Eu

Eusko Jaurlaritzak tokiko enpleguaren laguntzak bereziki ahulak diren eskualdeetara zabaldu ditu

2019.eko martxoak 04
  • Oarsoaldea, Meatzaldea eta Ezkerraldea
  • Hamar milioi euroko inbertsioa, aurten tokiko enplegu-planetara bideratutako 22 milioien osagarri gisa

 

VG 19-03-04

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur, bereziki ahulak diren zona eta udalerrietan enplegua sustatzeko tokiko ekintzetarako laguntzen hurrengo deialdia iragarri du. Laguntza horietara hamar milioi euro bideratuko dira eta, horrela, 2019ko ohiko deialdia osatuko da. “Helburua enplegu-ekintza estrategikoak sustatzea da, oraindik langabezia-kota pixka bat altuak dituzten lekuetan, udalerriekin batera, langabezia % 10etik behera jaisten laguntzeko; izan ere, hori da legegintzaldi honetan geure buruari proposatutakoa eta hori baita lurraldearen zati handi batean lortzen ari dena”.

 

Oarsoaldea Gipuzkoan eta Meatzaldea eta Ezkerraldea Bizkaian autonomia-erkidegoan langabezia-erregistro handiena duten eskualdeak dira, eta horietara bideratzen da Lanbidek kudeatuko duen deialdia. “Helburua da toki-eremu horietan enplegua sortzeko eta enpresa-jarduerako ekimenak sustatzen dituzten jarduketak bultzatzea, oinarrizko enplegu-arauan aurreikusten den bezala.

 

Artolazabalen hitzen arabera, 2020rako Euskal Enplegu Estrategiak “Euskadiko eskualde-errealitatea du abiapuntu, eta jarraibideetako bat eskualde guztietan enplegu-aukerak orekaz eskaintzeko garapen-jarduketak egitea da eta, horretarako, lurraldeko baliabide eta ahalmen endogenoak identifikatu eta aprobetxatzea eta, betiere, bertako biztanleen bizi-baldintzak hobetu nahi izatea, jarduera ekonomia sortzeko eta eskualde bakoitzeko enpresa-egituraren hobekuntza lehiakorrerako loturan oinarrituta. Aurtengo urtearen hasieran, 22 milioi euro baino gehiago bideratu genituen horretara, eta, orain, bereziki sendotu nahi dugu ekintza zona ahulenetan”.

 

Eskualdeak

2020rako Euskal Enplegu Estrategiak “eskualde” kontzeptua sustatzen du enplegu-politikei eta hari lotutako politikei dagokienez, plangintzarako, zerbitzuak ematean eskala-ekonomietarako eta enplegu- eta prestakuntza-aukeretan sarbidea izateko nahikoa dimentsio duten eskualdeak eratzen dituzten udalerri-taldeek eskaintzen dituzten sinergiak aprobetxatzeko.

 

“Euskadiko zona batzuetan langabeziak, oraindik, indize altuak ditu; beraz, enplegua sustatzeko tokiko ekintzetarako laguntzen aurreko deialdietan lan-merkatuan integratzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboen enpleguaren hobekuntzan izandako emaitza onek beste deialdi bat abiaraztea iradokitzen zuten, bereziki 2019-202 aldirako zona ahulenetara bideratua, 10 milioi euroko zuzkidurarekin”, esan du Artolazabalek.

 

Horrela, aintzat hartzen da 55 urtetik gorako langabeen kolektiboa kontratatzeko dagoen zailtasuna; horrek kolektibo hori lan-merkatutik behin betiko baztertzeko arriskua dakar eta, hori dela eta, kolektibo hori kontratatzea bultzatzen da. Gauza bera gertatzen da emakume eta gizonen artean lan-merkatuan dauden desberdintasunak eta desparekotasunak desagerrarazteko.

 

 

.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak