Berriak Hezkuntza
Eu

Eusko Jaurlaritzak 2019-2022 Unibertsitate Sistemaren Plana onartu du (Gobernu Bilera 2019-03-12)

2019.eko martxoak 12

Cristina Uriarte Hezkuntzako sailburuak eskatuta,, Gobernu Kontseiluak 2019-2022 aldirako Unibertsitate Sistemaren Plana onartu du. Unibertsitate-plana da Euskal Unibertsitate Sistema antolatzeko Eusko Jaurlaritzak berariaz onartutako tresna.

Hezkuntza Sailak, hala, betetzat jo du Eusko Jaurlaritzak legegintzaldi honetarako zuen plan estrategikoetako bat. Herrialde aurreratu orok behar du bikaintasunezko unibertsitate-sistema bat. Hori dela eta, Hezkuntza Sailak Euskal Unibertsitate Sistemak datozen urteetako bilakaerarako oinarri estrategikoak zehaztu ditu. Plan berriak “Unibertsitate Sistemaren Plana” izena hartu du, aurreko Unibertsitate Planarekin alderatuta. Ñabardura hori garrantzitsua da, unibertsitate guztientzako estrategia eta helburu partekatuei bultzada ematea baitu helburu. Plan horrek unibertsitate bakoitzaren plan estrategikoen koordinazioa sustatuko du.

2019-2022 aldirako Unibertsitate Sistemaren Planak ebaluatu ditu aurreko Unibertsitate Plana (aurrekontuaren % 99 exekutatu da), unibertsitate-irakaskuntzaren egoera, eta garapenean eragingo duten ingurune-elementu zenbait (horiek aztertzea ezinbestekoa da Euskal Unibertsitate Sistemaren egoera ezagutzeko). Azterlan horrek beharrizanak zehaztu, garatu beharreko estrategia definitu eta datozen urteetan Euskal Unibertsitate Sistemako pare diren unibertsitateek egin beharreko ekintza nagusiak ezartzeko aukera eman du. Planaren helburua da Euskal Unibertsitate Ekosistemako eragileen artean koordinazio handiagoa eta hobea sustatzea. Eragile hauen artean, alegia: unibertsitateak, BERC guneak, Ikerbasque, Unibasq, 4Gune eta Euskampus.

2019-2022 aldirako Unibertsitate Sistemaren Planak 1.411 milioi euroko partida ekonomikoa aurreikusten du, hau da, aurreko Plana baino 124 milioi euro gehiago (+% 9,6). Partida hori finantziazio-beharrizanei erantzuteko bideratuko da, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak bere helburuekin eta kalitatearen hobekuntzarekin betetzeko nahikoa finantziazio bermatzeko, baita Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitate guztientzako ezarritako helburuak lortzeko finantziazioa eskaintzeko ere. Bultzada ekonomiko horri esker, hainbat jardueren artean, Medikuntza Fakultate berria eraikiko da, I+G+b inbertsioa % 5 haziko da (ikerkuntzara bideratutako urteko hazkundearen konpromisoa betetzeko), Unibertsitate Prestakuntza Dualean ahalegin handiagoa egingo da, Ikerbasquen bidez talentua bereganatzea indartuko da edo Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarearen eragile ezberdinen arteko lankidetza sustatuko da.

2019-2022 aldirako Unibertsitate Sistemaren Plana zehaztuta, Hezkuntza Sailak, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetzaren bidez, lehentasunezko ikerketa alor edo ikasgaiak zehaztu ditu, Euskadirentzat duten interes estrategikoagatik, edo interes zientifiko, artistiko edo sozialagatik; berariazko kontratu-programa bidez finantzatuko dira.

Unibertsitate Sistemaren Plan berriak bost ardatz nagusi barne hartzen ditu, eta horien bidez beteko dira bildutako ekintza guztiak:

  • Bikaintasun-ikerkuntzaren ardatza. Garapen-ardatz honen helburua da Euskal Unibertsitate Sistema testuinguru globalean kokatu eta indartzeko funtsezko ardatz izatea. Unibertsitateek, talentu zientifikoak eta ikerketa-jarduera sortzeko beharrei erantzuna ematea ahalbidetuko duten ekintzak planifikatuko eta definituko dituzte.
  • Unibertsitatea+Enpresa ardatza. Ardatz honek Unibertsitate+Enpresa eta unibertsitatea-gizartea harremanak jorratzen ditu, unibertsitateek Euskadiren aurrerabide eta eraldaketaren alde egiten duten ahalegina bideratzeko trakzio-indar gisa eta horien beharrizanei erantzuteko. Era berean, Euskal Unibertsitate Sistemako titulatuen enpleagagarritasuna hobetzea ere badu helburu –betiere jaso duten prestakuntzarekin bat datozen postuetan-, formazioa eta talentua sortzea gidatuko duen elementu gisa.
  • Irakaskuntza prestakuntza eta metodologia berritzaileak ardatza. Ardatz hori euskal unibertsitatearen erreferentzia-marko indartsu eta berritzailea garatzearekin lotuta dago, horren plangintza, eduki eta inplementazioari dagokienez.
  • Nazioartekotze ardatza. Unibertsitatearen xede guztietara hedatzen den prozesu gisa ulertzen da, zeharkakotasunez, baita unibertsitate-sistemaren bidez gure gizartea beste gizarteekin harremantzea sustatzeko bide gisa ere. Ikuspegi horretan, bereziki nabarmentzekoa da bikaintasun-ikerkuntzaren funtzioa, nazioarteko ikuspegiari erantzuten baitio, tokiko testuinguruan sakonki errotuta.
  • Unibertsitate Komunitatea ardatza. Hainbat mugarri lortzeko helburua du, esku hartzeko hiru eremutan zehaztuta: genero-berdintasuna sustatzea (soldata arrakalaren kontrako borrokara edo emakumeen artean bokazio zientifikoak sustatzera bideratutako ekintzekin, adibidez), euskararen erabilera hedatzea eta ekitatea.

5 ardatz horiek Europa mailan ezarritako lehentasunezko jarduteko ildoei dagokie. Europako Batzordeak Unibertsitate Sistemaren Plana diseinatzeko fasean lagundu du, eta horrek azaleratzen du Eusko Jaurlaritzak Europako politika partekatuekin duen konpromisoa, baita unibertsitate alorrean ere. Unibertsitate Sistemaren hobekuntza globala da, eta hainbat helburu zehatz lortzeko oinarria, honako hauek lortzeko, esaterako:

  • Prestakuntza dualeko titulazio ofizialean izena eman duten ikasle kopurua haztea, 471tik 1.750era pasatzea.
  • Unibertsitateetara atxikitako Ikerbasque ikertzaile kopurua % 25 haztea.
  • STEM titulazioetan izena emandako ikasle guztien arteko emakumeak % 32,5etik % 52ra pasatzea.
  • Irakasle ikertzaile elebidunak % 52tik % 60ra igotzea.
  • Docentian (irakaskuntza berritzailearen eredu ofizialean) akreditatutako langileak % 29,1etik % 45,3ra igotzea.
  • Euskal Unibertsitate Sistemak sortutako enpresetan kualifikazio altuko lanpostuak % 25 haztea.
  • Argitalpen zientifikoak % 17 haztea.

Plan hau duela urtebete hasi zen osatzen. Planak jasotzen duen berritasun nagusietako bat, Unibertsiatea+Enpresa ardatza, 2017ko ekainean abiatu zen, Lehendakariak berak aurkeztu baitzuen estrategia. Ordutik hona, eta UPV/EHUrekin, Deustuko Unibertsitatearekin eta Mondragon Unibertsitatearekin koordinatuta, gaur Gobernu Kontseiluan onartu den Plana zehaztu da.

Unibertsitate Sistemaren Plana (2019-2022)

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko