Eu

Muro: ”Euskal gazteen lan-aurreikuspenek hobera egin dute, nabarmen, azken urteotan”

2019.eko martxoak 12

 

  • Gazteen Euskal Behatokiak, Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailekoak, Aurrera Begira: gazteen aurreikuspenei buruzko adierazleak ikerketaren seigarren edizioa aurkeztu du
  • Enplegua galtzeko edo ezegonkortzeko arriskuak ehuneko bi puntu egin du behera, pasa den urtearen aldean
  • Behera egin du “behartutako emigrazioa”ren aurreikuspena
  • Langabezian daudenen artean, enplegu-aurreikuspenak gora egin du lau puntu, iazko balioen aldean, eta 2013an hasitako seriearen altuena da

 VG 19-03-12

Euskal gazteen aurreikuspenak hobetu egin dira, nabarmen, azken urteotan, eta nabarmentzekoak dira lan-aurreikuspenen inguruko adierazleen emaitza onak. Enplegua galtzeko edo ezegonkortzeko arriskuak ehuneko bi puntu egin du behera, pasa den urtearen aldean, eta, 2013tik, adierazle horrek ehuneko 27 puntu egin du behera.

 

Gazteriaren Euskal Behatokiak Aurrera Begira azterlanaren seigarren edizioaren emaitzak aurkeztu ditu. Aurrera Begira 2013tik urtero egiten den ikerketa da; helburua da jakitea euskal gazteriak nola ikusten duen oraina eta zein diren epe laburrerako etorkizunaren inguruan dituen aurreikuspenak.

 

Ikerketa 15 eta 29 urte bitarteko 1.512 gaztek eratzen duten euskal gazteriaren lagin bati telefono bidez egiten zaion inkestan oinarritzen da. Ikerketaren emaitzak 10 adierazleren inguruan antolatzen dira; adierazle horiek eragin berezia dute enpleguan eta emantzipazioan, eta, oro har, oso bilakaera positiboa erakusten dute.

 

Ander Añibarro Eusko Jaurlaritzako Gazteriako zuzendariak honako hau azpimarratu du azterlanetik: “langabezian daudenen artean, enplegu-aurreikuspenak gora egin du lau puntu, iazko balioen aldean, eta 2013an hasitako seriearen altuena da; langabezian dauden gazteen % 82k espero du urtebeteko epean enplegua aurkitzea. Halaber, gora egin du gazte ikasleen artean prestakuntzari lotutako enpleguaren aurreikuspenak; hazkuntza hori etengabea izan da 2013tik, eta, 2018an, % 76k espero du ikasketak amaitzean bere prestakuntzarekin bat datorren enplegua aurkitzea; 2013an % 46k zituen aurreikuspen horiek.

 

Lanean diharduen gazteriaren % 23k uste du beharbada enplegua galduko duela urtebeteko epean, eta % 7k uste du, nahiz eta lana galdu ez, beharbada okertu egingo direla bere lan-baldintzak.

 

Azterlanak dakarrenaren arabera, “jarraitzen du behera egiten behartutako emigrazioaren aurreikuspenak; hamar gazte bakoitzeko bati baino gutxiagori eragiten dio. 2018an, euskal gazteriaren % 8k uste zuen atzerrira joan beharko zuela, lan egitera, nahi ez bazuen ere. Behartutako emigrazioaren aurreikuspenak puntu bat egin du behera azken urtean; beraz, 2013tik, zortzi puntu egin du behera, orduan euskal gazteriaren % 16k uste baitzuen emigratu beharko zuela, nahi ez bazuen ere.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak