Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak jarraituko du trenbide-sektorearen garapena bultzatzen

2019.eko martxoak 06
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.
  • Euskadik bere estrategia du, BASQUE MOBILITY, mugikortasunaren erronka berriei erantzuteko
  • Iñigo Urkulluk esan du emakumeak gero eta presentzia gehiago duela trenbide-sektorean

Iñigo Urkullu Lehendakariak Rail Live azoka bisitatu du; teknologia digitalaren berrikuntzak trenbide-sektorean duen eraginari buruzko kongresua da, eta aste honetan zehar da, BECen, Bilbon.

Rail Live azoka ekitaldiak hazten jarraitzen du; 80 herrialde baino gehiagotako 3.000 pertsona bertaratuko dira eta. Gainera, 150 enpresa erakusketarik baino gehiagok emango dute beren azken garapenen berri. Azoka horretan sektorean nagusi diren Euskadiko industria-enpresek parte hartuko dute.

Lehendakariak nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak jarraituko duela trenbide-sektorearen garapena bultzatzen; izan ere, sektore hori oinarrizkoa da euskal ekonomiarako. “Jarraituko dugu ikerketako proiektu gidariak sustatzen”, esan du. Lehendakariak, adibide gisa, tren adimendunen belaunaldi berria garatzeko “Smart train” proiektuko lankidetza jarri du, edo “Multimat” edo “Nanotran” proiektuak, trenbide-garraioari aplikagarri zaizkion material berriak ikertzeko.

Gizartea etengabe aldatzen ari den testuinguruan, Lehendakariaren iritziz garraioa mugikortasunaren erronka berrietara egokitu behar da eta horiei erantzun. “Herrialde lehiakorragoa izateko trenbide-sare intermodala, bai bidaiariena, bai salgaiena", esan du. Lehendakariaren hitzen arabera, horretarako Euskadik bere estrategia du: BASQUE MOBILITY.

Era berean, emakumeak trenbide-munduan duen eginkizuna nabarmendu du Lehendakariak. Iñigo Urkullu Lehendakariak azaldu du historikoki gizonena izan den sektorean emakumeak gero eta presentzia handiagoa duela. “Oztopo hori gainditu da eta trenbide-diseinuak garraio inklusiboagoa, berdinzaleagoa eta unibertsalagoa izateko behar den sentsibilitatea jaso du”, esan du.

Lehendakariak nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak jarraituko duela trenaren erabilera zentzu guztietan sustatzen. Lehendakariaren iritziz, sistema horrek gure herrialdea integratu eta kanpoaldearekin konektatzen du. “Trenak erosotasuna, integrazioa eta ingurumenarekiko konpromisoa esan nahi du”, esan du, amaitzeko.

Lehendakariak hitz egin ondoren, bertaratutakoak azoka-barrutira sartu dira, standetatik ibilbidea egiteko.

RAIL LIVE

Rail Live teknologia digitalaren berrikuntzak trenbide-sektorean duen eraginari buruzko erakusketa eta konferentzia da. Konferentziak industriaren arloko nazioarteko 300 lider inguru batzen ditu, etorkizuneko trenbidea sortzeko teknologia berriak trenbidean nola aplikatzen ari diren eztabaidatzeko. Erakusketan teknologiaren gama osoa egongo da ikusgai; sektoreko 170 erakusketari baino gehiago egongo dira, ingeniaritza zibilekoak eta eraikuntzakoak, bai eta pista adimendunen berrikuntzakoak, IoT-koak eta aktiboen kudeaketakoak ere, besteak beste.

Urteko topaketa bat da, trenbide-sektoreko operadore, frabrikatzaile eta hornitzaileentzako bereizgarria; nazioarteko kongresuan mundu-mailako trenbide-sektoreko buru exekutibo eta goi-zuzendari ugari bertaratzen dira. Kongresuan hainbat gai aztertuko dira, esaterako: trenbide-sistemen kudeaketa eta optimizazioa; horien mantentzea; aurrerapen teknologikoak sartzea, besteak beste seinaleztapena, telekomunikazioak, azpiegitura digitala eta abar. Horrela, foro dinamiko bilakatzen da, ezagutzak trukatzeko eta merkatuko eragile handi guztien artean aliantzak ezartzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak