Berriak Osasuna
Eu

Gobernu kontseiluak 6,4 milioi euroko gastua baimendu du, tratamendu medikoekiko atxikipena bermatzea xede duten 2019ko laguntzetarako (Gobernu Bilera 2019-03-05)

2019.eko martxoak 05
  • Eusko Jaurlaritzak, 2018an, 5.254.000 euro bideratu zituen ekonomikoki ahulenak diren pertsonek, koordainketa farmazeutikoa gorabehera, agindutako tratamendu medikoari eutsi ahal izateko laguntzetara
  • Euskadi aitzindaria da laguntza horiek ezartzen, eta elkarren segidako sei urteotan 523.000 eskabide baino gehiago izapidetu ditu, eta 27,7 milioi euro bideratu ditu horretara

Gobernu Kontseiluak, gaur, Jon Darpón Osasun sailburuak proposatuta, 6.425.839 euroko gastua baimendu du; kopuru hori 2019an, bizi duten ahultasun-egoera dela eta, koordainketa farmazeutikoak ezarritako kostu gehigarriari aurre egin ezin dioten pertsonek tratamendu farmazeutikoak jarraitzen dituztela bermatzeko laguntzetara bideratuko da.

Laguntza horiek Eusko Jaurlaritzak koordainketa farmazeutikoaren aurka une oro erakutsi duen jarrera dute testuinguru; Euskadi Estatuan lehen erkidegoa izan zen pentsiodunentzako eta talde ahulentzako (pentsiodunak, langabeak, egoera irregularrean dauden etorkinak…) konpentsazio-neurriak ezartzen, pertsona batek ere agindu dioten medikazioa motibo ekonomikoengatik hartzeari uzten ez diola bermatzeko.

Elkarren segidako sei urte hauetan, 523.000 eskabide baino gehiago izapidetu ditu Eusko Jaurlaritzak, eta 27,7 milioi eurotik gora eman du; kopuru horri 2019ko aurrekontu luzatuetan esleitutako 6.425.839 euroak gehitu behar zaizkio (horiek handitu daitezke, beharrik egonez gero), eta horien gastua gaur baimendu da, Gobernu Kontseiluan.

Iaz, 2018an, Urkullu Lehendakariaren gobernuak 5.254.512 euro bideratu zituen guztira 2017ko deialdiko bigarren epeari eta 2018ko deialdiko lehen epeari dagozkien laguntzen onuradunentzat. Ekitaldien arabera, honela banatzen dira:

2017KO DEIALDIAREN 2. EPEA

 

• Ordaindutako zenbatekoa, guztira

3.195.897,22€

• Onuradunen kopurua

82.764

• Batez besteko laguntzaren zenbatekoa, onuradun bakoitzeko

38,62€

• Pertsona batentzako laguntza handienen zenbatekoa

1.665,36€

• Kopuru txikieneko laguntzaren zenbatekoa

0,07€

2018KO DEIALDIAREN 1. EPEA

 

• Ordaindutako zenbatekoa, guztira

2.058.614,94€

• Onuradunen kopurua

63.905

• Batez besteko laguntzaren zenbatekoa, onuradun bakoitzeko

32,21€

• Pertsona batentzako laguntza handienen zenbatekoa

680,37€

• Kopuru txikieneko laguntzaren zenbatekoa

0,07€

         ONURADUN GUZTIEN EHUNEKOAREN BANAKETA

Pentsiodunak eta onuradunak

97,6%

• Gainerako onuradunak

2,4%

 

2018ko deialdiko lehen epea Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 2018ko uztailaren amaieran ordaindu zuen, 2.058.614,94 €, eta, laster, bigarren epea ordaintzen hasiko da, 3.195.897,22 €, guztira.

Jon Darpón Osasun sailburuak nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak koordainketa farmazeutikoaren ondorioak arintzeko eginiko ahaleginak euskal biztanleen sektore ahulenen mesederako izan direla. Eta honako hau esan du: “gure ustez, ekitatea osasunean printzipio ukaezina da, eta, hori dela eta, gure osasun-sistema babesteko eta osasunera jotzea pertsona guztien eskubide izateko lanean jarraituko dugu”.

Gogorarazi behar da 2017ko azaroan, Eusko Jaurlaritzak laguntza ekonomiko horien Dekretuaren beraren aldaketa onetsi zuela, onuradunen bi kolektibo berri sartzeko: batetik, langabeziako legezko egoeran egon eta langabezia-prestazioaren hartzaile direnak, eta, bestetik, diru-sarrerak bermatzeko errentaren (DSBE) hartzaile direnak, beren lan-errenten osagarri gisa. Bi kasuetan, diru-sarrerek ezin dute 18.000 €-tik gorakoak izan. Kolektibo horiez gainera, ordura arte honako kolektibo hauek ari ziren laguntzak jasotzen: urtean 18.000 eurotik beherako urteko diru-sarrerak dituzten pentsiodunak; prestazio ekonomikorik gabeko langabe-egoeran dauden pertsonak; eta egoitza-egoera irregularrean dauden etorkinak. Era berean, aurtengo otsailean, Eusko Jaurlaritzak laguntzen hasierako dekretuaren bigarren aldaketa onetsi zuen, 7/2018 Errege Lege Dekretura egokitzeko, baina bigarren aldaketa horrek ez ditu aldatzen aurretik laguntza horien onuradun izan daitezkeen kolektibo gisa aurreikusitakoak.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko