Amurrioko 140 ikaslek zuhaitzak landatuko dituzte, gaur, Nerbioiko ezker ertzeko ibaiertzetan, parke linealean
Aresketa Ikastola, Virgen Niña, Lucas Rey eta Zabaleko ikastetxeetako 140 ikaslek gaur, Amurrioko parke linealean bilduko dira Nerbioiko ezker ertzeko erriberetan zuhaitzak landatzeko.
Jardunaldiaren helburuak dira: ikasleak ibaira hurbiltzea eta jolas moduan ibaia zer den bizitzea, erribera zuhaitzak landatzea eta ibaien babes naturalaren garrantziaz ohartaraztea. Ekitaldia dibulgaziozko hitzaldi batekin hasiko dira, erribera landarediaren onurak azaltzeko eta, ondoren, ikasleak, elkarlanean zuhaitzak landatzeari, ekingo diote.
Ingurumen boluntariotza jardunaldi hauek udalek sustatuak izan dira eta URAren laguntza eta partehartzea izango dute bai dibulgaziozko hitzaldiak egiteko eta baita landatzeko materialaren eskaintzarekin ere. Udalek eta URAk ibaien leheneratze eta zaintza lanak egiteko sustatu dituzten akordioen barruan kokatzen da.