Berriak Lehendakaritza
qrcode

Lehendakariak azpimarratu duenez Euroeskualdea “gure elkargunea da eta gure euskarria elkarrekin eraiki nahi dugun etorkizuneko Europari begiratzen diogunean”

2019-03-22
  • Akitania Berria/Euskadi/Nafarroa Euroeskualdeak Iruñean egindako urteko Batzarrean parte hartu du Iñigo Urkulluk 
  • Euroeskualdearen eboluzio positiboa ekintzetan oinarritutako errealitate bat dela nabarmendu du Lehendakariak
  • Bi aurrerapauso adierazgarri: Plan Estrategikoa 2020 eguneratu izana eta “Euroeskualdea zifretan” dokumentua landu izana

Akitania Berria/Euskadi/Nafarroa Euroeskualdearen urteko Batzarrean parte hartu du gaur goizean Iñigo Urkullu Lehendakariak. Bileran izan dira baita ere Nafarroako Lehendakaria, Uxue Barkos, eta Akitania Berriko Lehendakaria, Alain Rousset, dagozkien ordezkaritzen buruan.

Lehendakariarekin batera joan dira Iruñera Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapia, Hezkuntzako sailburu Cristina Uriarte, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Sonia Pérez, eta Kanpo Arazoetako idazkari nagusi Marian Elorza.

Uxue Barkosek Iruñeko Nafarroako Jauregian egin die harrera Iñigo Urkullu Lehendakariari eta Akitania Berriko Lehendakariari. Elkar agurtu eta gero, hiru lehendakariak joan dira Batzar Nagusira. Bertan, 2018ko balantzea aurkeztu da, baita 2019rako aurrekontuen aurreikuspenak eta laguntzen deialdia ere.

Ondoren, hiru lehendakariek batera egin duten agerraldian, Lehendakariak azpimarratu du gaurko Batzarrak indartu egiten duela sinesmen bat, alegia Euroeskualdearen etorkizuna lotuta dagoela herritarren bizi-kalitatea eta ongizatea hobetzea berekin ekarriko duten ekimenetan lankidetzan aritzeko dugun gaitasunarekin; eta herritarrak aipatzean gazterian jarri du enfasi berezia. ““Auzolana” filosofiaren aplikazio praktikoa da, nazioarteko hizkuntzan “partenariatua” deitzen zaiona”, gaineratu du.

Gainera, Euroeskualdearen eboluzio positiboa ekintzetan oinarritutako errealitate bat dela nabarmendu du Lehendakariak. Zentzu horretan, Lehendakariak adierazi duenez, 24 proiektu eta ekimen berri babestu dira, mugaz haraindikoak, baita bi paternariatu estrategiko berri ere; Fondo gehiago erakartzea lortu da Europar Batasunetik; eta zenbait aintzatespen eta sari jaso dira martxan jarritako proiektuen kalitateagatik. “Aurrera egin dugu Euroeskualdeko Plan Estrategikoa 2020an finkatutako helburuetan”, adierazi du.

Euroeskualdea

1992an, Nafarroak, Akitaniak eta Euskadik lankidetzarako hitzarmen bat sinatu zuten dagozkien eskumenen eremuan harreman instituzionalak garatzeko, interes komunak lortze aldera. 

Hala ere, 2000. urteaz geroztik, Nafarroak hitzarmen bilateralen bitartez jarraitu zuen lankidetza horretan. Bitartean, Euskadik eta Akitaniak, hasierako protokolo hartatik abiatuta, zuzenbide komunitarioak araututako beste lankidetza-egitura baterantz jarraitu zuten aurrera; zuzenbide komunitarioak nortasun juridikoa du, eta bere helburua da bertako kideen artean, mugaz haraindiko lankidetza ez ezik, eskualde arteko eta nazioz haraindiko lankidetza ere sustatzea. Helburu horrekin sortu zuten 2011n Lurralde Lankidetzako Elkarte Europarra, “Akitania/Euskadi Euroeskualdea” deitutakoa. 

Limousin-eko eta Poitou-Charentes-eko eskualdeak 2016an elkartu ondoren eta 2017ko martxoan Nafarroa kide egin eta gero, Akitania Berria - Euskadi – Nafarroa Euroeskualdea izena hartu zuen Elkarteak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)