Eu

Dopinaren Aurkako Euskal Agentziak 293 kontrol egin zituen 2018an eta 7 zigor-espediente ireki zituen, debekatutako substantziak erabiltzea egotzita

2019.eko martxoak 04
  • Bingen Zupiria sailburuak azaldu du 11 kontrako emaitza antzeman zirela, baina 4 kasutan kirolariek baimena zuten era orokorrean galarazita dauden substantziak erabiltzeko.

  • Kontrolak 13 kirol modalitate ezberdinetan egin ziren; misioen % 80 lehiaketa esparruan burutu ziren.    

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak eta Jarduera Fisiko eta Kirol zuzendari Jon Redondok Dopinaren Aurkako Euskal Agentziak 2018. urtean izan zuen jardueraren txostena aurkeztu dute. Eusko Jaurlaritzaren mende dagoen erakunde honek dopinaren aurkako 293 kontrol egin zituen iaz, laginak jasotzeko 60 misioren bitartez. 13 kirol-modalitatetan egin ziren kontrolak: misioen % 80 lehiaketen barruan eta % 20 entrenamendu edo kontzentraziotan. Debekatutako substantzien kontsumoa egiaztatu zuten kontrako 11 emaitza baieztatu ziren iaz; horietako 4ren kasuan, halere, aipatu kontsumoa baimendua zegoen.

“Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzaren konpromisoetako bat da dopinaren aurka borrokatzea kirol arloan. Gaitza honen kontrako tolerantziarik eza da gure konpromisoa eta, horretarako, geroz eta aintzatezpen handiagoa duen Dopinaren Aurkako Euskal Agentzia bezalako erreminta bat dugu Euskadin", aipatu du Zupiria sailburuak.

Eusko Legebiltzarrak Dopinaren Aurkako Legea aldatzea onartu zuen iaz eta, harrezkeroztik, araudiak berariaz jasotzen du Dopinaren Aurkako Euskal Agentziak duela dopinaren aurka Euskadin borrokatzeko eskumena. Espainian dauden mota horretako bi entitateetako bat da Dopinaren Aurkako Euskal Agentzia.

Dopinaren Aurkako Euskal Agentziaren xedea da 300 kontrol inguru egitea urtean, Estatu askoko nazio-mailako dopinaren aurkako agentzia askok egiten dituzten kontrolak gainditzen duen kopuru bat. Iazko 293 kontrol horiekin, 2017n baino kontrol bat gehiago eta 2016n baino 116 kontrol gehiago egin ziren. Izan ere, 2015. urtea da iazko kontrol-kopurua gainditzen duen bakarra (302 kontrol egin ziren). Misioen % 80 eta kontrolen % 88 kirol-lehiaketen barruan egin zen; misioen % 20 eta kontrolen % 12, lehiaketaz kanpo egin zen.

Honako hauek dira kontrol gehien izan dituzten modalitateak: arrauna, errepideko txirrindularitza eta errepideko atletismoa:                            

                                         Kontrolak                         Misioak

Errepideko atletismoa           39                                      8

Kross atletismoa                  15                                      3

Errepideko txirrindularitza    63                                       12

Ziklo-krosa                         23                                        4

MTB txirrindularitza              5                                         1

Triatloia                              6                                          1

Duatloia                              5                                          1

Kross duatloia                     5                                          1

Kross triatloia                     5                                          1

Fisiko-kulturismoa              12                                         2

Harri-jasotzaileak                2                                         11

Aizkolariak                          1                                          6

Arrauna                             91                                        20

 

Jasotako laginen % 86 gizonezkoenak ziren; % 14, aldiz, emakumezkoenak. Laginak jasotzeko bisitatu ziren ekitaldiei dagokienez, % 68 erkidego-mailako ekitaldiak ziren, % 23 nazioarteko kirol-ekitaldiak eta kasuen % 9an Estatu-mailako probak ziren.

Kontrako emaitzak

Iaz egindako 293 kontroletatik, 11 kontrolek kontrako analisi-emaitzak izan zituzten; hau da, 11 kasutan substantzia dopatzaileak antzeman ziren. Kasu horietatik lautan, halere, dopatzaile bezala jasota dauden substantziak hartzeko baimena zuen kirolariek (asmatikoen artea, esaterako, ohikoa izaten da). Beste kasu guztietan, dagokion zigor-espedienteak ireki dira.

1-2018 Espedientea.

Fisiko-kulturismoko proba batean izandako Kontrako-analisi Emaitza baten ondorioz hasi zen zigor-espedientea. Kalamua antzeman zen. Espedientea probaren arduradun zen AEKFF elkarteari igorri zitzaion, kirolariak ez baitzuen Estatu-mailako lizentziarik.

2-2018 Espedientea.

Fisiko-kulturismoko proba batean izandako Kontrako-analisi Emaitza baten ondorioz hasi zen zigor-espedientea. Heptaminol substantzia antzeman zen. Espedientea probaren arduradun zen AEKFF elkarteari igorri zitzaion, kirolariak ez baitzuen Estatu-mailako lizentziarik.

3-2018 Espedientea.

Fisiko-kulturismoko proba batean izandako Kontrako-analisi Emaitza baten ondorioz hasi zen zigor-espedientea. Diuretikoak eta anabolizatzaileak antzeman ziren. Espedientea probaren arduradun zen AEKFF elkarteari igorri zitzaion, kirolariak ez baitzuen Estatu-mailako lizentziarik.

4-2018 Espedientea.

Fisiko-kulturismoko proba batean izandako Kontrako-analisi Emaitza baten ondorioz hasi zen zigor-espedientea. Klenbuterola antzeman zen. Espedientea probaren arduradun zen AEKFF elkarteari igorri zitzaion, kirolariak ez baitzuen Estatu-mailako lizentziarik.

5-2018 Espedientea.

Fisiko-kulturismoko proba batean izandako Kontrako-analisi Emaitza baten ondorioz hasi zen zigor-espedientea. Diuretikoak eta anabolizatzaileak antzeman ziren. Espedientea probaren arduradun zen AEKFF elkarteari igorri zitzaion, kirolariak ez baitzuen Estatu-mailako lizentziarik.

6-2018 Espedientea.

Herri Kiroleko proba batean izandako Kontrako-analisi Emaitza baten ondorioz hasi zen zigor-espedientea. Klortalidona substantzia antzeman zen. Euskadiko Herri Kirol Federakundeak AVA-DAEA agentziari igorri zion espedientea. Kiro Justiziako Euskal Batzordean dago egun espedientea.

7-2018 Espedientea.

Errepideko atletismoko proba batean izandako Kontrako-analisi Emaitza baten ondorioz hasi zen zigor-espedientea. Meldonium substantzia antzeman zen. IAAF eta AEPSAD erakundeak jakinaren gainean jarri ziren. Ebazpen-fasean dago egun espedientea.

Fisiko-kulturismoa

Hala, aurreko espedienteetako bost fisiko-kulturismoko proba bakar bati lotuta daude. 2018. urtean diziplina honetan egin ziren lehen aldiz dopinaren aurkako kontrolak, Dopinaren Aurkako Euskal Agentziak eta AEKFF-Euskadi (International Federation of BodyBuilding and Fitness) elkarteak sinatu zuten akordioaren emaitza izan ziren. Proba hura ekainean egin zen eta egindako 12 kontrol horien artean, 5 positibo horiek antzeman ziren. Ondoren, eta AEKFF-Euskadirekin sinaturiko lankidetza-akordioari jarraiki, Dopinaren Aurkako Euskal Agentzia urrian antolaturiko lehiaketa batera bertaratu zen. Lehiaketa, baina, bertan behera geratu zen, parte-hartzaile gehienek parte hartzeari uko egin baitzioten dopinaren aurkako kontrolak egingo zirela jakin zutenean.

Aipatu kontrako 11 emaitzez gain, ezohiko 16 analisi-emaitza egon ziren iaz. Horien ondorioz, analisi osagarriak egin behar izan ziren beren jatorri exogenoa baztertzeko. Kasu bakar batean baino ez zen jatorri exogeno hori antzeman eta lagin horrek beste substantzia batzuen ondoriozko emaitza positiboa emana zuela aintzat hartuta, zigor-espedientea ireki zen.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak