Berriak Lehendakaritza
Eu

Eroskiren zeregina nabarmendu du Lehendakariak “kontsumo-kooperatiba” gisa

2019.eko martxoak 12

Iñigo Urkullu Lehendakaria, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapia, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Sonia Pérez, eta Lan eta Justiziako sailburu Mª José San José lagun zituela, EROSKIren 50. urteurrena dela-eta antolatutako ekitaldian izan da. 

EROSKIren 50. urteurrena dela-eta antolatutako ekitaldian, elkarrizketa labur batzuk izan dira bazkide erretiratuekin eta jardunean diren bazkideekin. Gainera, hainbat jarduera burutu dira, esaterako Kukai Dantza taldearen emanaldia, Ohiana Bartra eta Andoni Egaña bertsolariena, eta “Kometa” taldearen musika-emanaldia. Ekitaldian zehar, gainera, bideo batzuk proiektatu dira bizipen pertsonalak, denden eboluzioa, balio-katea, markaren eboluzioa eta tokiko produktuak bezalako gaien inguruan.

Bere jardunean, Lehendakariak nabarmendu egin du Eroskiren zeregina “kontsumo-kooperatiba” gisa. Lehendakariak adierazi duenez, azken 50 urte hauetan herri eta familia guztietara iritsi den kooperatiba da Eroski. Gainera, azpimarratu duenez, kooperatiba aitzindaria izan da kontsumo-ohituren prestakuntzan eta sentsibilizazioan. ““Kontsumo arduratsuaren kulturak”, gure gizartean hain sustraituak, asko zor dio urte hauetan zehar egin duzuen heziketa-lanari”, zehaztu du.

Lehendakariak atzera begiratu eta gogora ekarri ditu Eroskik izan zituen zailtasunak merkatu ireki eta oso lehiakor batean bere posizioa mantentzeko. Nahiz eta, azpimarratu duenez, lankidetzari eta elkarlanari esker, oinarri sendoago baten gainean aurre egiten ari zaion Eroski etorkizunari. “Oinarri hori sustrai kooperatibotik bertatik esplikatzen da, eta baterako proiektu honekin bazkide guztiek hartua duten konpromiso pertsonaletik”, adierazi du. 

Lehendakariak adierazi du irmoa dela Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa. Zentzu horretan, gogora ekarri du abenduan onetsi zela kooperatiben lege-proiektua, Legebiltzarrean izapidetzen ari dena. “Gure helburua da kooperatibismoaren identitate-ikurrak sendotzea eta bere egonkortasuna bermatzea etorkizunari begira”, gaineratu du.

Bilboko Azkuna Zentroan egin da ekitaldia, eta Lehendakaria eta Eusko Jaurlaritzako aipatutako sailburuak ez ezik, hauek ere izan dira bertan: Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministro eta Gobernuko Bozeramaile Isabel Celáa, Legebiltzarreko Presidente Bakartxo Tejería, Gobernuko Ordezkari Jesús Loza, Bizkaiko Batzar Nagusietako Presidente Ana Otadui, Arabako Batzar Nagusietako Presidente Pedro Elósegui, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Presidente Maider Mendoza, Bizkaiko Ekonomia eta Lurralde Garapena Sustatzeko Foru Diputatu Imanol Pradales, Bizkaiko Jasangarritasun eta Ingurumeneko Foru Diputatu Elena Unzueta, eta Arabako Nekazaritzako Foru Diputatu Eduardo Aginaco.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak