Eu

Eusko Jaurlaritzak MSC erakundeak banatutako “Arrantza iraunkorraren bultzada” saria jaso du

2019.eko martxoak 22

Eusko Jaurlaritzak “Arrantza iraunkorraren bultzada” izeneko saria jaso zuen atzo Madrilen. MSCko (Marine Stewardship Council) bulegoak banatzen duen saria da zigilu urdinaren bitartez gure herrialdean arrantza iraunkorrari aurrera egiten nabarmen lagundu dioten erakundeen lana aitortzeko.

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak jaso zuen saria eta hau azpimarratu nahi izan zuen: “Sari hau euskal arrantza sektore osoak egindako esfortzuaren aitortza izan behar da, izan ere, gure arrantza sektoreak ulertu du iraunkortasuna dela beren jardueraren eta jarduera horren mende dauden guneen iraupenerako funtsa. Eusko Jaurlaritzatik, Europako jarraibideekin bat etorrita, lehentasunezkotzat jotzen dugu arrantza jarduera eta jarduera akuikola iraunkorra lortzea. Zentzu horretan, sektorea bultzatzeko eta babesteko ari gara lanean, iraunkortasunarekin kontzientziatuta eta konprometituta dagoen sektorea baita eta berari esker Euskadi eremu horretan aitzindaria den Autonomia Erkidego bat izatera heldu baita”.

Eusko Jaurlaritzaren sariaz gain beste hiru sari banatu ziren atzo: Eroski Kooperatibak “MSCren arrantza iraunkorreko komunikazioa eta heziketa saria” eskuratu zuen, “MSCren arrantza iraunkorreko supermerkatu liderra” saria Lidl Espainari egokitu zitzaion eta Madrileko Udalaren Kontsumoko Udal Institutuak “Arrainen kontsumo arduratsuaren sustapena” izeneko saria jaso zuen.

Sarien banaketa MSCek garatzen duen #MaresParaSiempre 2019ko kanpainaren barruan kokatzen da. Kontsumitzailera zuzendutako kanpaina da eta arrantza iraunkorraren gaineko ezagutza bultzatzea, ingurumenean, ekonomian eta gizartean dituen onurak erakustea eta MSCren zigilu urdinaren aitortza handitzea ditu helburuak.

Aurtengo kanpainak Martín Berasategui, Diego Guerrero eta David de Jorge euskal sukaldariak, enbaxadore berriak ditu, besteak beste.

MSCko prentsa oharra ikusi

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak