Berriak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza
Eu

Euskadik 12 artzain profesional berri ditu

2011.eko martxoak 17

Lanbide-prestakuntza duten 101 abeltzaini artzaintzaren sektorean finkatzen lagundu dieIMK Artzain Eskolak

1997tik Oñatiko zentrotik pasa diren 191 ikasleen %52 artzainak edo artzainen seme-alabak dira eta sektorearekiko bokazio handia dute Jose Luis Anda Nekazaritza sailburuordeak nabarmendu duenez, "prestakuntza espezifikoa behar da, berritzailea eta etengabea, lehen sektoreko profesionalak gainditu behar dituen erronka guztiei aurre egiteko".


Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Itsasmendikoi (IMK) enpresa publikoak, IMK Artzain Eskolako XIV. ikastaroari amaiera eman berri dio. Denera, 12 ikaslek parte hartu dute azken edizioan eta, zenbaki horri 1997tik Arantzazun (Oñati) kokatutako zentrotik pasa diren gainerako ikasleen kopurua gehituta, 191 ikaslek parte hartu dute, guztira, prestakuntza programa honetan. IMK Artzain Eskolak bere ikastaroek izandako harrera eta emaitzak ezagutzeko egindako inkesta baten arabera, hamalau urte hauetan lanbide-prestakuntza duten 101 abeltzaini artzaintzaren sektorean finkatzen lagundu die IMK-k

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Landa Inguruneko sailburuorde Jose Luis Andak gogorarazi duenez, "nekazaritzako profesionalak, artzainak, elikagaiak ekoizteaz gain, produkzio teknika berriak erabiltzeko gaitua egon eta modu jasangarrian lan egin behar du". "Tokiko merkatura bideratzen den produkzioa kanpotik datozen produktuetatik bereizi behar du, ez bertakoa izateagatik soilik, baizik eta baita, eta batez ere, kalitatezkoa izateagatik", erantsi du.

Zentzu horretan, Jose Luis Andak azpimarratu duenez, "prestakuntza espezifikoa behar da, berritzailea eta etengabea, lehen sektoreko profesionalak gainditu behar dituen erronka guztiei aurre egiteko". Era berean, aditzera eman du Nekazaritza saileko erronketako bat dela "lehenengo sektorearen, eta kasu honetan artzaintzaren sektorearen, lehiakortasuna mantendu eta areagotzearen alde lan egitea, eta baita landa eremuko biztanleriaren ongizatea bermatzea ere".

Jose Luis Andak eman dio amaiera Itsasmendikoiren Artzain Eskolaren XIV. ikasturteari Arantzazuko Gandiaga Topagunean egindako ekitaldi batean. Bertan izan dira, era berean, Fernando Izaga IMK-ko zuzendari teknikoa; Batis Otaegi eta Ekain Murua IMK Artzain Eskolako koordinatzaileak; eta Nikolas Segurola, artzaina eta ikastaroko tutorea.

Ikasleen profila
Guztira, 12 ikaslek amaitu dute azken ikastaroa; Gipuzkoako bostek, Arabako hiruk, Bizkaiko bik eta Nafarroako beste bik. Horietatik bederatzi gizonezkoak dira, eta hiru, emakumezkoak. IMK Artzain Eskolaren ikasturte guztietako zifra globalei dagokienez, ikasle gehienak gizonezkoak (%77,49) eta Euskal Autonomia Erkidegokoak (%71,73) dira. Gipuzkoatik datoz gehienak (68); eta ondoren Bizkaitik (37) eta Arabatik (2) etorritakoak. Aipagarria da ere Estatuko beste autonomia-erkidego batzuetako ikasle kopurua (28), baita atzerritik etorritakoena ere (26). Ikasturteko, bataz beste, 14 ikasle hartu ditu eskolak.

Adinari dagokionez, bataz bestekoa 26 urtekoa da eta %94a gazte abeltzainen kategorian dago, abeltzaintza sektoreari ematen zaizkion laguntzei dagokienez. 191 ikasleetatik %52 artzainak edo artzainen seme-alabak dira eta artzaintza sektorearekiko bokazio handia dute. Zehazki, 105k artaldeak zituzten eskolan hasi zirenean. Bataz beste, 374 buru zituen artalde bakoitzak.


Ikastaroaren ezaugarriak
Ikastaro trinko hori 2010eko urriaren 18an abiatu zen eta bost hilabete iraun ditu. Hamar astetan, teoriaz gain, hainbat bisitaldi egin dira; hala nola laborategietara, instalazioetara, kudeaketa zentroetara eta nekazaritza eskoletara. Halaber, 50 buruko artaldea zaindu behar izan dute ikasleek. Beste hamar asteak guztiz praktikoak izan dira: ikasleek artzain profesionalen baserri eta ustiategietan eman baitituzte.

Ikastaroaren edukiari dagokionez, artaldea behar bezala zaintzeko ikasgaiak izan dira nagusi: elikadura, gaixotasunak, genetika, gaztaren elaborazioa eta produktuen merkaturatzea. Horrez gain, artzaintzarekin hain lotuta ez badaude ere, interesgarriak izan daitezkeen gaiak ere landu dituzte; esaterako autoestimua, talde-lana, Labela eta kalitatea.


Omenduak
Ikastaroaren itxiera ekitaldian, ikasleei diplomak eta makilak banatu ez ezik, omenaldia egin zaie Zestoako Angel Errasti artzainari eta Neiker erakundeari, artzaintza sektoreari egindako ekarpenagatik.

Halaber, Eduardo Urartek IMK Artzain Eskolako ikasle ohien elkarteari buruzko hitzaldia eskaini du.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Beste gonbidatu batzuk
  • José Luis Anda