Berriak Segurtasuna
Eu

Gasteizko Urak – AMVISA enpresak ‘Oso Ondo’ bereizgarriarekin saritu ditu uraren kudeaketaren arloko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren jardunbide egokiak

2019.eko martxoak 26

Arkauteko Akademiak urteko ur-kontsumoa erdira jaistea lortu du, 2016ko 123.000 metro kubikotik 2018ko 60.000ra

Vitoria-Gasteiz, 2019ko martxoak 26.

 

Ura behar bezala kudeatzen duten erakundeei Gasteizko Urak – AMVISA enpresak jardunbide egokiak aitortzeko bi urtez behin ematen duen OSO ONDO bereizgarria jasotzeko ekitaldian izan da gaur  Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari Malentxo Arruabarrena. Oraingoan AMVISAk Arkauteko Akademiak egindako lana aitortu du, bi urtean urteko ur-kontsumoa erdira jaistea lortu baitu, 2016ko 123.000 metro kubikotik 2018ko 60.000ra, alegia.

 

Errekonozimendua Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak AMVISAren laguntzaz egindako identifikazio eta analisi lanaren emaitza da. Lan horren bidez egindako esku-hartzeen ondorioa izan da nabarmen murriztea Akademian edateko uraren kontsumoa.

 

Berez, 2016an urteko ur-kontsumoa 122.947 metro kubikokoa izan zen, 2017an 72.013ra jaitsi zen eta 2018an berriz ere behera egin zuen kontsumitutako ur-kopuruak, hain zuzen ere, 59.123 metro kubikora arte.

 

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren okupazioa % 30 handiagoa bada ere, kontsumoa erdira jaisteko egindako jarduerak izan dira, besteak beste: ur-jarioak aztertzea, aurkitzea eta konpontzea; sarea sektorializatzea; eta ur-kontagailu berriak jartzea.

 

“Sari honek ingurumenaren jasangarritasunaren eta hobekuntzaren arloko planetan lanean jarraitzeko adorea ematen digu, Eusko Jaurlaritzaren 2030 Agendan ezarritako bide-orriari jarraituz” adierazi du Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari Malentxo Arruabarrenak, eta zinez eskertu du AMVISAk konpromisoa, hobekuntza-jarduerak eta lortutako emaitzak aitortu izana.

 

Ekitaldia Gasteizko Udaletxeko Harrera Aretoan egin da, eta bertan izan dira hiriko alkate Gorka Urtaran, AMVISAren presidente Jaione Agirre eta Gasteizko Udaleko hainbat ordezkari politiko.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak