Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak 700era igo du XVIII. promozioko plazen kopurua

2019.eko martxoak 26

Bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren ondorengo ohiko prentsaurrekoan Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediarekin batera.

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak Segurtasun Sailak hartutako erabakiaren berri eman du, 700era handitzea 28. promozioko hautaketa-prozesuari esleitutako plazen kopurua Ertzaintzako oinarrizko eskalan sartzeko. Sailburuak azaldu duenez, kopurua handitzeko erabaki horrek belaunaldi-berrikuntzaren premiari erantzuten dio, epe laburrera eta ertainera aurre egin behar zaion errealitate bat delako. “Ahalegin handiagoa eta sakonagoa egitera behartuta gaude ertzain berrien prestakuntzan, arrakastaz aurre egin ahal izateko sortzen ari den belaunaldi-berrikuntzari”, adierazi du. Beltrán de Heredia sailburuak gogora ekarri duenez, Sailetik eta Akademiatik erantzukizunez eta ilusioz aurre egiten ari zaion erronka bat da hori.

Gainera, Beltrán de Herediak nabarmendu duenez, urtea amaitu baino lehen, beharrezkoa izango da promozio berri baten (29.a) deialdia egitea, behar izango diren plazen kopuruarekin. “Gure helburua da belaunaldi-berrikuntza antolatu eta programatu bati ekitea eta, hortik aurrera, gure konpromisoa da urtero deialdi bat ateratzen joatea Ertzaintzako agenteentzat, kontuan izanik plazen kopurua handitzen joan dela premien eta ahalbideen arabera”, gaineratu du.

Laneko Jaiegunen Egutegi Ofiziala

Gobernuko bozeramaileak ezagutzera eman duenez, Gobernu Kontseiluak onartu egin du 2020rako “Laneko Jaiegunen Egutegi Ofiziala”. Sailburuak argitu duenez, datorren urtean, urte osoko igandeak eta jai-egunak baliogabetzat hartuko dira lan-ondorioetarako, ordaindu egingo dira eta ez dira berreskuratu beharko: urtarrilaren 1a, urtarrilaren 6a, martxoaren 19a, apirilaren 9a, apirilaren 10a, apirilaren 13a, maiatzaren 1a, uztailaren 25a, abuztuaren 15a, urriaren 12a, abenduaren 8a, abenduaren 25a.

“Planetaren ordua” ekimena

Bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak jakinarazi duenez, Gobernu Kontseiluak erabaki egin du, aurten ere, Planetaren ordua” nazioarteko ekimenera elkartzea. Erkorekak azpimarratu duenez, Eusko Jaurlaritzak berretsi egiten du ekimen horrekin ekonomia lehiakor bat eta karbono gutxikoa bultzatzeko hartua duen konpromisoa. Sailburuak azaldu duenez, Naturarako Munduko Funtsak antolatutako ekimen hori ingurumenaren gaineko hedadura globaleko mugimendu handienetako bat da orain. ““Planetaren ordua” bezalako ekimenek, gizarte zibiletik sortuek, lagundu egiten dute ingurumen-erronken hedapena handitzen eta herritarrak parte aktibo izaten zuzenean eragiten dieten gaietan”, zehaztu du.

Eskualde estrategikoak

Gainera, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak jakinarazi duenez, Gobernu Kontseiluak onetsi egin du Euskadiri “Eskualde estrategikoak” gisa sailkatutako horiekin lankidetzan aritzeko aukera emango dioten laguntzak arautzen dituen Dekretua. Sailburuaren arabera, harreman bilateralak sendotzea eta estrategikotzat hartzen diren kanpoko Eskualdeekin aliantza berriak ezartzea da helburua. “Onetsitako Dekretuak dirulaguntza-lerro bat arautzen du, jarduera edo lankidetza bilateralerako proiektuak aurkezten dituzten euskal erakundeei zuzendua, Eskualde estrategiko horietako tokiko bazkideen partaidetzarekin”, gaineratu du.

Itunpeko Hezkuntza

Itunpeko hezkuntzako gatazkari buruz galdetuta, Erkorekak adierazi duenez, berri txar bat da azkeneko bileran jarrerak hurbildu ez izana. “Sindikatuek ez dute onartu itunpekoen proposamena”, gaineratu du. Zentzu horretan, elkarrizketak bide bakarra izaten jarraitzen duela azpimarratu du sailburuak. Bestalde, Erkorekak nabarmendu egin du garrantzizkoa dela jarrera maximalistak baztertzea eta esfortzu gehigarri bat egitea alde guztiak mugitu daitezen. “Ezin da onartu lan-baldintzen negoziazio batek hain eragin nabarmena eta jarraitua izatea ikasleengan eta familiengan”, azpimarratu du.

Transferentziak

Bestalde, egiteko dauden Transferentziei buruz galdetuta, sailburuak ziurtatu duenez, lanean jarraitzen dute lehenengo blokeko 7 gaietan. Hauteskunde Orokorrak hilabete barru izango direla kontuan hartuta, Erkorekak azpimarratu duenez, oraindik ere esfortzu handiagoa egin beharra dago hurbilketak lortzeko eta akordioak emaitzak izateko. “Ezin dugu besoak gurutzatuta egon”, adierazi du.

Gai ordena

Prentsa dossierra

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak