Eu

Kontroleko osoko bilkura (2019/03/22)

2019.eko martxoak 22

Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek Legebiltzarreko taldeen galderei eta interpelazioei erantzun diete Kontroleko Osoko Bilkuran.

Galdera, Lander Martínez Hierro Elkarrekin Podemos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Eusko Jaurlaritzaren egoerari buruz.

Lehendakariak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak eutsi egiten diola gizartearekin hartua duen konpromisoari; izan ere, Gobernu Programako oinarriei, konpromisoei eta ekimenei erantzuten die, baita 15 Herrialde Helburuei ere. “Helburu horietan aurrera egiteko elkarrizketa eta lankidetza behar dira, horretaz jabetzen gara”, adierazi du. Hala, Lehendakariak azpimarratu duenez, posible da jarrerak hurbiltzea eta akordioak lortzea.

Galdera, Alfonso Alonso Aranegui euskal Alderdi Popularra taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Gobernuaren egonkortasunari buruz. 

Lehendakariak azpimarratu du berdin-berdina dela Gobernuaren oraingo egoera eta legealdiaren hasierakoa; eta adierazi duenez, oposizioa egiteko modua da berritasuna. “Oposizioa egiteko modu hori, Gobernua ahultzeko asmo bakarrarekin”, adierazi du. Lehendakariaren arabera, oposizioa egiteko estrategia hori, eraiki, proposatu edo egin ordez, kritikatzeko, zalantzan jartzeko eta desegiteko batzen da; proiektuak, proposamenak eta egindako bideak desegiteko. “Hori egin dezakete eta gehiengoa dute hori egiteko, euren erabakia da”, gaineratu du. Zentzu horretan, Lehendakariak azpimarratu duenez, Gobernuak lanean jarraituko du Gobernu Programaren proiektu eta helburu guztietan. “Gobernuaren jarrera eta borondatea elkarrizketan aritzekoa da, akordioak eraikitzeko”, esanez amaitu du.

Interpelazioa, Carmelo Barrio Baroja euskal Alderdi Popularra taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Eusko Jaurlaritzaren jardunari buruz Venezuelan bizi diren edo han interesak dituzten euskaldunei, herrialde horrek bizi duen krisi sozialak eta politikoak astindutakoei Eusko Jaurlaritzak bideratutako laguntzei buruz.

Lehendakariak behin eta berriro errepikatu duenez, Eusko Jaurlaritza etengabe dago harremanetan Venezuelaren alde Euskaditik lan egiten duten erakundeekin eta elkarteekin. “Informatuta eta harremanetan egon da bai Venezuelako euskal komunitatearekin bai Euskadiko komunitate venezuelarrarekin”, adierazi du. Gainera, azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzatik mantendu egiten dira laguntza-lerroak eta ekimen berriak arbitratzen ari dira, sortzen ari diren egoeren larritasunera egokituak. Zentzu horretan, Lehendakariak ziurtatu egin du Eusko Jaurlaritzak lanean eta ahalik eta laguntza gehiena ematen jarraituko duela. “Ez da gai erraza, baina errealismoz eta gure ahalbideek eta baliabideek uzten diguten neurrian, pausoak ematen ari gara eta jarraitu egingo dugu lankidetzarako bide berriak irekitzen saiatzen, dauden zailtasunen aurrean eta zailtasun horiek handitzen jarraitzen dutela kontuan hartuta”, adierazi du.

Interpelazioa, Maddalen Iriarte Okiñena EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Espainiako Estatuko egoera politikoak EAEri ixten dizkion aukera politikoei buruz.

Lehendakariak adierazi duenez, Hauteskunde Orokorrek aldarazi egingo dute oraingo ordezkaritza parlamentarioa; baina ez dituzte konponduko oraindik irtenbiderik eman ez zaien arazo larriak; eta, beraz, beharrezkoa izaten jarraituko du gehiengo batek elkar hartzea konponbide adostuen alde. “Ziurtatzen dizut bide hori irmotasunez, iraunkortasunez, pazientziaz eta erabakitasunez bultzatzen jarraituko dudala; eraikuntza nazional eta sozial progresiboaren bidea da”, zehaztu du. Zentzu horretan, Lehendakariak gogora ekarri duenez, duela hamarkada batzuez geroztik, Eusko Jaurlaritzaren apustu estrategikoa hauxe izan da: eraikuntza progresiboa elkarrizketatik, negoziaziotik eta adostasunetik abiatuta. “Asko da lortutakoa eta eraikitakoa”, gaineratu du. Lehendakariaren arabera, moderazioan, printzipioetan eta erabakitasunean erakutsitako irmotasunean oinarritutako estrategia bati esker lortu da hori. “Estrategia horrek fruituak ematen jarraituko du, gutxi asko, faboragarriak izango diren koiunturetan”, azpimarratu du.

Gainera, Lehendakariak argitu du harreman eta integrazio instituzionaleko prozesu batean aurrerapausoak ematea dela Eusko Jaurlaritzaren estrategia, Europaren etorkizunean pentsatuz. “Europari begira, ez bakarrik Estatuari”, esan du. Eskualdeek egindako instituzionalizazio-eskakizuna, legegintzarako ahalmenarekin, azpimarratu du Lehendakariak. “Bere pluraltasun nazionala eta bere dibertsitate soziala batzetik eraikitako Europa da gure etorkizuna; hori da gure apustua eta aukera”, gaineratu du.

Interpelazioa, Jose Ramón Becerra Carollo Elkarrekin Podemos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, klima-aldaketaren aurka borroka egiteko politikei Gobernuak emandako bultzadari buruz.

Lehendakariak azaldu duenez, Euskadi Herrialde txiki bat izan arren, emisio globaletan oso pisu txikia duena, aspaldian jabetu ginen berotze globalaren arazoaz eta hala hasi ginen arazo hori konpontzeko neurriak hartzen. Horren erakusgarri, Klima Aldaketaren euskal estrategia “Klima 2050” nabarmendu du Lehendakariak, neurri estruktural berriak, baita premiazkoak ere, planteatzen dituena; neurri integralak eta zeharkakoak. Bestalde, Lehendakariak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak lehentasuna ematen die 15 Herrialde Helburuei, eta horietako bat hauxe da, 2020rako negutegi-efektuko gasen emisioak % 20 gutxitzea. Lehendakariak azpimarratu duenez aurrerapausoak ematen jarraitu behar da eremu horretan, erantzunkidetasunetik abiatuta, baina baita gizarteak, bereziki belaunaldi gazteak, eskatzen dituen anbizioarekin eta premiarekin ere.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak