Eu

Gobernu Kontseiluak, kontratazio publikoan ordainketen berdintasunerako klausulak eta soldata arrakalaren kontrako neurriak onetsi ditu (Gobernu Bilera 2019-03-05)

2019.eko martxoak 05

Gobernu Kontseiluak, euskal kontratazio publikoan emakumeen eta gizonen arteko ordainketen berdintasunerako klausulak eta soldata arrakalaren kontrako neurriak jasotzen dituen instrukzioa onetsi du gaur. Instrukzio hori, 2030. urterako Euskadi soldata arrakala txikiena duten Europako bost herrialdeen artean jarri nahi duen “Euskadin Soldata Arrakala murrizteko Estrategia eta Ekintzako Plan Operatiboa” izenekoaren barruan sartzen da. Hau oso pauso garrantzitsua da, inolako zalantzarik gabe.

Berdintasunerako bidea denok egin behar dugu elkarrekin. Horregatik, instrukzioa, kontratazioaren alor guztietan eta kontratazio organoetan lan egiten duten pertsonei dago zuzenduta, baina baita kontratuak sustatzen dituztenei, beharrak hautematen eta ezagutzen dituztenei, eta kontratazio bakoitzean emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko zein eskakizunek leku garrantzitsua bete dezaketen inork baino hobeto ezagutzen dutenei.

Ogasun eta Ekonomia Sailak, bere politika publikoek Berdintasunaren alorrean izan ditzaketen garrantziaz eta efektuaz jabetuta, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2018-2021 epealdirako Sailaren Planaren barruan sartu zuen kontratazio publikoaren jarraibide orokorren bitartez berdintasuna sustatzea bilatzen duen lehenengo helburu estrategikoa.

Hori guztia dela eta, Eusko Jaurlaritzak indartu egin du kontratazio publikoaren bitartez berdintasun politika sektorialak sartzeko prozesua. Aplikazio eremua EAEko sektore publiko osoa da, hau da, Administrazio Orokorra eta sektore publikoko erakundeak, eta kontratu guztietan du eragina, obratan,  horniduratan, zerbitzuetan… Horrez gain, kontratu bitartez ezartzen da emakumeen eta gizonen artean ordainketen aldetik diskriminazioa egoteko debekua.

Kontratazio organoek emakumeen eta gizonen berdintasunerako irizpideak sartuko dituzte kontratazio pleguetan. Horien ponderazioa, gutxienez, baremo osoaren %5ekoa izango da.

Baloratuko diren irizpideen artean hauek daude:

  1. Kontratua eskaintzen den epealdi osoan, erantzukizuneko, gerentziako edo koalifikazio maila altuko postuetako kideen %50 emakumeak direla bermatzea.
  2. Emakumeak kontratatzea, enpresak kontratuaren prestaziorako egiten dituen kontratazio berri guztietan (subrogazio beharra egonez gero).
  1. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun politikak eramatea aurrera kontratua gauzatzeko orduan:
  • Gizarte desabantaila egoeran dauden emakumeak kontratatzea: %33ko edo hortik gorako urritasuna, Diru-sarrerak bermatzeko errentaren edo gutxieneko gizarteratze errentaren jasotzaileak, genero indarkeriaren biktimak edo lan merkatura sartzeko zailtasunak dituztenak.
  • Kontratua gauzatuko duen lantaldeari Berdintasunari buruzko prestakuntza ematea (erakunde ofizial edo baimendu batek ziurtatua).
  • Gutxienez, Berdintasun alorrean 150 orduko prestakuntza duen pertsona kopuru jakin bat izatea.
  • Lanean sexu jazarpena eta sexuaren ondoriozko jazarpena prebenitzeko protokoloa izatea.
  • Bizitza pertsonala, lanekoa eta familiakoa kontziliatzeko neurriak ezartzea kontratua gauzatzen duen lantaldearentzat edo horren onuradunentzat, lehendik daudenak hobetzen badituzte: lan jardunaldia edo ordutegia malgutzea, telelanerako sistemak, adingabeen edo menpekotasuna duten pertsonen arreta erraztuko duten kontziliaziorako laguntza zerbitzuak, zerbitzu txekea, jantokiak, haurtzaindegiak, eguneko zentroak edo ludotekak…
  1. Lan arloko hobekuntzak aplikatzea kontratua gauzatzen duen lantaldean: lan eta soldata baldintzen gaineko hobekuntzak, Langileen Estatutuan edo sektore eta lurralde hitzarmen kolektiboan edo, hala denean, enpresaren hitzarmen kolektiboan, ezarritakoa gaindituz; aldi baterako kontratuak mugarik gabeko kontratu bilakatzea; eta jardunaldi partzialeko kontratuak jardunaldi osoko kontratu bilakatzea.

Kontratu publikoen administrazio klausulen pleguetan ezinbestean ezarri beharko da, esleipena jaso duten enpresetan emakumeen eta gizonen arteko ordainketa diskriminaziorik ez dagoela. Klausula hori kontratua formalizatzean gauzatuko da. Horrez gain, 120.000 €-tik gorako kopurua aurreikusten den kontratuetan, esleipena duten enpresek hau bidali beharko dute urtero:

  1. Kontratatutako pertsonen zerrenda izenduna, sexuaren arabera bereizita, pertsona bakoitzaren kategoria profesionala eta oinarrizko soldata gehi osagarriak, jasoko dituen erantzukizunpeko adierazpena.
  1. Enpresa kontratistaren Altan dauden Langileen Txostena (ALT-ITA) eta Kotizazio Datuen Txostena (KDT-IDC).
Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko