
Beatriz Artolazabalek, asteazkenean, martxoaren 20an, “Migrazioa eta hiriak: integrazio inklusiborako bidea” jardunaldi iberoamerikarrean parte hartuko du
- Madrilen, Daniel de Torres, Anna Terron, Giovanna Tipan eta Karim Bin Humam-ekin batera, migratzaileek zerbitzuetara, etxebizitzara eta gizarte-integraziora jotzeko duten aukerari buruz eztabaidatuko dute
VG, 2019 III 15
Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, asteazkenean, hilaren 20an, Madrilen, Migración y Desplazamiento Forzado de los Bancos Multilaterales de Desarrollo (BMD) plataformaren testuinguruan antolatutako “Migrazioa eta Hiriak” konferentzian parte hartuko du. Konferentziaren helburua honako hau da: “elkarrizketa estrategikoa eta koordinazio operatiboa sustatzea" hiri-mailan dauden “migraziorako erronka eta aukera ekonomikoen aurrean”, erkidego hartzaileetan eragina dutela aintzat hartuta.
Mintegiak migrazioak hirien kultura- eta ekonomia-garapenerako dakartzan ahalmena eta aukerak izango ditu oinarri, bai eta gizakien lekualdatzeak dakartzan erronketarako irtenbide berritzaileak eta ideia berriak hornitzea ere.
Konferentzian, honako hauek esku hartuko dute: Nadia Calviño ministroa; Manuela Carmena alkatea; José María Álvarez-Pallete Telefónicako presidentea; Consuelo Rumí Migrazioetarako estatuko idazkaria; Josep Borrell ministroa eta Ignacio Corlazzoli Garapenerako Banku Interamerikarrak Europan duen ordezkaria.
Daniel de Torres Red de Ciudades Interculturales sareko zuzendariak koordinatuko du migratzaileek zerbitzuetara, etxebizitzara eta gizarte-integraziora jotzeko duten aukerari buruzko eztabaida. Bertan, Beatriz Artolazabalek, Anna Terron International Iberoamerican Foundation for Administration and Public Policyko (FIIAPP) zuzendariak, Giovanna Tipan Human Mobility Managementeko (Ecuador) zuzendariak eta Karim Bin Humam Holandako Skillab-eko eragiketa-zuzendariak parte hartuko dute.