Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaria: “Alderdien Legeak ez du jasotzen ETA desagertzeko baldintza"

2011.eko martxoak 16

Lehendakaria pozik agertu da Sortuk “demokrazian barneratzeko” asmoa azaldu duelako, eta taldearen etorkizuna justiziak erabakiko duela errepikatu du

“ETA inoiz baino ahulago dago, garaituta dago, eta badaki indarkeriaren bidez ez duela inoiz ezer ere lortuko”. Hori esan du lehendakariak ABC Foroan egin duen esku-hartzean. Bertan, legealdiaren balantzea egin du. Patxi Lópezek ETA desagerrarazteko Eusko Jaurlaritzak gauzatu duen buruzagitza defendatu du, eta zorroztasun demokratikoari eta zero tolerantziari egotzi dio terrorismoaren “gainbehera”.

Patxi López lehendakariak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzaren “tolerantzia zeroko eta exijentzia demokratikoko” politikari esker ari dela Sortu demokraziarantz aurrera egiten. Ezker abertzaleko taldea hurrengo hauteskundeetara aurkezteko aukerari dagokionez, lehendakariak adierazi du politikan aritzeko borondate irmoa duela frogatu behar duela. “Haiek dira, eta ez beste inor, eta justiziak hartu behar du erabakia, justiziak bakarrik, ekintzetan eta errealitatean oinarrituz, eta ez susmoetan oinarrituz, eta gainerakook emaitzaren alde agertu behar dugu, inolako presiorik edo baldintzapenik gabe”.

Lehendakariak hori esan du gaur arratsaldean ABC Foroan, Madrilen.  Bere esku-hartzean, lehendakariak adierazi du Alderdien Legeak “argi eta garbi esaten duela zein diren alderdi bat legez kanpokotzat jotzeko baldintzak; Espainian ezin da talde terrorista baten estalgarri den alderdi politikorik egon, baina legezkoa izateko baldintzak zein diren ere adierazten du, eta ez da esaten ETA desagertzea beharrezkoa denik”. Ildo horretatik, lehendakariak esan du demokrazian “ezin dela egun osoa eman komeni zaigunaren arabera baldintza desberdinak jartzen, eta, ondorioz, zentzuzkoa da esatea ekintzen bidez frogatzen badute ETArekin apurtu dutela eta indarkeria gaitzesten dutela eta demokrazian politikan jardun nahi dutela, non dago arazoa?”.

Talde terroristak berriz atentatuak egingo dituen galdetu diotenean, lehendakariak esan du “ETA inoiz baino ahulago dagoela, garaituta dagoela, eta badakiela indarkeriaren bidez ez duela inoiz ezer ere lortuko”.

Lehendakariak Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa-lanaren balantzea egin du, eta legealdiaren ezaugarri izan diren ardatzak birpasatu ditu. Besteak beste, honako hauek gailentzen dira: jakintza bultzatzea, mesedegarria baita herrialdearen garapenerako; hazkuntza, lehiakortasunean oinarrituta ekonomia eta lana bultzatzeko; iraunkortasuna, klima-aldaketaren kontra borrokatzeko, energia-eraginkortasunaren bidez, energia berriztagarria erabiliz eta mugikortasun iraunkorraren bitartez; eta ongizatea, Euskal Herrian bizi diren pertsona guztien bizitza-kalitatea ziurtatzeko. Azken finean, “eskubide berak dituzten herritar desberdin eta askez” osatutako Euskadi bat lortzea helburu duela adierazi du.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)