Eu

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 300.000 euro bideratuko ditu ikus-entzunezkoen garapena laguntzera (Gobernu Bilera 2019-03-12)

2019.eko martxoak 12
  • Deialdi honen aurrekontua legealdiaren hasieran hirukoiztu zen; guztira, 2.660.000 euro bideratuko dira zinemagintza sustatzera diru-laguntza irekien bidez

Eusko Jaurlaritzak 300.000 euroko kontu-saila onartu du, bere gaurko saioan, telebista, zine edota multimedia proiektuen garapena diruz laguntzeko. Deialdi honen helburua da 2019an eta 2020an zehar garatuko diren ekoizpenen prestakuntza eta diseinua sustatzea, produkzio fasearen aurreko operazioetan arreta jarriz. Lerro honekin batera, Eusko Jaurlaritzak beste 2.360.000 euro bideratuko ditu aurten zinemagintza diru-laguntza bidez sustatzera (guztira, 2.660.000 euro), eta horiei gehitu behar zaizkie EiTBk inbertituko dituen 5.000.000 euro baino gehiago.

Zinemagintza sustatzeko diru-laguntzak nabarmen areagotu ziren legealdiaren hasieran, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak % 35 igotzea erabaki zuenean, 2.660.000 euro horietara helduz. Gidoilariaren eta ekoizlearen arteko harremana indartzeko asmoz, proiektuen garapenerako diru-laguntzek garrantzi handiagoa hartu zuten eta aurrekontua hirukoiztea erabaki zen, 300.000 euro horietara ailegatu arte.

Eusko Jaurlaritzaren zinemagintzarako diru-laguntzek sormen prozesu guztia hartzen dute: gidoien sorkuntza, produkzioen garapena eta ikus-entzunezkoen produkzio. Gidoien sorkuntzarako diru-laguntzek 104.000 euroko aurrekontu dute, eta proiektuen garapenera bideraturikoek, aldiz, 300.000 euroko aurrekontua izango dute. Azkenik, 2.260.000 euro bideratuko dira ikus-entzunezkoen ekoizpenera. Diru-laguntza hauei gehitu behar zaizkie EiTBk euskal zinera bideratutako 5 milioi euro horiek, ikus-entzunezko enpresentzako diru-laguntza zuzenak eta Kimuak edota Noka Mentoring bezalako programak babestea helburu dutenak.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko