Eu

Abian da Euskaltzaindiak antolatutako 'Euskara ibiltaria' erakusketa

2019.eko martxoak 13

Bihar eta etzi izanen da, Bilboko Euskal Museoan, Euskaltzaindiak mendeurrenaren baitan antolatzen duen bosgarren jardunaldi akademikoa. Bertan, euskararen berba-mintzoak aztertuko dira eta, bide batez, dialektologiaren alorrean nazioartean egin diren azken ikerketak agertuko dira. Baina biltzarraren atari gisa, Euskararen Akademiak goitik behera eraberritu duen Euskara Ibiltaria erakusketa aurkeztu du gaur. Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua erakusketaren irekieran izan da.

XX. mendearen 80. hamarkadan heldu zion Euskaltzaindiak euskararen hizkuntz-atlasa egiteari; orduantxe abiatu zen gaur egun Euskararen Herri Hizkeren Atlasa izenez ezagutzen den egitasmoa. Euskal gizartearen eskutik jaso zen altxorra eta jakituria egitasmo hau lantzeko, eta orain, jasotako guztia da Euskaltzaindiak euskal gizarteari itzultzen diona.

Euskara Ibiltaria 2015. urtean EHHAtik sortu zen erakusketa da, baina gaur Euskal Museoan aurkeztu denak zerikusi txikia du orduko hartan egin zen proiektuarekin; erakusketa eraberritu eta interaktiboa da Bilbon erakusten dena, material berriz osatutakoa eta bisitariaren parte-hartze zuzena sustatzen duena. Zentzumenak baliatuz, euskararen hitz eta hotsekin jolastu, ikasi eta entretenitu ahal izango du bisitariak. “Erakusketa honetan euskara entzun egin daiteke, irakur daiteke, uki daiteke eta usaindu egin daiteke”, esan du Xarles Videgain Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren arduradunak.

Euskara ibiltaria: ikusi, entzun eta usaindu
Honela, Euskararen Herri Hizkeren Atlasean oinarritutako Euskara Ibiltaria Bilboko Euskal Museoan erakutsiko da, gaurtik hasi eta ekainaren 16a bitarte.
Hauek dira erakusketa berrituaren ezaugarri nagusiak:
• Orain arteko panelez gain, hainbat berrikuntza izango ditu:
- Teknologia berrien erabilera sustatuko da.
- Zentzumenekin jolastuko da bisitaria: ikusi, entzun eta usaindu.
- EHHAko mapa eta hitzekin jolastu ahal izango da: 3 joko egongo dira (gehi laugarren bat, QR kodeen bitartez erabiltzeko).
- Bisitariarentzat erronkak egongo dira eta gainditzen dituztenen artean sariak zozketatuko dira.
• Herri desberdinetako ahotsak entzun ahal izango dira:
- Herriz herri jasotako erantzunak entzungai egongo dira.
- Zenbait herritako pasarteak entzun eta irakurtzeko aukera egongo da.
• Erakusketa lau hizkuntzatan egongo da (euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa).

Herri Hizkeren Atlasa: X. liburukia
Euskararen Herri Hizkeren Atlasak (#EHHA) ahozko euskararen aldaerak mapetan jasotzea du helburu. Egitasmoa 1984an jarri zen abian, galdeketa puntuen sarea, galdesorta eta lan metodologia finkatu zirelarik. Galdesorta horrek hizkuntzaren datu guztiak biltzen ditu: lexikoa, fonetika, morfologia eta sintaxia. Datuak biltzeko Euskal Herri osoko 145 herri hautatu ziren: Araban herri 1, Bizkaian 36 eta Gipuzkoan ere 36, Nafarroako Foru Erkidegoan: 27 herri, Lapurdin 15, Nafarroa Beherean 18 eta Zuberoan 12.

Galdeketa horien azken emaitzaz, X. liburukia aurkeztuko da ostiral honetan (martxoak 15 dituela, 12:20), II. Nazioarteko Dialektologia biltzarraren baitan. Oraingo liburukiak 239 mapa erakusten ditu, ondorengo gaiak jorratu direla: jokoak, kirolak, bertuteak eta bizioak, gorputzeko gabeziak, larruazaleko gaitzak, gaixotasunak, heriotza, ezkontza, gizarte-bizitza, ahaidegoa, erlijioa, sinesteak, lana eta beharginak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak