Berriak Segurtasuna
Eu

Eusko Jaurlaritza eta Arabako Foru Aldundia lankidetzan arituko dira Laudioko Ertzain-etxea eta Suteen Prebentzio eta Itzalketako eta Salbamenduko Zerbitzua hartzen dituen eraikina berritzeko

2019.eko martxoak 04

Sinatutako hitzarmenari esker, zenbait aldaketa egingo da higiezinaren kanpoaldean eta barrualdean

 

Laudio, 2019ko martxoaren 4a

Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak akordioa lortu dute Laudioko Ertzain-etxea eta Suteen Prebentzio eta Itzalketako eta Salbamenduko Zerbitzua hartzen dituen eraikina berritzeko. Arabako Foru Suhiltzaileen Organismo Autonomoak eta Segurtasun Sailak sinatu duten hitzarmenari esker, higiezinaren barrualdean eta kanpoaldean aldaketak egin ahal izango dira eta suhiltzaileen etxea zabaldu ahal izango da.

 

“Gaur betetzen dugu arabarren segurtasunaren aldeko apustu handia egin genuenean finkatutako erronketako azkena. Su Itzaltze eta Salbamenduko Eskualde Unitate guztiak 24 orduz martxan ditugu, Iruña Okan suhiltzaileen parke zentral berria dugu, eta, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailarekin egindako hitzarmenari esker, Aiarako Suteen Prebentzio eta Itzalketako eta Salbamenduko Zerbitzua berrituko dugu”, adierazi du Ramiro González diputatu nagusiak.

 

1989an bi erakundeek hitzarmena sinatu zuten Laudioko Ertzain-etxea eta Suteen Prebentzio eta Itzalketako eta Salbamenduko Zerbitzua hartuko zituen instalazioak eraikitzeko. Akordio horri luzapena eman zaio gaur, bi kidegoek haien zerbitzuak ahalik eta modurik onenean egin ahal izan ditzaten. Izatez, denboraldi batetik hona, bi kidegoek partekatzen duten eraikinak egitura-urritasun batzuk ditu, eta behar-beharrezkoa da eraikina birmoldatzea.

 

Hartara, egingo diren birgaitze- eta berritze-lanek eraikinaren inguratzailean (fatxadetan eta estalkietan) jardutea barnean hartzen dute. Esku-hartze integrala egin behar da estalkietan, egiturako pitzadurak konpondu behar dira, eraikinak oro har margotu behar dira, kanpoko espazioak margotu behar dira eta arotzeriako lanak egin behar dira —leihoetako arotzeria aldatu beharko da eraikuntzaren energia-efizientzia hobetzeko—. Horrez gain, Aiarako Kuadrillako Arabako Foru Suhiltzaileen Organismo Autonomoaren egoitzaren zona zabalduko da eta beharrezko aldaketak egingo dira Ertzain-etxearen zonan, Ertzain-etxea egokitzeko eta irisgarritasuna hobetzeko.

 

“Azken finean, Aldundiak eta Jaurlaritzak proiektu bakar batean hiru helbururi egiten diegu aurre. Hiru helburuak funtsezkoak dira eta garrantzi handiko proiektua da Aiara osorako, Laudiorako eta, dagokigun arloan, Sailerako eta Ertzaintzarako”, nabarmendu du Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburuak, “batetik, proiektu integral baten bidez, eraikina birgaitu nahi da. Baina, aldi berean, eraikinak barnean hartzen dituen zerbitzuak hobetu nahi dira, nola suteak itzaltzeko zerbitzuak, hala Ertzaintzaren zerbitzuak. Horrenbestez, eraikin horretatik Laudioko herriari eta Aiara osoari eskaintzen dizkiogun segurtasun publikoko zerbitzuak indartuko dira”.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Ramiro Gonzalez