Berriak Lehendakaritza
qrcode

Industriaren hazkunde-aukerak eta gure planetarekiko konpromisoa batzearen alde apustu egin du Lehendakariak

2019-03-27
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.
  • Michelin Hirien Nazioarteko Sarearen II. Kongresuari hasiera emateko ekitaldian parte hartu du Iñigo Urkulluk

  • Lehendakariak azpimarratu duenez Giza Garapen Jasangarriaren ereduarekin konprometitutako Herrialdea da Euskadi

  • Euskadi Basque Country-k beregain hartzen ditu Nazio Batuen Agenda 2030 eta Garapen Jasangarrirako 17 Helburuak

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapia eta Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabal lagun zituela, Michelin Hirien Nazioarteko Sarearen II. Kongresuari hasiera emateko ekitaldian parte hartu du. 

Gasteizko Europa Jauregian egin da ekitaldia eta bertan izan dira baita ere Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzalez, Gasteizko alkate Gorka Urtaran eta Clermont-Ferrand-eko alkate Olivier Bianchi.

Bere jardunean, Lehendakariak azpimarratu egin du Euskadi Basque Country-ren apustua, “auzolanaren ekonomia”, oraingoa eta etorkizunekoa, orekatzen duen ereduaren alde; industriaren hazkunde-aukerak eta gure planetarekiko konpromisoa batzen dituen eredua, alegia. “Giza Garapen Jasangarriaren eredu honen aldeko apustua partekatzen dugu, ekonomiaren garapena giza eskalan izatearen alde lan egiten duena”, gaineratu du.

Lehendakariak gogora ekarri duenez, Giza Garapen Jasangarriaren ereduarekin konprometitutako Herrialdea da Euskadi; Herrialde honek “bi eskuekin lan egiten du”, eta bere tradizio eta bokazio industriala ingurumenarekiko errespetuarekin eta zaintzarekin orekatzen jakin izan du. Zentzu horretan, Urkullu Lehendakariak adierazi duenez, esku batekin, Euskadik apustu egiten du 4.0 industriaren, digitalizazioaren, logistikaren eta hazkunde jasangarriaren alde eta, beste eskuarekin, konpromisoa hartzen du “The Climate Goup” Nazioarteko Sarearekin; edo Gasteizen “Green Capital” nortasuna indartuz.

Gainera, Lehendakariak azpimarratu duenez, Euskadi Basque Country-k beregain hartzen ditu Nazio Batuen Agenda 2030 eta Garapen Jasangarrirako 17 Helburuak. Hau da, batetik, ekosistema ekonomiko erakargarri bat inbertsiorako, berrikuntzarako eta industriaren garapenerako; eta, bestetik, ingurune berde eta iraunkor bat, ingurumenarekin konprometitua, baita klima-aldaketaren aurkako borrokaren helburuekin ere.

Lehendakariak adierazi duenez, Gasteiz ‒“Michelin Hiria” eta “Green Capital”‒ jarduera industrialaren eta bizi-kalitatearen arteko orekaren erakusgarri da; ekonomiaren hazkundearen eta ingurumenaren iraunkortasunarekiko konpromisoaren arteko orekarena. “Nazioarteko Konferentzia hau aukera bat da herritarren kontzientziazioan aurrera egiteko, belaunaldi gaztearen artean bereziki”, adierazi du.

Michelin Hirien Nazioarteko Sarearen II. Kongresua

Michelin Hirien Nazioarteko Sarearen II. Kongresua Europa Jauregian egingo da martxoaren 27, 28 eta 29an, eta etorkizuneko hirien eraikuntza jasangarrian oinarrituko da. Bertan bilduko dira 150 biltzarkide, 26 hiri, 15 herrialde eta 17 alkate, 2012ko Europako Hiriburu Berdera etorriak, hiri jasangarriagoak eraikitzeko erantzun berrien bila jarduteko helburuarekin. Izen handiko nazioarteko hizlariak izango dira parte hartzen, besteak beste, Saskia Sassen holandarra, Príncipe de Asturias Sariaren irabazle (2013) Gizarte Zientzietan, eta Gil Peñalosa kolonbiarra, Kanadako 8 80 Hiriak erakundeko presidentea eta sortzailea eta Hiri Parkeen Munduko Sarearen enbaxadorea.

Ekitaldiak sareko kide diren hirien arteko lankidetza sustatuko du hainbat gairi buruzko tailer espezifikoen bitartez, eta alkateen arteko elkarraldi bat ere hartuko du Michelinek egoitza nagusia duen Clermont-Ferrand-eko (Frantzia) Udalak sortutako sare hau bultzatzen jarraitzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)