Eu

Ander Añibarro: “29,6 urterekin emantzipatzen dira, batez beste, gazteak”

2019.eko martxoak 14
  • Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren Gazteen Euskal Behatokiaren datuen arabera, 29,6 urte dira emantzipatzeko batez besteko adina
  • 25 eta 29 urte bitarteko pertsonen % 47 emantzipatuta dago, eta lautik hiru daude emantzipatuta 30 eta 34 urteren artekoan
  • Gazteen emantzipazioa Euskadin, 2017’ txostenak dakar 25 urte bete arte okupazio nagusia ikasketak direla

VG 19-03-14

Ander Añibarro Eusko Jaurlaritzako Gazteriako zuzendariak honako hau esan du: “ziklo ekonomikoak gorabehera, emantzipazioaren batez besteko adina, Euskadin, 30 urte ingurukoa da, datu hori erregistratu denetik, eta, gaur egun, Euskadin bizi diren 16 eta 34 urte bitarteko pertsonetan 29,6 da emantzipatzeko batez besteko adina”. Batez besteko adin hori antzekoa da gizonetan eta emakumeetan (29,6 eta 29,7, hurrenez hurren), Gazteen emantzipazioa Euskadin, 2017’ txostenak dakarrenaren arabera. Oraintsu argitaratu du txostena Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren Gazteen Euskal Behatokiak.

“Fenomeno horren kausak hainbat dira, eta zerikusia dute prestakuntza-zikloak luzatzearekin, enpleguarekin, soldatekin, higiezinen merkatuko gorabeherekin eta beste alderdi batzuekin”, esan du Añibarrok.   2011n, 30,0 urterekin emantzipatzen ziren, batez beste; 2013an behera egin zuen batez besteko adinak eta 29,7 urterekin emantzipatzen ziren, eta 2015ean berriro egin zuen gora (29,8). 2017an pixka bat behera egin zuen, berriro, 29,6.

“Gazteek beraiek esan bezala, emantzipatzeko zailtasun nagusiak honako hauek dira: batetik, etxebizitzaren garestitzea, bai erosteko, bai alokatzeko; beste alde batetik, nork bere diru-sarreren iturri egonkorra izateko zailtasunak; eta, bestetik, banku-kreditua lortzeko zailtasuna”, esan du Añibarrok.

Aukerak

Txostena 16 eta 34 urte bitarteko gazteei eginiko inkesta batean oinarritzen da, eta adin-tarteen arteko desberdintasun argiak erakusten ditu. Inkestak erakusten du 16 eta 29 urte bitarteko gazteen artean % 22,6 baino ez dela bizi bere gurasoen etxeaz bestelakoan; baina hori, neurri handi batean, bizitzako fase bakoitzeko baldintzen araberakoa da. Horrela, zenbat eta nagusiagoa izan, orduan eta handiagoak dira emantzipazio-tasak. 25 eta 29 urte bitartean dituztenen artean, % 47 emantzipatuta dago. Eta, 30 eta 34 urte bitartekoen artean, % 76,1 dago emantzipatuta, lautik hiru.

Zundaketak erakusten du 25 urtetik aurrera hasten dela gazteen okupazio nagusia lana izaten; izan ere, aurretik espazio hori ikasketek betetzen dute, normalean.

Gainera, zenbat eta nagusiagoa izan, orduan eta soldata hobeak. Inkesta horren arabera, 30 urtetik beherako okupatuen artean hileko batez besteko soldata 1.093 eurokoa da eta 30 eta 34 urte bitartekoen artean 1.297 eurokoa. Beraz, “emantzipatzeko aukerek gora egiten dute, nabarmen, 30 eta 34 urte bitartean”, esan du Eusko Jaurlaritzako Gazteriako zuzendariak. Adin-tarte horretan, gainera, lau gaztetik hiruk (% 73,3) lan egiten dute eta beren diru-sarrera iturria dute.

Añibarrok nabarmendu du eukal gazteen batez besteko soldata areagotu egin dela azken urteotan, “izan ere, 2011n 16 eta 29 urte bitartean lana okupazio nagusi zuten pertsonek batez beste 998 euro irabazten zuten; 2013an soldatak jaitsi egin ziren, eta 966 euro irabazten zuten; berriz ere berreskuratu ziren pixka bat 2015ean, 996 euro baitziren, eta, 2017an, lehen aldiz dira 1.000 eurotik gorakoak”.

Prezioak

“Alokairua etxebizitzara jotzeko modu nagusi bilakatu zela ematen zuen. Hala ere, 2015aren eta 2017aren artean, berriz ere egin du gora jabetzaren lehentasunak”, esan du Añibarrok. “Alokairuen prezioen egoeraren ondorioz, gazteek beharbada garestiago ikusiko dute hileko alokairua ordaintzea hipoteka ordaintzea baino, baina baliteke fenomeno horretan jatorri kulturala ere egotea. Krisialdian, alokairuaren aukerak gora egin zuen, baina badirudi motiboa izan zela batez ere unean zegoen beharra, eta ez benetako ikuspegiaren aldaketa”.

2014tik, etxebizitza librea alokairuan hartzeak hasieran erosketak baino ordainketa handiagoa eskatzen du. Ekonomiaren suspertzearekin batera, Euskadin alokairuaren batez besteko errenta hazi egin da eta, 2017ko laugarren hiruhilekoan, 944 eurokoa da, batez beste.  “Oro har, 2017an beherakada txikia egon da alokairuan bizi den gazte-kopuruan, eta gorakada erosi arte aldi baterako irtenbidea dela esaten dutenen artean”, esan du Ander Añibarrok.

Arlo horretan, halaber, desberdintasunak antzematen dira, adin-tarteen arabera. Alokairuak jarraitzen du izaten 16 eta 29 urte bitarteko gazte emantzipatuen aukera lehenetsia; izan ere, % 69,1 alokairuan bizi da eta % 20k baino ez  du erosi etxebizitza. 16 eta 29 urte bitarteko gazteek alokairua aukeratzeko motiboak oso desberdinak dira. Gehien aipatu den motiboa (% 33,5) alokairua aldi baterako irtenbidetzat jotzen dela da, harik eta etxebizitza erosi ahal izan arte.

Ander Añibarrok honako hau azaldu du: “30 urtetik aurrera, asmoak eta ohiturak nagusiagoenen asmo eta ohituren antzekoagoak dira; izan ere, diru-sarrerek gora egiten dute, hilean diru gehiago dute eta lan-egonkortasuna handiagoa da”. Adin-tarte horretan, alokairuan bizi diren emantzipatuen ehunekoa % 46,2ra jaisten da, eta % 40,8k etxebizitza erosten du.

Batez besteko gastuak

Nahiz eta gazte emantzipatu guztiek ez dituzten hipotekako eta alokairuko gastuak, 16 eta 29 urte bitarteko emantzipatuen % 83,5ek hipotekako (% 14,4) edo alokairuko (% 69,1) hileko gastuak dituzte. Batez besteko hileko gastua (hipoteka eta alokairuak barne) 608 eurokoa da.

Alokairu-erregimenean emantzipatuta bizi diren 16 eta 29 urte bitartekoek diote beren alokairuaren errenta hilean 641 eurokoa dela. Hipoteka-mailegua kontratatuta duten pertsonek diote hilean, batez beste, 422 euroko kuota ordaintzen dutela. 30 eta 34 urte bitarteko pertsonen batez besteko hileko gastua (hipoteka eta alokairuak barne) 536 eurokoa da. Hipoteka-kuotako kostuak pixka bat handiagoak dira (485€) 16 eta 29 urte bitartekoek ordaintzen dituztenak baino. Alokairu-errentetan kontrakoa gertatzen da. 30 eta 34 urte bitartekoek hilean 569 euroko batez besteko errentadun alokairuak dituzte.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak