Berriak Osasuna
Eu

Eibarko Ospitalean 48.500 kontsulta baino gehiago egin dira, ospitalea martxan jarri zenetik

2019.eko martxoak 20
  • Datozen asteotan, ospitalizazioaren bigarren unitatea jarriko da martxan, eta, urtea amaitu aurretik, ohe guztiak zabalik egongo dira
  • Osasun sailburuordeak, Eusko Legebiltzarraren Osasun Batzordean, zentroko Plan Funtzionala “aurreikusitako epeen barruan” gauzatzen ari dela esan du

          

            Ospitalea martxan jarri zenetik, pasa den urriaren 29an, Eibarko Ospitalean 48.546 kontsulta egin dira, bertan ematen diren zerbitzuetan, gehienak lehen mailako arretan. Gainera, guztira 36 ospitaleratze egon dira, eta guztira 487 eguneko egonaldia; kopuru hori areagotzen joango da datozen asteetatik aurrera, izan ere, ospitalizazioaren bigarren unitatea irekitzea aurreikusten da.

            Hala azaldu du Iñaki Berraondo doktoreak eta Osasun sailburuordeak, gaur, Osasun Batzordearen agerraldi batean; bertan, Eibarko Ospitalearen Plan Funtzionala “aurreikusitako epeen barruan” gauzatzen ari dela esan du. “Eibarko Ospitalea martxan den errealitatea da; oso harrera ona izan du guneko herritarren aldetik”, esan du sailburuordeak. Sailburuordearekin batera, Eusko Legebiltzarrean, Andoni Arcelay doktorea eta Osakidetzako Osasun Asistentziako zuzendaria izan da.

            Gogorarazi duenez, ospitale berriak instalazio modernoak ditu, 21.000 metro koadroko espazio batean eta, bertan, lehen mailako arretako (familia-medikuntza eta pediatria), osasun mentaleko eta erradiodiagnostikoko zerbitzuak eskaintzen ditu. Halaber, kanpo-kontsultak ditu; guztira, 8 espezialitate, 14 kontsultatan banatuta, errehabilitazioko zerbitzua eta ospitalizazioko hiru unitate, bi solairutan banatuta, eta unitate bakoitzak 20-24 ohe ditu, 72 ohe guztira.

Pasa den urtarrilean, lehen ospitalizazio-unitatea ireki zen eta bigarrena datozen asteotan jarriko da martxan. Urtea amaitu aurretik, hirugarren eta azken ospitalizazio-unitatea gaituko da; beraz, ospital osoa egongo da erabat martxan. Gaur arte, lehen ospitalizazio-unitateak 36 ospitaleratze izan ditu, eta guztira 487 eguneko egonaldia.

Otsailaren 28ra arteko jardueraren balantzeak adierazten du ospitalea abian jarri zenetik 48.546 kontsulta egin direla, gehienak lehen mailako arretan, 35.946 guztira. Etengabeko Arretako Gunean, 3.395 zita erregistratu dira; Kanpo Kontsultetan, 7.132; eta, Errehabilitazioan, 2.073. Gainera, erradiodiagnostikoko 6.961 proba egin dira.

Era berean, denbora-tarte horretan, Pazientearen eta Erabiltzailearen Arreta Zerbitzuak (PEAZ) 6 erreklamazio, 26 kexa, 1 esker-mezu eta 15 iradokizun erregistratu ditu. Azaldutako motiboak direla eta, erdia baino gehiago ospitaleko antolaketaren eta koordinazioaren ingurukoak dira, bai eta itxarote-zerrenden ingurukoak ere.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak