Eu

San José sailburuak espetxe-legedia exekutatzeko ildo orokor eta helburu estrategikoak aurkeztu ditu Legebiltzarrean

2019.eko martxoak 13

María Jesús San José Lan eta Justiziako sailburuak Eusko Jaurlaritzak espetxe-legedia exekutatzeko aurreikusitako ildo orokorrak eta helburu estrategikoak aurkeztu ditu Eusko Legebiltzarrean, espetxe-ereduaren inguruan euskal ganberan egindako eztabaida monografikoaren baitan.

Bere hitzartzean, San Josék hiru helburu estrategiko adierazi ditu: espetxeratutako pertsona kopurua 100.000 biztanleko 40ren azpitik kokatzea; zigortutako pertsonen % 40 erregimen irekian egotea lortzea, eta zigortutako pertsonen berrerortzea % 30ren azpitik kokatzea.

Sailburuaren arabera, espetxeen kudeaketa, antolaketa eta funtzionamenduan ezarritako helburuak lortzeko, honako ardatz hauetan lan egingo da: ingurune irekiko zigor eta neurriak sustatzea, Birgizarteratzeko Euskal Sarea eraikitzea eta espetxealdia birgizarteratzera bideratzea.

María Jesús San Josék bere hitzartzearen amaieran legebiltzarreko talde guztien adostasuna eskatu du, eta itxaropentsu agertu da, exekutiboak aurkeztutako proposamenak aberasteko aukera emango duten akordioak lortzeko. “Lan eta Justizia Sailaren ustez, defendatzen dugun moduko ereduak akordio politiko zabalak behar ditu. Akordio horiek gerta daitezkeen legealdi eta gobernagarritasun baldintza ezberdinez harago iraun behar dute. Gure aldetik, gaur azaldutako ildotik sakontzen eta lan egiten jarraituko dugu”.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak