Eu

Kluster industrialek aurreikusten dute negozio eta enpleguak handitu edo mantentzea 2019an

2019.eko martxoak 25
  • Industria Abagunearen Behatokiak bere urteroko txostenean berretsi du Euskadiko 17 elkarte eta klusterretatik 10ek jarduera hobetzea espero dutela. Ekonomi Garapen eta Azpiegitura sailburu Arantxa Tapia izango da foro horrek astelehenean egingo duen bileraren buru.
  • Inork ez du espero atzeraldirik enplegu-sorkuntzan edo I+G+B-ren erabileran.
  • Azken sei hilabeteetako jarduera industrialaren hazkundea batez ere sektore hauetan erregistratu da: elikaduran, automobilgintzan eta bio-osasunean.
  • Behatokiak egiaztatu du Euskadiko BPGa %2,8 hazi zela iaz eta, horrekin batera, enpleguak %2,1eko igoera izan zuela, 19.000 lanpostu garbi inguru sortu zirelarik.

Industria Abagunearen Behatokiak, Euskadiko enpresa-elkarteen eta klusterren urteroko erradiografia egiten duenak, bere azken txostenean egiaztatu du jarduera ekonomikoak perspektiba baikorrak dituela. Aztertutako 17 elkarte eta klusterretatik 10ek espero dute datozen sei hilabeteetan (apiriletik irailera) beren jarduera hobetzea fakturazioan, eskaeretan, enpleguan, esportazioetan eta I+G+B-ren erabileran.

Jarduera industrialaren hazkundea batik bat sektore hauetan eman da: elikaduran, automobilgintzan eta bio-osasunean. Sektore horietako enpresen %100ek hobekuntzak aurreikusten dituzte beren eskaeretan, fakturazioan, esportazioetan, enpleguan eta I+G+B-ren erabileran. Gainera, energiaren klusterrak uste du jarduera handiagoa izango duela beren jarduera neurtzen duten bost atal horietatik lautan.

Industria Abagunearen Behatokia Bilbon elkartuko da astelehen honetan Arantxa Tapia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Azpiegitura sailburua, buru izango duen bilera batean, non datuak aztertu eta etorkizuneko perspektibak azalduko baitituzte.

Txostenak hiru sektoreren egoera azpimarratu du, hala nola, elikadurarena, automobilgintzarena eta bio-osasunarena. Azken seihilekoan (2018ko urritik 2019ko maiatzera), sektore horietako enpresen %100ek adierazi dute beren egoerak hobera egin duela; beste sei sektoretan (energia, burdinbide ekipoak, habitata, zura eta bulegoak, fabrikazio teknologia aurreratuak, EIKTak eta garraioak, mugikortasuna eta logistika) %60-%80k adierazi dute hobekuntzak izan dituztela. 17 elkarteetako batek ere ez du datu negatiborik izan azken seihilekoko balantze orokorrean eta itsas industrien sektoreko elkarteek bakarrik izan dituzte murrizketak arlo puntualetan, zehazki, fakturazioan eta enpleguan.

Behatokiak egiaztatu du Euskadiko BPGa %2,8 hazi zela iaz eta, horrekin batera, enpleguak %2,1eko igoera izan zuela, 19.000 lanpostu garbi inguru sortu zirelarik.

Eraikuntza sektorea dinamikoago izan da eta industriak arazo iragankorrak izan zituen iazko urtearen bigarren erdian, batik bat isurien eta diesel erregaien araudi berriagatik.

Europako ekonomiak gutxiago hazten ari diren honetan, txostenak dio Euskadiko BPGa %2,3 haziko dela eta enplegua %1,4, lanaldi osoko 13.500 lanpostu berri sortuko direlarik. Gainera, langabezia-tasa %10 baino baxuagoa izango da.

Datuak sektoreka:

Aeronautika: Hegan elkarteak fakturazioa eta enplegua hobetu ditu azken seihilekoan (2018ko urritik 2019ko martxora), eta bere horretan mantendu ditu eskaerak eta esportazioak. Espero du datorren seihilekoan (apiriletik irailera) %4 emendatuko duela fakturazioa, eta eskaerak, esportazioak nahiz I+G+B-ren erabilera orain arteko mailan mantenduko direla. Aireko trafikoaren aurreikuspenak oso baikorrak dira eta aurreikusten da 30.000 hegazkin berri beharko direla 2035erako.  

Elikadura: Azken seihilekoan, CLUAE klusterrak bere jarduera hobetu du bost ataletan (eskaera, fakturazioa, esportazioak, enplegua eta I+G+B-ren erabilera) eta hobekuntza horiek mantentzea espero du datozen sei hilabeteetan. Onlineko salmentek hazkunde moderatua izaten jarraitzen dute.

Automobilgintzaren sektorea: Azken seihilekoan, Acicae klusterrak ere hobetu egin du bere jarduera bost ataletan, eta hobekuntza horiek mantentzea espero du datozen sei hilabeteetan. Merkatu hau ia maximo historikoetan dago, baina ziurgabetasuna da nagusi hainbat faktore direla medio, besteak beste, muga-zergen gerra, Brexit-a, inbertsioaren kontratazioa edo ibilgailuentzako isuri kutsagarrien mugak. 

Bio-osasuna:  Azken seihilekoan, BHC klusterraren jarduerak gorantz egin du arlo hauetan: eskaerak, fakturazioa, esportazioak, enplegua eta I+G+B-ren erabilera. Espero du datozen sei hilabeteetan ere antzeko egoeran egongo dela. Enpresa trakziogileek beren jarduera hobetu dute eta hobekuntza hori ETEetara iritsiko da.

Eraikuntza: Eraikune klusterrak bere jarduera hobetu du eskaerei, fakturazioari eta enpleguari dagokienez; aldiz, maila berean mantendu da esportazioetan eta I+G+B-ren erabileran. Datozen sei hilabeteetan bere horretan mantentzea espero dute.

Eduki digitalak: Eiken klusterrak jarduerari eutsi dio aztertutako bost ataletan, baina espero du esportazioak eta enplegua hazi egingo direla datozen sei hilabeteetan. Klusterreko enpresa askok gainditu gabe dute nazioartekotzearen eta atzerrian aukerak bilatzearen ikasgaia, baina, zorionez, gero eta urrats gehiago ematen ari dira norabide horretan, eta bidea egiteak aukera berriak dakartza.

Energia: Azken seihilekoan, kluster honek bere jarduera hobetu du atal guztietan, salbu eta eskaeretan, non berdin mantendu baita. Datozen sei hilabeteetan espero du hobekuntzak izango dituela fakturazioan, eskaeretan, enpleguan eta I+G+B-ren erabileran eta eutsi egingo diola esportazioen jarduerari. Hazkunde handienak eguzki energia fotovoltaikoan eta energia eraginkortasunean gertatuko dira.

Burdinbide ekipoak: Mafex elkarteak jarduera positiboa izan du, I+G+B-ren erabileran izan ezik, aldagai hori bere horretan mantendu delako. Datozen sei hilabeteetan aurreikusten du jarduera mantendu egingo dela eta eskaera-zorroa hazi egingo dela.

Galdaketa:  Elkarte honen jarduera mantendu egin da azken seihilekoan (fakturazioak izandako beherakada salbu), eta datorren sei hilabeteetan ere egonkortasun horri eustea espero da. Sektore honek teknikari gehiago behar ditu eta langile kualifikatuen premia handia du.

Habitata eta Contract: Habic klusterrak bere jarduera hobetu du fakturazioan, esportazioan eta enpleguan; eskaerak eta I+G+B, berriz, bere horretan mantendu dira. Datorren seihilekoan egoerari eustea espero du eta esportazioak hobetzea.

Itsas industriak: Itsas Foroa klusterrak bilakaera aldakorra izan du azken seihilekoan: eskaerak hazi egin dira eta esportazioak eta I+G+B bere horretan mantendu dira, baina fakturazioak eta enpleguak okerrera egin dute. Datozen sei hilabeteetan espero du eskaerak hobetzea eta gainerako ataletan berdin jarraitzea.

Ingurumena: Aclima klusterrak bere jarduera industriala mantendu du azken seihilekoan, eta aurreikusten du egoerak hobera egingo duela datozen sei hilabeteetan, bereziki esportazioak eta I+G+B hobetuta. Sektoreko enpresek errealitate oso desberdinak bizi dituzte, adibidez, hiri-hondakinen kudeatzaileek hazkunde txiki bat erregistratu dute fakturazioan eta aholkularitzek hobekuntza bat sumatu dute.

Papera:  Azken sei hilabeteetan, kluster honek jaitsiera bat izan du eskaeretan, fakturazioan eta esportazioan, eta bere horretan mantendu ditu enplegua eta I+G+B. Hurrengo seihilekorako aurreikuspenak ere antzekoak dira.

Produktu eta instalakuntza siderurgikoak: Siderex klusterrak jarduerari eutsi dio, eta hobekuntzak izan ditu esportazioetan eta I+G+B-ren erabileran. Datozen sei hilabeteetan eskaera-zorroa hobetzea espero du. Joko-arau berberak dituzten merkataritza-, energia- eta ingurumen-politikak eskatzen ditu bere lehiakortasuna hobetzeko.

Fabrikazioko teknologia aurreratuak: Azken seihilekoan, eskaerek, fakturazioak eta I+G+B-ren erabilerak hobera egin dute sektore honetan, eta hurrengorako ere antzeko joera espero da. Enpresen eraldaketa digitalak eta ekonomia berriak bultzada handia eman diote sektore honi.

EIKTak eta ezagutza: Kluster honek hobetu egin du bere jarduera, esportazioetan eta enpleguan izan ezik, non kopuru berdinetan mantendu baita. Hurrengo seihilekoan ere egoera berean jarraitzea espero du, hobekuntzak espero direlarik eskaeretan, fakturazioan eta I+G+B-ren erabileran.

Garraioa, mugikortasuna eta logistika: Mugikortasun eta logistika klusterrak bere jarduera hobetu du, baina enplegua mantendu egin da eta esportazioek behera egin dute. Aurreikuspenak hobeak dira datorren seihilekorako, igoera espero baita eskaeretan, esportazioetan eta I+G+B-n.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @gananzia
    2019.eko martxoak 26

    Comentario de Twitter:
    Los clusters industriales, a excepción del papel, prevén crecer o mantener su negocio y empleo en 2019 https://t.co/4sv56kveaN

Ekitaldiko kargudunak