Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak Euskadiren eta azioarteko Bazkide Estrategikoen Sarearen arteko lankidetza sustatuko du (Gobernu Bilera 2019-03-26)

2019.eko martxoak 26
  • Gobernu Kontseiluak onartu duen dekretu baten bitartez, euskal eragileen eta Bazkide Estrategikoen Sarearen barruan dauden eskualdeetakoen arteko lankidetzarako proiektuak abian jarri ahal izango dira

Eusko Jaurlaritzak gaur onartutako dekretu baten bidez, Euskadiko erakundeen eta Jaurlaritzak berak sektore anitzeko Lankidetza Akordioak izenpetu dituen eskualde estrategikoetako erakundeen arteko lankidetza-proiektuak bultzatzeko eta sustatzeko laguntzak finkatzen eta arautzen dira.

Dekretuak —Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusitik kudeatuko da— 2018an onartutako Kanpo Harremanetako Plana garatzen du. Plan horren helburuetako bat da aldebiko harremanak sendotzea eta Euskadirentzako estrategikotzat jotzen diren kanpoko eskualde batzuekin itun eta lankidetza berriak finkatzea. Orain arte, Eusko Jaurlaritzak ondorengo eskualde hauek sinatu ditu hainbat akordio eta memorandum: Jiangsu (Txina), Bavaria (Alemania), Flandria (Belgika), Querétaro (Mexiko), Cundinamarca (Kolonbia), Quebec (Kanada), Gales (Erresuma Batua) eta Akitania Berria (Frantzia). Atzerrian euskal interesen zati handi bat biltzen duten eta lehentasunezko arreta jasotzen ari diren lurraldeak dira —Euskadi nazioartekotzeko, esparru geografiko estrategikotzat jotzen dira—. Horregatik, Idazkaritzak gobernu horiekin erakunde-mailako harremanak sendotzeko ahalegin bereziak egiten ditu, atzerrian Euskadiren sektore anitzeko errealitatea eta esparru askotan garrantzi globaleko gaietan duen jarrera erakusteko.

Hain zuzen ere, eta Bazkide Estrategikoen Sare hau indartzeko asmoz, dekretu berriaren bitartez, estatuz azpiko gobernu horiekin lotura sendoak finkatzen lagundu nahi da ondorengo helburu hauek lortzeko: atzerrian aukerak identifikatzen lagunduko duten nazioartekotzeko ekimenak gauzatzeko; eskualde diferentetako eragileengana hurbiltzeko; ideiak bateratzen laguntzeko; eta helburu komunak lortzeko lankidetza estrategikoa indartzeko.

Horretarako, helbidea Euskal Autonomia Erkidegoan duten eta aldebiko lankidetzako edo jarduerako proiektu bat aurkezten duten pertsona juridiko pribatuei zuzendutako diru-laguntza lerro bat finkatzen eta erregulatzen da —dagokion deialdiaren esparruan—. Laguntza jasotzeko, gainera, proiektu horretan atzerriko eskualde estrategikoetako bazkide batek hartu behar du parte.

Dekretu berri honetan hasieran aurreikusitako diruz lagundu daitezkeen aldebiko lankidetza-proiektuen gaiak honako hauek dira: merkataritza; inbertsioak eta negozio-aukerak; ikerketa, garapena eta berrikuntza; industria-politika; politika fiskala; mugikortasuna eta garraioa; lan-merkatua eta politika ekonomikoa; ingurumena eta energia; nekazaritza eta elikadura; osasuna; hezkuntza eta lanbide-heziketa; kultura; turismoa; eta polizien arteko lankidetza.

Laguntzak erabiliko dira burutu beharreko aldebiko proiektuaren gastuak eta proiektua bera ezagutzera ematearekin lotutako gastuak ordaintzeko.

Ondorengo kontzeptu hauek diruz lagundu ahal izango dira:

  1. a) Diruz lagundu daitezkeen proiektuen arabera, eskualde estrategikoetara joaten diren EAEko pertsonen bidaia- eta ostatu-gastuak, egun bakoitzeko kopurua eta deialdi bakoitzean finkatzen den gehieneko egun kopurua mugatuta.
  2. b) Egindako aldebiko proiektuak gauzatzeko, sustatzeko eta ezagutzera emateko gastuak, deialdi-ebazpen bakoitzean finkatzen den gehieneko kopuruarekin.

Laguntzen gehieneko zenbatekoak ezingo du eskaera egiten duen erakundearentzako proiektuak izango duen kostuaren % 50 baino handiagoa izan.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko