Berriak Osasuna
Eu

Gripea desagertu egin da Euskadin, tarteko jarduerako denboraldia izan ondoren

2019.eko martxoak 04

ESI bakoitzean zabaldu den kontingentzia-planaren eta profesional sanitarioen inplikazioaren bidez, gripe-jarduerari normaltasunez egin zaio aurre

Ia 374.000 txerto eman dira, nagusiki 65 urtetik gorakoetan; kolektibo horren % 58k hartu du txertoa

 

Euskadin gripea atalase epidemikoaren azpiko balioetara itzuli da; denboraldiaren gripe-jarduera ertaina izan da, eta jarduera maila oso altua 2019ko hirugarren astean baino ez zen gainditu. Azken aste honetan, jarduera-tasa 100.000 biztanleko 38,1 kasukoa izan da, eta atalasea 55,7koa da. Osasun Sailak eta Osakidetzak beharrezko baliabideen plangintzaren balioa nabarmendu dute, bai eta langile sanitarioen inplikazioa eta profesionaltasuna ere; izan ere, horien bidez, gripeari normaltasunez egin zaio aurre osasun-sistema publikoko osasun-zentro eta ospitaleetan.

Nahiz eta ofizialki gripearen denboraldia amaitzeko oraindik 12 aste falta diren, ondoriozta daiteke gripearen epidemia ia desagertu dela dagoeneko Euskadin. Osasun Sailaren eta Osakidetzaren Zainketa Epidemiologikoaren-Mediku Jagoleen Sareak orain arte eginiko balantzearen arabera, epidemiaren uhinak atalase epidemikoaren balioak baino handiagoa erregistratu ditu hamar astez. Igoera handiena 100.000 biztanleko 532,5 kasukoa izan zen; urtarrilaren 14aren eta 20aren bitartean erregistratu zen, eta, orduan, intentsitate-maila oso altua izan zen, baina, hala ere, denboraldiaren intentsitate-maila, oro har, ertaina izan da. Gainera ondorioztatzen da isolatutako birus guztiak A motakoak izan direla.

Denboraldiaren hasieratik, gripe egiaztatuagatiko 1.592 ospitaleratzeren berri eman da; 414k larritasun-irizpideak izan dituzte. Kasu larrienetako batez besteko adina 66 urte izan da, eta kasuen ia % 81ek arrisku-faktoreak zituen, alegia, 65 urtetik gorakoak ziren edo gaixotasun kronikoren bat zuten (arnasketakoa, kardiobaskularra, giltzurrunetakoa, onkologikoa, diabetesa, obesitatea…).

Era berean, 72 pertsona hil dira gripearen ondorioz konplikazioak izan dituztelako, guztiak arrisku-taldeetakoak. Iaz, 97 heriotza izan ziren kausa horren ondorioz, eta ospitaleratze larriak 446.

 

IA 374.000 TXERTO EMAN DIRA

Txertaketa-kanpaina  urriaren 24tik eta abenduaren 31ra bitartekoa izan da; 373.878 txerto jarri dira, alegia, aurreko kanpainan, 2017-2018an baino 1.935 txerto gehiago, eta, ondorioz, % 0,52ko igoera egon da. Txerto gehienak 65 urteko edo hortik gorako pertsonek eratzen duten arrisku-taldeari eman zaizkio, zehazki horien % 76ri, 285.335i. Kolektibo horren % 58ri eman zaio txertoa, aurreko txertaketa-kanpainan baino ehuneko puntu bat gutxiagori.

Bestalde, emaitza positiboa antzematen da profesional sanitarioen kolektiboari txertoa hartzeko egin zaion deian. Guztira, 8.539 txerto eman dira langile sanitarioen artean; kolektibo horren % 32k hartu du.

Osasun Sailak eta Osakidetzak nabarmendu egin dute txertoa segurua eta eraginkorra dela eta gripeari aurre egiteko modurik onena dela, osasun publikoko arazo nagusietako bat dela aintzat hartuta. Hori horrela, nabarmentzekoak dira profesional sanitarioek eginiko ahalegina eta beren inplikazioa, txertoekin arrisku-egoeran dauden herritar gehiengana iristeko. Aldi berean, herritar bakoitzaren erantzukizun indibiduala eskatzen dute, gaixotasun horretatik babesteko.

 

KONTINGENTZIA PLANAREN ZABALKUNDEA

ESI bakoitzeko zuzendaritza medikoek egin duten eguneroko segimendu zorrotzak eta etengabeak kontingentzia-plana izan du, eta, horrela, baliabideak beharrizanetara eta egoerara egokitu dira. “Plangintzako lanari esker, esan dezakegu epidemiari normaltasunez egin diogula aurre, lanarekin eta profesionaltasunarekin, bereziki Osasun Saileko eta Osakidetzako langileen aldetik. Horiei, bide batez, eskerrak eman nahi dizkiet, beren inplikazioagatik eta ahaleginagatik”, esan du Jon Darpón Osasun sailburuak.

Osakidetzako lehen mailako arretarako sareak 38.000 kontsulta baino gehiago izan ditu gripearen sindromeagatik. Eskari-kopuru handiena 2019ko hirugarren astean izan zen, gripearen jarduerak gora egin zuenean, eta, nagusiki, 0 eta 4 urte bitarteko tartean izan zen.  Aste horretatik aurrera, beherakada egon zen asistentziaren arretan, aurreko denboraldian baino askoz ere nabarmenagoa. Lurraldeen arabera, Bizkaiak erregistratu zuen kontsulta-kopuru handiena.

 

Vitoria-Gasteiz, 2019ko martxoaren 4a

 

 

 

3 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @VictoriaArmen14
    2019.eko martxoak 05

    Comentario de Twitter:
    RT @osakidetzaEJGV: #GRIPEA 🤒 Gripea desagertu egin da Euskadin, tarteko jarduerako denboraldia izan ondoren ➕ https://t.co/hy3UveEyJk

  • @damiguel77
    2019.eko martxoak 04

    Comentario de Twitter:
    RT @osakidetzaEJGV: #GRIPEA 🤒 Gripea desagertu egin da Euskadin, tarteko jarduerako denboraldia izan ondoren ➕ https://t.co/hy3UveEyJk

  • @OSIArabaESI
    2019.eko martxoak 04

    Comentario de Twitter:
    RT @osakidetzaEJGV: #GRIPEA 🤒 Gripea desagertu egin da Euskadin, tarteko jarduerako denboraldia izan ondoren ➕ https://t.co/hy3UveEyJk