gora egin dutelako. Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioak prezioan ezarritako igoera % 30 izan da, gutxi gorabehera. Bestetik, 2011n kobratzen den BEZa (% 18), 2010ean kobratzen zena (% 16) baino handiagoa da. Eta, azkenik, faktura bezeroak hilabete bakoitzean egindako kontsumoaren araberakoa da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Energiako zuzendaria, Oskar Zabala