Eu

Itzuliak bere kartela euskal sortzaileei eskatzeko tradizioa berreskuratu eta aurtengo edizioarena aurkeztu du, Yolanda Mosquera irudigile arabarrak egindakoa

2019.eko martxoak 26
  • Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak hala proposatuta, aurtengo kartela Lan Literario baten Ilustrazioa modalitatean Euskadi Literatura Sariaren iazko irabazleak egin du

 

Bilbao, 2019/03/26            

Eusko Herriko Itzuliak aurtengo edizioaren kartela aurkeztu du gaur Bilboko Arte Ederren Museoan: Yolanda Mosquera irudigile arabarraren lan bat. Iaz, Euskadi Literatura Saria irabazi zuen  Mosquerak, Lan Literario baten Ilustrazioa modalitatean, eta Eusko Jaurlaritzak hala proposatuta eskaini zaio kartela egitea. Helburua da Gerra Zibilaren aurreko tradizio bat berreskuratzea, garai hartan punta-puntako euskal artistek egiten baitzituzten Itzuliaren kartelak. Mosquerak ikusizko metafora bat proposatu du kartelean, tropela islatzen duen koloredun suge bat lurraldean sigi-saga narrasten erakusten duena.

Yolanda Mosquerarekin batera, gaurko prentsaurrekoan izan dira Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; Miguel Zugaza, Bilboko Arte Ederren Museoaren zuzendaria; eta Itzulia antolatzen duen OCETA erakundeko presidentea, Julián Eraso. “Antonio Guezala margolariaren senitartekoekin izandako bilera batean gogoratu genuen nola Gerra Zibila baino lehenago euskal artistek Itzuliaren kartelak egiten zituzten. Momentu hartan sortu zen tradizio hori berreskuratzeko ideia. Itzuliaren antolatzaileei proposatu genien, eta oso era positiboan erantzun zuten”, azaldu du Zupiriak.

“Ekimen honi esker ohitura bat berreskuratu dugu eta talentuz beteriko euskal artisten belaunaldi bat gogoratzeko aukera izango dugu. Halaber, ekimen honek euskal sortzaileei beren lana erakusteko aukera berriak eskainiko dizkie, publiko zabal batengana heltzeko aukera luzatuz. Hirugarrenik, artea eta kirola uztartzen duen apustu hau Itzuliaren tradizioa eta prestigio nabarmentzeko baliagarria izango da”, gehitu du sailburuak.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren proposamenak, Itzuliaren eskutik bultzatua, urtero eskainiko dio kartela egiteko aukera sortzaile bati. Hortaz, Euskadi Literatura Sariaren irabazleak, Lan Literario baten Ilustrazioa modalitatean, abagune berri hori izango du. Iazko edizioan modalitate horretan gailendu zen Yolanda Mosquerak azaldu duenez, ilusio handiz jaso zuen proposamena.

“Sailaren proposamenak emozio handia eragin zidan eta buru-belarri aritu naiz kartela diseinatzen. Lan egiten dudanean ikusizko metaforak baliatzea gustuko dut, inteligentzia desafiatuz eta kontzeptu ezberdinen inguruan geruza edo oinarri ezberdinak sortuz. Kontzeptu horiek era batera edo bestera helduko dira hartzailearengana haren interesen arabera”, azaldu du. Sugaar pertsonaia mitologikoaren irudia erabili du Mosquerak aurtengo kartelean, “gure antzinako kultura kirolarekin batera aldarrikatzeko”: “Saihetsezina zen niretzat tropela gure lurraldea zeharkatzen duen koloredun suge baten moduan ikustea, eta hortik jo nahi izan dut”.

Aurtengo Euskal Herriko Itzulia edo Basque Country Itzulia apirilaren 8an hasiko da Zumarragan. Kirol ekitaldi historiko hau apirilaren 13an amaituko da Eibarren.

Artistaren ibilbidea

Yolanda Mosquera (Amurrio, 1973) Arte Ederretan lizentziatua da, Diseinu Grafikoa espezialitatean. 2008an, Haur Ilustrazioko graduatu-ondoko bat egin zuen Einan, Bartzelonako Diseinu eta Arte Eskonan. Bertan, liluratuta atera zen album ilustratuekin, bereziki bitarteko horien adierazpide artistikoarekin eta narrazio zein egitura konplexutasunarekin. 2011n, Peru Abarka album ilustratuen lehiaketa irabazi zuen eta hor, lehendabiziko aldiz, album formatuaz argitaratu zuen. Arabiar Emirerri, Txina, Hego Korea, Mexiko, Portugal eta Italiako askotariko ilustrazio erakusketetan erakusgai jartzeko hautatua izan da urte hauetan zehar. 2013 amaieran, Caballitos de Sal haur poema-bildumako ilustrazioak argitaratu ziren eta, hilabete batzuk geroago, lan horri esker, “Ohorezko aipamen” bat jaso zuen Sharjahko Liburu Azokan, Arabiar Emirerrietan. Iaz, Euskadi Literatura Saria irabazi zuen, Lan literario baten Itzulpena modalitatean.

Sari horren kasuan, epaimahaiak “ilustrazioaren trataera eta dotorezia azpimarratu  zuen, nabarmentzen baitzen istorioaren gogortasunarekin alderatuta”. Ilustrazioen kalitatea eta artistaren talentua ere goratu zuten, aukera ematen baitzuen berezko unibertso bat sortzeko lanaren baitan.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak