Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak politika publikoak sustatzen jarraituko du familia-nekazaritzaren eskariei eta premiei erantzuteko

2019.eko martxoak 27
  • Familia Nekazaritzaren VI. Konferentzia Globalean izan da Iñigo Urkullu

  • Sektore primarioa gero eta lehentasun handiagoa hartzen ari dela azpimarratu du Lehendakariak

  • Munduko Landa Foroak lanean dihardu aurrerabidea eta aukerak bultzatzeko; komunitate bakoitzak bere garapen-aukera sortzea lortzeko

  • Munduko Landa Foroak Euskadin eragin positiboa izateko duen ahalmena nabarmendu du Lehendakariak 

Iñigo Urkullu Lehendakaria, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapia lagun zuela, gaur goizean izan da Familia Nekazaritzaren VI. Konferentzia Globalean

Derioko Seminario Bilbao Hotelean egin da ekitaldia eta bertan izan dira parte hartzen MLFko presidente José Mª Ceberio, Afrikako Batasuneko Landa Ekonomia eta Nekazaritza Batzordeko komisario Josefa Leonel Sacko, Elikadura Segurtasunaren Mundu Komiteko presidente Mario Arvelo, Costa Ricako Gobernuko Nekazaritza eta Abeltzaintza Ministro Renato Alvarado, Espainiako Gobernuko Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko Nekazaritza eta Elikadurako idazkari nagusi Fernando Miranda, Europar Batasuneko C1. DG DEVCO unitate-buru Leonard Mizzi, FAOko Elkarteen Ataleko eta Hegoaldeko herrien arteko Garapeneko zuzendari Marcela Villareal, eta FIDAko Global Engagements and Multilateral Relations ataleko zuzendari Ashwani Mutthoo.

Bere jardunean, Lehendakariak azpimarratu duenez, sektore primarioa gero eta lehentasun handiagoa hartzen ari da eta Eusko Jaurlaritzak jarraitu egingo du politika publikoak sustatzen familia-nekazaritzaren eskariei eta premiei erantzuteko. Hala, Lehendakariak azaldu duenez, azken bost urte hauetan, sektore primarioak gero eta protagonismo handiagoa hartu du Euskadin. Zentzu horretan, adibide gisa aipatu ditu: inbertsioa eta berrikuntza elikaduraren balio-kate osoan; sektorean emakumea txertatzea eta aintzatestea; espezializazio adimenduna elikaduran, nekazaritza jasangarrian eta akuikulturan; “zero kilometroaren” aldeko apustua; eta inbertsioa zentro teknologikoetan eta ikerketakoetan nekazaritzako elikagaien inguruan: Neiker, Azti edo Aberekin.

Bestalde, Lehendakariak nabarmendu egin du Munduko Foroak Euskadin eragin positiboa izateko duen ahalmena; eta azpimarratu du Foroak lanean diharduela aurrerabidea eta aukerak bultzatzen; komunitate bakoitzak bere garapen-aukera sortzea lortzeko. “Aitortu eta balioetsi egiten dugu bere eragin positiboa”, zehaztu du.

Lehendakariak gogora ekarri duenez, Munduko Landa Foroa globalizazioaren testuinguruan eratu zen eta familia nekazaritzako bizitza, mundu osoko nekazarien bizitza hobetzeko helburuz egin duen seigarren Konferentzia honen deialdia. Lehendakariak esandakoaren arabera, Foroak hausnarketa sakon bat proposatzen du, lotuta baitago gure planetako etorkizuneko erronkekin: ingurumenaren iraunkortasuna, elikaduraren segurtasuna, landako ekonomia eta sektore primarioaren modernizazioa. Hala, Lehendakariak adierazi duenez, hausnarketa horrek eremu emankor bat aurkitzen du Munduko Landa Foro honetan, uztartu egiten baititu kontinente desberdinen ikuspegiak, instituzio publikoenak eta familia-nekazaritzako elkarteenak.

Lehendakariak azpimarratu duenez, Munduko Landa Foroa erakunde konprometitu bat da, arazoari sorburuan erantzuten diona. “Munduko Landa Foroa gai da eragile publikoak eta pribatuak elkartzeko, solidaritatearen, elikadura osasungarriaren, pobrezia ezabatzearen, ingurumena zaintzearen, giza garapenaren eta hazkunde jasangarriaren balio positiboak hedarazteko”, adierazi du.

Munduko Landa Foroa

Munduko Landa Foroa (MLF) sare plural bat da, Familia Nekazaritza eta Landako Garapen Jasangarria sustatzen dituena; Familia Nekazaritzako federazioek eta erakundeek osatua da, besteren artean: COPROFAM, PIFON, PDRR, PROPAC eta AFA, landa-grapeneko erakundeak, INADES besteren artean, kooperatibak eta nekazaritzako ikerketa zentroak, CIRAD besteren artean. 

Munduko Landa Foroa 1998ko azaroaren amaieran Gasteizen egin zen Landa Merkataritza eta Garapenari buruzko Nazioarteko Kongresutik sortu zen. Ekitaldi hartako Amaierako Deklarazioak helburu batzuk ezarri zituen eta akordio zabal bat bildu zuen Foro bat sortzeko, deklarazioak denboran jarraitasuna izateko eta praktikara eramateko. Bere ibilbidean MLFk hainbat sari jaso ditu eta garrantzizko espazio bat lortu du bere lana Nazioarteko Erakundeen aurrean garatzeko. Aurten, 20 urte betetzen ditu Munduko Landa Foroak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak