Eu

Josu Erkoreka transferentziez: “Bi aldeek aprobetxatu behar dugu, konpromisoa gure gain hartuta, aurrerapausoak eman eta akordioan hurbilketak egiteko”

2019.eko martxoak 27

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileari eta Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekari elkarrizketa egin diote gaur goizean Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan. Aktualitate politikoaz aritu da Erkoreka, besteak beste, itunpeko hezkuntza, transferentziak eta hauteskundeak izan ditu hizpide.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak gaur goizean Euskadi Irratiari eskaini dion elkarrizketan esan du hauteskunde aurretik Batzorde Mistoa batzartzeko itxaropena duela. Baina azaldu du horretarako Transferentzien inguruan adostasuna lortu behar da. “Hilabete falta da hauteskundeetarako eta bi aldeek aprobetxatu behar dugu, konpromisoa gure gain hartuta, aurrera pausuak eman eta akordioan hurbilketak egiteko”, esan du Bozeramaileak. Zentzu honetan, azpimarratu du hori lortzeko lanean ari direla.

Erkorekak elkarrizketan landu duen beste gaia izan da itunpeko hezkuntzaren gatazkaren ingurukoa. Itunpeko hezkuntzaren gatazkan Eusko Jaurlaritzak, Hezkuntza sailaren bitartez, 30 batzar baino gehiago egin dituela esan du. “Gobernuak elkarrizketaren bidez ari da bideratzen gaia, proposamenak eginez bai sindikatuei baita Kristau Eskolei ere”, esan du. Hala ere, Erkorekak adierazi duenez, lan liskarrean Gobernuak ezin du esku hartu, “bi alderdiek bideratu beharreko gauza da”, adierazi du. Sailburuak solaskidetzari dagokionez zailtasunak daudela adierazi du eta horretarako Eusko Jaurlaritzak, Lan sailean kokatzen diren tresna eta zerbitzu bereziak badituela azpimarratu du. Baina bitartekaritza eskatzea aldeei dagokiela gaineratu du Bozeramaileak.

Bestetik, Estatuko hauteskundeen inguruan galdetuta, Josu Erkorekak esan du argi dagoela emaitzek ematen badute, eskumako alderdiek, bik edo hiruk, gobernua osatuko dutela Andaluziako eredua jarraituz. “Estatuaren antolakuntza berzentralizatzailearen arriskua dago”, azpimarratu du.

Elkarrizketan zehar ateratako beste gai bat legealdiaren etorkizuna izan da. Sailburuak esan du jakina dela Gobernua minorian dagoela eta horrekin jokatu izan duela beti. Horrela, Bozeramaileak azaldu du, hurbilen zegoen alderdi popularraren babesa lortzen saiatu dela Gobernua gauzak aurrera ateratzeko. Erkorekaren ustez, orain hauteskundeak direla eta, oposizioko taldeak akordioak lortzeko gai direla eman dute erakustera, gobernuaren kaltetan. Baina, esan du, hauteskundeen joko normala dela hau eta hauteskunde ondoren ikusi beharko dela jarrera hau estrukturala den edo ez den.

Autogobernuaren inguruan galdetuta, Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuak esan du, Estatus berri bati ekiteko autogobernua ezinbesteko baldintzatzat jarri behar den ala beste modu batera modulatu behar den erabakitzea Legebiltzarrari dagokiola. “Legebiltzarrari dagokio, gaur gaurkoz behitzat, erabakitzea zer nolako bidea hartu behar den arlo horretan”, adierazi du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
  • Josu Erkoreka Gervasio
    Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua eta Gobernuaren bozeramailea (XI legealdia)