Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Onartu da 2009ko Etxebizitza-Politiken Ebaluazio-Txostena eta 2006-2009ko Plan Zuzentzailea (2011-03-15(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2011.eko martxoak 15

Erabakia, Etxebizitza politiken ebaluazio txostena 2009 eta Etxebizitzaren Plan Zuzentzailearen 2006-2009 ondorio-txostena onartzeko dena.

Jaurlaritzaren Kontseiluak argi berdea eman dio Etxebizitza Politiken Ebaluazioari buruzko 2009ko Txostenari eta Etxebizitzaren Plan Zuzentzailearen 2006-2009 Ondorio-Txostenari.

Hasitakoen kopuru osoari dagokionean (22.098 etxebizitza), lauhilekoaren betetze-maila %82an kokatu da.

Baina, tipologia ezberdinak kontuan hartuta, planifikatutako helburuak ez dira bete. Hain zuzen, babes ofizialeko etxebizitzen eraikuntza helburura hurbildu da, %94ko betetze-maila lortu baita. Gainerako tipologiei dagokienean, finkatutako helburuak urruti geratu dira.

Hasita dauden 1.920 etxebizitza sozialak finkatutako helburuaren %56 baino ez dira. Era berean, eraikitako zuzkidura-bizitokien kopurua (589), ezarritako helburuaren %37 baino ez da. Dena dela, epe honetan burututako esperientziak oso balorazio positiboa jaso dute formula honetan parte hartu duten eragileengandik. Sailak, beraz, praktika hau beste udalerri batzuetara hedatzeko tresnak bilatu beharko ditu.

Bestalde, nahiz eta Etxebizitzaren Plan Zuzentzaileak ez zituen lurraldekako helburuak finkatu, emaitzak ikusita, argi geratzen da desoreka handia dagoela babes publikoko etxebizitzen sustapenean. Desberdintasun hori zuzendu egin behar du 2010-2013ko Plan Zuzentzaileak, babes publikoko etxebizitzak hasteko helburuek eta EAEko etxebizitza premien lurraldekako banaketa bat etor daitezen.

Etxebizitzaren Plan Zuzentzailearen bigarren ildo estrategikoak "babestutako etxebizitzen sustapenetan alokairuak lehentasuna izatea" planteatzen zuen. Hasitako etxebizitzetatik %32 alokairukoak izatea planteatzen zuen, hau da, 8.500 etxebizitza.

Emaitzak ikusita, esan beharra dago alokairuko araubideak ez duela lortu Etxebizitza Sailak itxaroten zuen presentzia. Dagokigun epealdian, 4.936 etxebizitza hasi dira alokairu araubidean, guztira hasitakoen %22, alegia. Kopuru hori, ezarritako helburuaren %58ari dagokio.

Alokairu araubidean sustatutako etxebizitzak Sailak berak, Visesak eta zenbait toki-entitatek sustatu ditu. Ekimen pribatuek, ordea, apenas lagundu dute orain arte alokairuko etxebizitza-parkea osatzen.

Ildo horretatik, Etxebizitza Sailak beharrezkotzat jotzen du ekimen pribatua inplikatzea alokairuko etxebizitzen eraikingintzan, etxebizitza-politikako helburuetan harekin bat eginda.

Erosketa-araubidea, ordea, betetze-maila altuetara iritsi da. Hasita dauden 17.222 etxebizitzak finkatutako helburuaren %93 dira.

2006-2009ko Planaren beste jarduketa-ildo nagusietako bat zen EAEko etxebizitza hutsak mobilizatzea eta alokairura bideratzea. Planaren arabera, 5.000 etxebizitza merkaturatzeko helburua zegoen finkatuta. Horretarako tresna gisa Bizigune programa zegoen aurreikusita.

2009. amaieran erabilitako 4.557 etxebizitza zegoen Bizigunen, partikularrek Etxebideko babestutako etxebizitza eskatzaileei alokatuta, hain zuzen.

Programa hori aztertu ondoren, hura mantentzea komenigarritzat jotzen da, baina bitartekaritza formula berriak aztertuta. Kostuak murriztea, alokairu-merkatua errazago mobilizatzea eta jabeei zein errentariei bermeak eskaintzea da helburua.

Birgaitze-politikei dagokienean, gauzatutako jardueren arrakasta azpimarratu behar da, Plan Zuzentzailean ezarritako helburuak nabarmen gainditu direlarik. 2009ko ekainean, Eusko Jaurlaritzak Birgaitzeko Laguntzen Aparteko Plana jarri zuen martxan, birgaitzerako laguntzen kopurua asko hasi zelarik urteko aurrekontuetan. Epealdi osorako aurreikusitako 41.500 jardueretatik 51.250era pasatu ginen.

Epigrafe honetan, Planaren betetze-maila %113 da.

Babestutako etxebizitzak eraikitzeko lurzoru berriak eskuratzeari dagokionean, betetze-maila %69an kokatu da. 16.500 etxebizitza eraikitzeko lurzorua eskuratu da, lau urtekorako helburua 24.000tan ezarrita zegoelarik. Orain arte aztertutako Etxebizitza Plan ezberdinetan gai honek lortu du asebetetze-mailarik baxuena.

Azkenik, nabarmentzekoa da Etxebizitza Sailaren ikuskaritza eta iruzurraren aurkako azken urteotako lana, babestutako etxebizitzen parkeak duen funtzio sozialaren garrantziaz herritarrak kontzientziatzeko asmoarekin.

Egoera ekonomikoa

Aspaldian bizi izan dugun egoera ekonomiko txarrena pairatu izan dugu, oro har, azken bi urte hauetan.

Higiezinen merkatuari dagokionez, 2009. urteak izan ditu aspaldi ezagutu diren erregistrorik eskasenak, adierazle ekonomikoetan zein finantzieroetan.

Hasitako etxebizitzen maila azken hogei urte hauetako baxuena izan da. Etxebizitzen salerosketa izugarri murriztu da, zer gertatu zain gelditutako demandagatik. Hipotekak lortzeko zailtasunek eta enpleguak galtzeak ez dute lagundu gora egin ezinik dagoen merkatua mobilizatzen.

Testuinguru honetan, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak lortu egin du hasitako guztien artean babestutako etxebizitzen kuota %45ean mantentzea eta birgaitzeko aparteko laguntzen plana bezalako neurriak jarri ditu martxan.Horrela lortu da eraikuntzaren sektorea mobilizatzea, batetik, eta euren etxebizitzetan birgaitze-lanak egiteko aukera izan duten familien kopurua handitzea, bestetik.

Hiriak birgaitzea eta berroneratzea dira gaur egungo etxebizitza-politikaren lehentasunak. Euskadiko Etxebizitzaren aldeko Itunaren eta 2010-2013 Etxebizitzaren eta Hiri Berrikuntzaren Plan Zuzentzailearen helburuen artean dago hazkunde iraunkorragoa bultzatzea, hiri-espazioak berritu eta berroneratzea, egungo etxebizitza-parkeari balioa emanez eta hobetuz. Horrela, birgaitzea eraikuntza berriaren alternatiba bezala ikusi behar da, kontuan hartuta, gainera, euskal orografiak lurzorua lortzeko eskaintzen dituen zailtasunak.

2010ean hobera egin dute modu esanguratsuan hasitako babestutako etxebizitzen datuak, babestutakoen sektorekoek bikoiztu egin baitute lehenbizikoz merkatu librekoek, hasitakoak urteko/5000 inguru arte iritsi direlarik.

Akaberak maila berean mantendu dira eta 2010eko birgaitze-programak 2009ko kopuru ikusgarriak mantendu ditu, 20.000 etxebizitza inguru birgaitu baitira.

Era berean, finantza-arloa gora behera, 2010ean mantendu egin da babestutako merkatuko eragiketetarako oinarrizko finantzazioa, kreditu-erakundeekin adostutako finantzazioa 329 milioi eurora iritsi arte.

2011. urtea bereziki konplikatua izango da etxebizitzarentzat. Merkatuko aldagarri klabeen egoera objektiboak okerrera egin dutelarik krisiaren amaiera urruti ikusten da oraindik eta litekeena da sektorearen norabidea aldatu, egokitu eta hobetu beharra etorkizun berria bultzatzeko.

Zailtasunak zailtasun, Jaurlaritzarentzat 2011. urteak ezin du inolaz ere urte galdua izan sektorearentzat etorkizuneko esparru berria sortzeko prozesu horretan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan