Eu

Eusko Jaurlaritzak Arabako Foru Aldundiari Burgos eta Armiñon arteko A-1 errepidean eskualdatzeko dagoen azken tartea eskualdatu dio

2019.eko martxoak 20
  • Eusko Jaurlaritzak 6 kilometroko errepide-tartea eskualdatu dio, bidesaririk gabeko tartea, 300.000 euroko urteko aurrekontuarekin
  • Arabako Foru Aldundiak, horrela, behin betiko bete ditu A-1 errepideak lurralde historikotik duen pasabidearen planifikazioko, finantzaketako, proiektuko, eraikuntzako, kontserbazioko, aldaketako, erabilerako eta ustiapeneko funtzio eta ahalmen guztiak

Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Lurralde Historikoaren Transferentzien Batzorde Mistoa gaur arratsaldean batu da, Arabako Foru Aldundiak Vitoria-Gasteizen duen egoitzan, A-1 errepideak Burgos eta Armiñon artean duen azken tartea eskualdatzeko. Datorren apirilaren 1etik aurrera, orduan argitaratuko baita EHAAn eta ALHAOn gaur sinatutako dekretua, 6 km-ko errepide-tarte hori Arabako Foru Aldundiaren esku geratuko da.

Josu Erkoreka Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburua eta Ramiro González diputatu nagusia izan dira bilerako buru. Bileran, Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Lurralde Historikoaren Transferentzien Batzorde Mistoko idazkariak, Begoña Pérez de Eulatek, transferentziaren akordioa irakurri du eta, ondoren, bi ordezkaritzetako pertsonek sinatu dute. Eusko Jaurlaritzaren aldetik: Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua, Sabino Torre Araubide Juridikoaren sailburuordea eta Aitziber Beldarrain Erakundeen Baliabideetako zuzendaria. Arabako Foru Aldundiaren aldetik: Pilar García de Salazar Arabako diputatu nagusiordea eta Ekonomia Garapenaren eta Lurralde Orekaren Saileko diputatua, José Luis Cimiano Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Saileko foru-diputatua eta Jesús María López Bide Azpiegitura eta Mugikortasun Saileko foru-diputatua. 

BIDESARIRIK GABE

Gaur adostutako transferentzia-akordioaren arabera, Eusko Jaurlaritzak tarte horren titulartasuna bidesaririk gabe erabiltzeko eta 2019rako, mantentze-lanak finantzateko,  299.670 euroko kostua izateko baldintzetan eskualdatu du. Bestalde, Arabako Foru Aldundiak A-1 errepideak Burgos eta Armiñonen artean duen tartearen planifikazioko, finantzaketako, proiektuko, eraikuntzako, kontserbazioko, aldaketako, erabilerako eta ustiapeneko funtzio eta ahalmen guztiak hartuko ditu bere gain. 6 kilometroko errepide-tartea da, 77+200 kilometro-puntuaren eta Armiñoneko 7. lotunean errepideak duen amaieraren, 83+200 kilometro-puntuaren artean.

Eusko Jaurlaritzak transferentzia hori Espainiako Gobernuaren eskutik jaso zuen, pasa den azaroan, eta, gainera, konpromisoa zen Espainiako Gobernuak bere gain hartzen dituela trafikoa arintzeko, seinaleztapena sendotzeko, balizajerako, bidesari-lekua kentzeko eta Burgosko probintziarekiko konexioan adarren gaitasuna areagotzeko egin beharreko obrak. Konpromiso hori gauzatzen ari da, dagoeneko.

BATZORDE MISTOAK BIZKAIAREKIN ETA GIPUZKOAREKIN

Trasnferentzia hori azaroaren 25eko 27/1983 Legearen 7.a) 8 artikuluan aurreikusitakoaren arabera egiten da. Honako hau ezartzen du: “Kondaira-Lurraldeetako Foru-Erakundeek, bakoitzaren berarizko lege-jaurpideen arauera erabiliko duten bakarreango agintepidea izango dute honako gai hauetan", besteak beste, “Errepide eta bideekiko egitamuketa, egitasmoak, egitea, hoiei eustea, aldatzea, hoien dirubideak, erabilpena eta ustiaketa.” Era berean, Gernikako Estatutuaren 10.34 artikuluak errepide eta bideen arloko eskumena lurralde historikoei dagokiela ezartzen du.

Gaur, Eusko Jaurlaritzak, bestalde, transferentzien beste bi batzorde misto izan ditu Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde historikoekin. Urrunetik egindako bilera bidez egin dira eta horietan, bai Bizkaiko Foru Aldundiak bai Gipuzkoakoak onartu egin dituzte A-1 Arabako Foru Aldundiari eskualdatzeko baldintzak. Ekitaldi horiek eragina dute Kontzertu Ekonomikotik datozen baliabideak banatzeko ereduan. Hori dela eta, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek ere trasnferentzia-baldintzak onartu behar dituzte.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak