Berriak Kultura
Eu

Jaurlaritzak arte plastiko eta ikusizkoen eremuan jarduerak sustatzeko 400.000 euroko dirulaguntza-programa onartu du (2011-03-15(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2011.eko martxoak 15

Agindua, Arte Plastiko eta Ikusizkoen eremuan jarduerak sustatzeko eta garatzeko dirulaguntzak emateko erregimena ezarri eta arautzen duena.

Gobernu Kontseiluak arte plastiko eta ikusizkoen eremuan jarduerak sustatzeko eta garatzeko dirulaguntzak emateko erregimena ezarri eta arautzen duen Kulturako sailburuaren Agindua onartu du. Laguntza hauetarako 2011. urtean 400.000 euro erabiliko dira.

Agindu honen xedea da 2011. urtean arte plastiko eta ikusizkoen arloan burutuko diren jarduera zehatzetarako dirulaguntzak emateko baldintzak ezarri eta arautzea. Agindu honen kargura dirulaguntzak eskatu ahal izango dituzte ondoren zerrendatzen diren jarduerak burutzen dituzten eta agindu hau argitaratzean Euskadiko Autonomia Erkidegoan auzotasun administratiboa edo helbidea edo sozietate-egoitza duten pertsona fisiko edo juridiko-pribatuek:

- Prestakuntza arloa: Ikusizko arteekin lotura duten ikastaro, mintegi eta lantegietan parte hartzea, baldin eta artista, kritikari, arte-komisario eta sektoreko profesionalen prestakuntza hobetzeari begira antolatuta badaude. 25.000 euro erabiliko dira.

- Sustapen-zabalkundearen arloa.

a) Arte garaikideko erakusketak edo gertakizunak antolatzea eta/edo beraietan parte hartzea (lehiaketak, jaialdiak, erakusketak...). Horiek guztiak Euskadiko Autonomia Erkidegoan, Estatu Espainiarrean edo nazioartean izango dira, eta Euskal Herrian bizi diren egileen lanak erakutsiko dira, bai eta edozein euskarritan jasotako egileen gaineko dokumentazioa ere (65.000 euro).

b) Euskadiko Autonomia Erkidegoan egiten diren arte garaikidearen gaineko sentsibilizazio-ekimenak (batzarrak, jardunaldiak, kongresuak, lantegiak, hitzaldiak...) eta horiei buruzko edozein euskarritan jasotako dokumentazioa (50.000 euro).

c) Euskarri desberdinak erabiliz egindako publikazioak egitea, beren xedea Euskal Herriko arte garaikidea zabaltzea eta bertako artistak eta haien lana sustatzea bada (90.000 euro).

Ez dira lagunduko ez urteko programazioak, ezta ohiko jarduntzat hartzen direnak ere. Hortaz, erakunde eskatzailearen programan edo jardueran ohiz kanpokotzat jo daitezkeen proiektu edo ekimen zehatzak jasoko dira soil-soilik.

- Sorkuntza-ekoizpenaren arloa: arte-ekoizpenaren eremuan egiten diren jarduerak, eta proiektuak egitea, ardatza baldin bada arte ekoizpena edo ikerketa proiektua lantzea. Horretarako, 5.000 euroko 14 laguntza, 8.000 euroko 8 laguntza, eta 12.000 euroko 3 laguntza emango dira.

Eskaera bakoitzean zein arlotan (prestakuntza, sustapen-zabalkundea, sorkuntza-ekoizpena) eskatzen den laguntza zehaztu behar da, zein modalitatetan (sustapen-zabalkundearen arloa) edo modulua (sorkuntza-ekoizpenaren arloa), eta horiek bakarrak izango dira proiektu bakoitzeko. Edonola ere, sustapen-zabalkundearen arloan Balorazio Batzordeak beste modalitateetara bidera dezake eskaera, proiektua beste modalitate horretara hobeto egokitzen dela ikusten badu.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan